Hizkuntzan edo historian oinarritutako nazionalismoa «partziala» dela egotzi digu oraindik orain Andoni Olariagak (500 urte estrategiarik gabe, Gara, 2012-03-11). Badirudi nazio-identitatearen osagarri guztiak aldi eta neurri berean gara daitezkeela, elementu guztiak (linguistikoa, sozio-ekonomikoa, historikoa, lurraldea…) modu orekatu eta perfektuan artikulatuz eta onduz. Egon, ordea, ez bide dago horrelako nazionalismo-eredurik inon. Beti gailendu dira identitate-elementu batzuk besteen gainetik. Horietako baten batek edo baten batzuek gidatu izan dute beti nazio eraikuntzaren zer-nolakoa.
Zertaz ari garen jakiteko, Olariagaren hitz batzuk landatuko ditut hemen: «Urteak daramatzagu independentismoa antolatuko duen diskurtso oso eta koherente bat eratu nahian, eta oraingoz saiakera guztiak partzialak izan dira: historizismo nafarra, nazionalismo linguistikoa… Ez batak ez besteak ez du lortu herri honek behar duen guztiontzako artikulazio bat ematea (baina esan behar da, baita ere, bidea zabaldu dutela), motibazio edo borroka partikular bat hartu eta bere gain hartu nahi izan baitute diskurtso independentista eratzeko ardura osoa. Horrek ez du zentzurik gehiago; efikaza ez izateaz gain, denbora galtze nabarmena da. Artikulazio politiko batez ari garen heinean, motibazio politiko guztiak bilduko lituzkeen formulazio bat behar dugu, hain zuzen, motibazio bat edo bestea aldez aurretik eta a priori besteen gainetik jarriko ez duena. Izan ere, independentismoa beste ezeren gainetik proiektu politiko bat denez, asmo politikoak edo nahiak determinatzen du maila formal batean; gero, maila materialean, objektuak, zer nahi izanak».
Ni ez naiz historian oinarritutako nazionalismoaz jardungo. Bide batez, ordea, galdera bat egitea zilegi bekit: historian oinarritutako nazionalismoa zergatik hartu du begitan gure arteko zenbaitek? Biziki adierazgarria egiten zait iragana, oraina eta etorkizuna tankan itxitako konpartimendu gisa hautemateko daukaten egoskorkeria. Nazio larrutu gisa gertatu zaiguna, gertatzen ari zaiguna eta gertatuko zaiguna ez ote daude ba elkarrekiko harreman estuan?
Nolanahi ere, neure aldetik nazionalismo linguistikoaren aldeko argudio batzuk ondu nahi nituzke nik hemen, nazionalismo orok ezinbestez nazio-elementu batzuk edo besteak lehenesten eta hobesten dituela uste dudalako.
Lehenik eta behin, Juan Carlos Morenoren baimenarekin, esan dezagun «nazionalismo linguistiko» oro ez dela nahitaez gaitzesgarria, Espainiarena eta Frantziarena hala baldin badira ere. Bada, jakina, nazionalismo linguistiko inperialista franko munduan barrena, baina bada, orobat, gizateriaren hizkuntza eta kultura aniztasuna aldezten duen hizkuntza-nazionalismo ekologiko eta askatzailerik ere jatorrizko herri minorizatuen aldetik. Esan nahi nuke, halaber, nazionalismo linguistikoaren behar gorria hiztun-herri ukatuen eta zapalduen eremuan dagoela batez ere, ingelesa ikasteko eta erabiltzeko, adibidez, ez baita behar nazio-motibaziorik modu esplizituan bederen. Horregatik, hizkuntzaren nazio-estatus gabeziak eta erabilera-balio sozialik ezak garamatzala euskararen aldeko nazionalismora. Hizkuntzen merkatu-lehian euskarak zer egin sozialik eta balio komunikatibo askirik balu, euskaldunok ez genuke horretara zertan jo. Ezta euskara eta nazio-identitatearen arteko lotura garatzeko premiara ere. Gertatzen zaiguna gertatuta, ordea, ez daukagu beste bide sendorik: hau da, besterik ezean eta hobe beharrez, euskararen herria bere ataka minorizatutik ateratzeko makulu sendoagorik ez dugu aurkitzen.
Gatozen orain Andoni Olariagaren auzira, atariko ohar horiek eginda. Euskara lehenesten duen nazionalismo mota partziala omen da. Alabaina, deiturak deitura, «motibazio politiko guztiak bilduko lituzkeen formulazio bat» ez ote litzateke partziala izango? Olariagak benetan sinesten ote du nazionalismo orekatu eta idealean? Elementu guztiak, euskal hizkuntza eta kultura barne, modu osagarrian eta aberasgarrian artikulatuko dituen nazionalismo batean? Sineste kontuak gorabehera, ordea, nazionalismoen historian nekez egiaztatuko du halako eredu amesgarririk. Ezagutzen ditugun nazio-eraikuntza guztietan naziotasunaren osagarri batzuk gailendu izan dira beti, eta gainerakoak ez dira haien mirabe besterik izan.
Guk dakigula, klase-arazoa lehenesten duenak nazionalismo soziala eta ekonomikoa aldezten du oroz gain. Genero-arazoa hobesten duen feminismoak emakumearen estatusa irauli nahi du bereziki. Lurralde-nazionalismoa lehenesten duenak beste ezeren aurretik nazioaren espazio geografikoa du xede. Historian oinarritutako nazionalismoak, gurean, nazio modernoaren aurrekari zuzena izan zen Nafarroako Erresuma du erreferentzia nagusia egungo egoera nazionala ulertzeko eta lantzeko. Nazionalismo linguistikoa aldezten dugunok euskararen herria dugu gure jardunaren erreferentzia nagusia, ez ordezkapenak eta asimilazioak larrututako egungo Euskal Herria.
Olariagaren nazionalismoak elementu eta faktore horiek guztiak eta gehiago bildu nahi lituzke bere baitan, baina jakinaren gainean edo oharkabean estali eta ezkutatu egiten dizkigu de facto gailenduko diren identitate-elementuak. Jakina, teorian asmoa ideala da, nola ez bada? Baina praktikan ez du deus orekatik. Hain zuzen, egungo nazio-egoeran nagusi diren ideologiak eta hizkuntza-praxiak gailenduko direlako ezinbestez independentziaren aldeko balizko nazio-proiektuaren garapenean.
Azken hamarkada luzeetan ez ote gara ba horrexen lekuko izan? Egungo euskararen herri ohitik abiatuta ez dago independentziarik eta askatasunik euskararen herriarentzat, euskaraz bizi nahi dugunontzat, hizkuntza eta kultura arrotzean goxo bizi diren abertzaleentzat ez baldin bada.
Gure nazionalismo «partzialaren» aldeko borroka antzua eta denbora galtze nabarmena baldin bada Olariagarentzat, zer egingo dugu ba.
Hala eta guztiz ere, nahiago dugu euskaraz eta euskaratik eraikitako nazio baten aldeko saiakera alferrean tematu, balizko independentzia politiko arrakastatsuan lehiatu baino. Esan bezala, ez dugu egungo euskal nazioaren egoerari darion «borondate» politikotik sor daitekeen askatasunean sinesten, gauzak errotik aldatzen ez badin badira behinik behin.
Eta gauzak errotik aldatzeko, berriz, mundu abertzale zabalak Euskadin bereganatzen dituen ehunka mila boto sinboliko horien praxi linguistikoa eta kulturala aldatu behar du erabat, balio sinbolikoa izateaz gain praxi-eskakizun erreal eta koherente bat beregana dezan zorioneko «borondate» politikoak. Gainerakoan, hau guztia ez baita simulakro bat besterik izango. Heteronomia nazionala.
Berria









