Klabe nafarra

Euskaldun guztiok gure nafartasuna ulertu eta onartu arte ez dugu ezer ere lortuko nazio modura. Sabinismoa, ezkerrekoa zein eskumakoa, larrialdi zerbitzuetan dago aspaldi, ez du gehiagorako ematen eta instituzioen diruak, edo nostalgia iraultzaileak, mantentzen dute erdi bizirik.

Ez da soilik nafartasuna dela gatazka politikoa trabatzen duen korapilorik handiena, lurraldetasuna, konpontzeko dagoen proposamen serio eta errealista bakarra. Ikerlariak konturatzen hasi diren legez, geure burua ulertu eta garatu ahal izateko ezinbesteko oinarria da.

Ekonomian, unitate produktibo minimorako giltza da; euskal sozialismorako, egun erabilgarria den jabetza eta esplotazio eredu kolektibista autoktono bat eratu zuen; urbanismoan, uriola, sikate eta komunikazio arazoak aurreikusteko paisaia irakurketa zientzia bihurtu zuen; bakegintzan, armadarik gabeko estatua izan zen; izpiritualki, jentil eta mairuz betetako ipuin eta lekuak nafar estatu paganoaz mintzo dira; eta euskarari dagokionean, euskalkiak ulertzeko era bakarra nafartasunetik begiratzea da.

Bertsolari legez, azkenetik hasiko naiz, inoiz garaitikoak jorratzeko.

Koldo Zuazok zuzen dio, Hegoaldean, mendebaldeko eta ekialdeko euskara XIII. mendean hasi zirela banatzen. Hots, Gaztelak mendebaldea konkistatu zuenean. Chomskyk erakutsi zigun zein den hizkuntza eta dialektoaren arteko aldea: armada. Armada baduzu hizkuntza duzu; bestela, dialektoak. Eta armada esatean administrazio egitura bateratua dio. Zenbat administrazio hainbat euskalki-k esaera zaharra behar luke. Eta Mitxelena euskara batu zaharraz mintzo zenean Nafarroaz, euskal estatuaz, mintzo zen. Euskara batu zahar hori 408. urtean hasi zen eratzen. Honorio enperadoreak Iruñeari aliatu titulua eta defentsarako legezkotasuna nahiz autoritatea transferitu zizkionean. Baskoitze berantiarraz mintzo direnek ez dute gutun horrek eragindako prozesua ulertu. Erromaren erorketan, defentsa dezentralizatuaren antolakuntza Europako lehen kultur mapa da.

Nafarroaren aurretik? Barojak gens bidezko administrazioa zegoela ondorioztatu zuen gaiaren gaineko ikerketarik sakonenean. Ondorioz, gens adina euskalki egon ziren.

Berria-k argitaratua