Orduan atera izan bagina

Errepublika Baltikoarren independentzia esplikatzen ari nintzen hitzaldi hartan, entzule batek eskua jaso zuenean: «Bai, baina Soviet Batasuna hondoratzen ari zen». Eskura jarri zidan arrapostua: «Espainia ere ez al dago, bada, ongi hondoratua, usteldua, pipiak janda? Zer froga gehiago behar duzu Espainiaren baitan jarraitzeak guretzat suntsiketa erabatekoa baino ez dakarrela ikusteko?».

Egoera berbera, jarduera ezberdina; herri emantzipatuak erantzun bat ematen dio, eta herri lokartuak beste bat. Emaitza txarrak guretzat.

Parekotasun beretsua dute, gaur, Bartzelona eta Gasteizko parlamentuek botere banaketari dagokionean. Katalunian independentistek duten bozka kopuru (eta nazionalista espainiarrekiko alde) beretsua dute euskal alderdi abertzaleek, baina han, PP eta PSC baztertuz independentzia ezartzeko puntura iritsi direlarik, hemen gure politikako gauza garrantzitsuen erabakimena PP eta PSEren esku utzi dute, ezberdinen arteko harremanen falazia irentsita. Egoera berbera, jarduera ezberdina; emaitza txarrak guretzat.

Alabaina, izan zen garai bat 2012an, krisiaren gogorrenean, ikara larri batek gure bihotzak jo zituenekoa. Gure arteko zutabelari asko izan ziren (Andoni Egaña, Maddalen Iriarte, Javier Vizcaíno, Jon Azua, Alots Gezuraga, Xabier irujo) aldarrikatu zutenak Espainiatik lehenbailehen ateratzea hobe genukeela, eta kanpoko batzuk (Salvador Sostres, Iñaki Gabilondo), ikara agertu zutenak gerta zitekeenaz. Politikoen ahotan ere ibili zen ideia. Baina PNV encaje berri baten bila abiatu zen, independentzia desencaje bat dela ahaztuta, eta ezker abertzalea ideien gatazka demokratikorako prestatu zen. Biak ala biak Espainiaren marko menderatzailean kokatutako ekimenak.

Orain datoz lantuak eta ezintasunak. Iñigo Urkullu triste, Raxoyk ez diolako erantzun ere egiten; Pernando Barrenak egia latza aldarrikatu du, Espainiak ez omen du guretzat eskaintza demokratikorik, eta ez omen du izango inoiz. Zein zirkunstantzia bereziren zain dago herri hau, Espainiatik bereizten hasi behar duela erabakitzeko? Zeren zain?

Hitzaldiak leku zoragarriak dira jendeak pentsatzen duena entzuteko. Eta ideia bat nagusitu da aspaldian: gure politikoek ez dutela ezertarako balio. Oztopo eta zama direla edozein mugimendu eta aurrerapen kausitzeko. «Noiz hasi behar dute politika egiten eta gauzak lortzen?», galdetzen dute, «denbora galtzen ari gara, eta jendea aspertzen, frustratzen». Alkate izandako bati entzun nion esaten gai nagusiekin politikoek ez dakitela zer egin, eta uzteko herri honi bere bidea garatzen, dedika daitezela kudeaketan zorrik ez lagatzera, eta kitto.

Herri hau egonkortasun estrategiko jarraitu bat erdietsi ezinik dabil. Alderantziz izan beharrean, gero eta gehiago agertzen zaigu Euskal Herria Espainiaren (eta Frantziaren) zati bezala, eta Madril gure proposamenak aurkeztu beharreko ezinbesteko abiapuntutzat: Kongresuaren aurrean euskal politikoek ateratzen dituzten argazki tristeak horren adibide, berriki Trebiñuren integrazioa eskatuz egin dutena, esate baterako. Eta harrigarriena da argazkiko gehienak irribarrez agertzen direla, euren menpekotasunaz harro baleude bezala.

Konplexuz beterik gaudela, Stockholm-eko sindromeak jota, zioen beste batek: hedabide abertzaleetan unionista sutsuei, espainiar nazionalista gotorrei aspaldian eskaini zaien espazioa adibide; GAL-eko sortzaile baten liburuaren promozio lotsagabea kasurik larriena.

Euskal Herria euskal hedabideetatik desagertu da. Katalunian ez bezala, non interes nazionalaren araberako politika komunikatibo bat landu duten, hemen agenda informatibo espainola jarraitzen dute. Kapital espainola duten hedabideei suposatzen zaiei eginahala, baina euskal hedabide publikoek zein pribatu-abertzaleek gauza bera egiten dutela ikustea egunero tristura handia sortzen duen akatsa dela deritzot.

Egun normal batean burutu nuen ikerketaren arabera, iritzi artikuluen %85etan Espainiako gaiak eta pertsonaiak aipatzen ziren. Lurralde zatiketa gure kazetariek bizi-bizi mantentzen duten paradigma da: Nafarroaz ez zaigu ezer kontatzen inon, kasik bertara joan behar duzu, Gaztelu enparantzan kafe bat hartzera; Iparraldea… Ai Iparraldea, non zegoen? Teleberrietan, berriz, inguruko pare bat albisteren ondoren berehala entzungo duzu: «Lau pertsona hil dira sute batean… Sevillan». Donostiako ez dakit zer kontatu ondoren, «istripu larria izan da Medina del Campon». Espainiako probintzia gisan erakusten da Euskal Herria euskal telebistan.

Akzioa-errepresioa-akzioa zena gaur ilusio-frustrazio-ilusio bilakatu da, Gure esku dago Kilometroak-en gisan urtean behingo ekitaldi bilakatu den honetan, kanpo-eder, barren-huts. Estetika baino ez du hartu Kataluniatik; non daude han ibili diren milaka bolondres, herriz herri, independentziaz pedagogia egiten? Eta ideiarik makurrena orain sozializatu da: indar metaketaren garaian euskarak berak enbarazu egiten duela eta isildu behar ditugula bere aldeko exijentziak. Normalizazioaren izenean gure nortasunaren ezaugarri guztiak baztertzen ari gara, zalantzarik bazegoen ere zeinen herri desideologizatua garen.

Hau ez dela normalizazioa, baizik eta entregismoa, entzun nion urte askotan borroka arriskutsuetan ibili den bati, eta hitzaldi aretoa bat etorri zen azken ondorioan: ez genuela normalizatuak izan nahi Espainiako sistemaren barruan.

Hiru urte hauetako kronika… Orduan atera izan bagina, gaur estatuen arteko negoziazio bat martxan egongo zen, euskal presoak askatzeko. Euskal estatuak baldintza ekonomiko batzuk adostuko zituen Espainiako eta Frantziako estatuekin. Gauza konkretuak lortzen dituzten presidenteen argazkiak ikusiko genituen; utzi argazki eta ekitaldi sinbolikoak Arte Ederretako performance zaleentzat.

Hiru urte daramatzagu hainbeste miresten dugun Kataluniak egiten dituen gauzen aurkakoak eginez, eta ohartu ere egin gabe. Geure kalterako. Integrazio berri honen lupetzetan oinak gero eta gehiago hondoratzen ditugun minutu bakoitza izango baita gure kalterako.

Berria