Iaz bezala, nafar edo euskal kulturan zentratuko da azoka. «Beste kulturak ere izango dira, baina gurean zentratuta. Helburua da, kultura ezberdinen barruan euskal kultura eta nafar identitatea uztartzea», azaldu dute Hernani Errotzen Taldeko kideek. Hori lantzeko izango dira, erakusketak, hitzaldiak, musika…
Andaluzia, Asturies, Galiza, Herrialde Katalanak… Herrialde horietako produktuak eskura izango dira ostiraletik igandera Tilosetan, kulturen arteko azoka antolatu baitu Hernani Errotzen Taldeak. Eta bereziki, nafar edo euskal produktuak izango dira, nafar kulturan zentratuko baita azoka. «Beste kulturak ere izango dira, baina gurean zentratuta. Helburua da, kultura ezberdinen barruan euskal kultura eta nafar identitatea uztartzea», azaldu diote Kronikari Beñi Agirre eta Iñigo Gallartzagoitia Hernani Errotzen Taldeko eta Nabarraldeko kideek. Helburu horrekin, kulturgune berezia izango du nafar kulturak eta bertan izango dira: erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, antzerkiak, musika emanaldiak…
Herriko elkarte eta
taldeekin, elkarlana
Kulturen arteko azoka, iaz egin zen lehenengo aldiz Hernanin eta arrakasta izan bazuen ere, gehiago zabaldu nahi dute antolatzaileek. «Iaz esperimentua izan zen, oso bitarteko gutxirekin antolatu zena. Urtetik urtera gehiago zabaldu nahi dugu eta herriko jendea gehiago inplikatzea lortu nahi dugu. Helburua da nafar identitatearen mezua zabaltzea, ahalik eta herriko talde eta norbanako gehienek parte hartuta». Iaz Hernaniko taldeek ez zuten parte hartu, baina norbanakoek bai. Esaterako, Andoni Tolosa Morauk, eta aurten ere bertan izango da.
Aurten bai, hainbat taldek parte hartuko dute eta antolatzaileak gustora dira: San Joan Konpartsak herri dantzak eskainiko ditu, Hernani Musika Eskolak azoka girotuko du herri musika bidez, Sebastopoleko Titiriteroek kale antzerkia eskainiko dute, eta Banaizbagara elkarteko kideek ere parte hartuko dute. Igandean postutxo bat izango dute eta euskera ikasteari lotutako hainbat produktu salduko dituzte, besteak beste. «Oso interesgarria iruditu zaigu etorkinak gure nortasunaz jabetzeko», azaldu dute Banaizbagara elkarteari begira, Hernani Errotzeneko kideek. Horrez gain, azpimarratu dute Hernaniko Udalak egitasmoa babestu izana, bai iaz eta baita aurten ere.
Ardo dastaketa gidatua
Azokan, tabernatxo bat egongo da bertako produktuekin, hala nola, Bargota herriko Biurko Gorri ardoa, Pagoa euskal garagardoa, Idoki elkarteko zuku naturalak, infusioak…Bertako jana eta edana izango da eta ardo dastaketa gidatua antolatu dute larunbatean. Eneritz Sagardui iruñarrak gidatuko du. Izena emateko zerrenda, tabernan bertan egongo da.
KULTUREN ARTEKO AZOKA TILOSETAN – EGITARAUA:
URRIAK 21, ostirala
18:00 Kulturen arteko azokaren irekiera:
Andaluzia, Asturies, Galiza, Herrialde Katalanak, Nafarroa
18:30 Erakusketa iraunkorra: ‘Konkistak eta txanponak’
19:00 Ikus-entzunezkoa: ‘Gipuzkoaren jatorria’.
Aurkezlea: Jexux Agirresarobe.
20:00 Kantaldia: Petti
(Bera, Nafarroa Garaia)
URRIAK 22, larunbata
11:00 Kulturen arteko azokaren irekiera:
Andaluzia, Asturies, Galiza, Herrialde Katalanak, Nafarroa
12:00 Ikus-entzunezkoa: ‘1512, Nafarroaren konkista’. Aurkezlea: Beñi Agirre (Nabarralde)
13:00 Ardo dastaketa euskal produktuak uztartuz.
Dastatze-maistra: Eneritz Sagardui
13:15 Herri dantzak: Hernaniko San Joan Konpartsaren eskutik
17:00 Haur-antzerkia: ‘Arrain herriaren memoria galdua’
19:00 Kantaldia: Joseba Irazoki (Bera, Nafarroa Garaia)
20:30 Diaporama: ‘Udaberriko liliak’ (Argazki bilduma)
URRIAK 23, igandea
11:00 Kulturen arteko azokaren irekiera:
Andaluzia, Asturies, Galiza, Herrialde Katalanak, Nafarroa.
Herri musika soinuekin girotuta (Hernani Musika Eskola)
12:00 Hitzaldia: ‘Orreagako batailak’. Hizklariak: Anjel Rekalde-Beñi Agirre (Nabarralde)
13:00 Kantaldia: Jean Bordaxar Laukotea (Maule-Lextarre, Xiberoa)
17:00 Kale-antzerkia: Sebastopoleko Titiriteroak (Hernani)
18:30 Hitzaldi musikatua: Andoni Tolosa `Morau´ (Hernani)
ERAKUSKETA:
XVII. mendean, Hernaniko kontzejuak Espainiako erregeari bidalitako dokumentua
Hernani Errotzen Taldeak eta Udalak erakusketa antolatu dute (urriak 26-azaroak 8) 1512ko Nafarroako konkistari buruz eta XVII. mende erdialdean, Hernaniko kontzejuak Espainiako erregeari (Felipe IV) bidalitako dokumentu bati buruz. Dokumentua idatzia izan zen elizaren patronatua eskatzeko eta hori lortzeko, hernaniarrek zein ekintzetan parte hartu duten azaltzen da dokumentuan, betiere Espainiaren alde. Anakronismo eta moldaketa ugari izanda ere, dokumentuak erakusten du hernaniarrak Orreagako gudara joan zirela (778 urtea), eta Beotibarko batailan (1321) eta Nafarroako erresumaren konkistan (1512) parte hartu zutela, besteak beste.