ETAkoek euren jardun nagusia gelditu egingo dutela erabaki ondoren, erdi ezkutuan borrokatzen ziren beste bataila-gai batzuk hartu dute lehentasuna eragile politikoen gai-zerrendetan. Horien artean, gertatutakoaren narrazioa. Nork idatziko du gertatutakoaren historia hurrengo belaunaldikoentzat?
Historia, irabazleek idazten dutela beti esan ohi da. Gaur egun, ordea, idazteko, idatzitakoa zabaltzeko eta bertsio guztiak gure ordenagailuetan maila berean azaltzeko Internetek ematen duen erraztasunari esker, denek idatziko dute historia, nork bere bertsioa. Gainera, bataila honetan, oraingoz bederen, badirudi ez dagoela ez irabazle garbirik ez galtzaile argirik.
Oraingo bataila “handi” hau ez dute irabaziko narrazio dotoreena, loratuena, arrazoizkoena edo “egiazkoena” egiten dutenek, gertatutakoa testuinguruan egokien txertatzen dutenek baizik. Batzuentzat, Errepublikari egindako estatu-kolpearen garaian, Frankoren diktadurapean eta ondorengo erregimen politiko ez demokratikoan bizirik irauteko, Euskal Herriak egin duen erresistentzia “epikoa” izango da; beste batzuentzat, ordea, dena izango da terrorismoa.
Gure historiaren narrazioa gertakari horietara mugatzeak, ordea, Euskal Herriaren historia murritza kontatzera kondenatzen gaitu halabeharrez, karlistaldietara luzatuz gero ere bai. Horiek denak gure historiaren parte dira, baina, ez karlistek, ez Sabino Aranak, ez ETAk ez diote Euskal Herriari estatuaren berreskurapena ekarri. Izan ere, estatu independentea izan ginen. Nori egiten dio mesede hori ukatzeak?, ahazteak?, ezkutzatzeak?
Beñi Agirre. Euskara irakaslea





