Orain artean genetika, euskara, kultura… izan dira hemen herri bat badela eta subjektu politikoa dela argudiatzeko erabili izan ditugun diziplinak. Argi dago jada, horrela erakutsi dugu, euskaldunok identitate propioa dugula, berezia, gurea, ez hobea ez okerragoa, gurea baizik. Horregatik, Euskal Herria – Nafarroa zatituta eta euren kolonia gisa jarrai dadin metropoli-estatuen alde borrokatzen dutenek gogor erasotzen digute identitateari buruz mintzo garenean. Ez dute nahi. Ez zaie interesatzen. Ez frantsesei ez espainiarrei.
Nafar Estatua egitura politikoaren barruan herri hau independentea izan dela erakutsi digute historialari berritzaileek. Horrez gain, egitura politiko hura, Erdi Aroan gertatu izanagatik ere, baskoien herriari kohesioa eman eta gaur egunera arte dirauen estatu propioa izateko egarria asetzeko biderik egokiena dela erakutsi digute. Frantziak eta Gaztelak, mendeetako eraso bortitz eta biolentoen bidez baskoien lurraldea inbaditzen eta euren pean jartzen aritu direla erakusten digu historiak. Zatiketaren aldekoek, berriz, euskaldunok estatu propioa eta Europan aitortua izan genuela ezkutatzen aritu dira. Ez dute nahi gure historia ezagutu dezagun, ez zaie interesatzen.
Horiek guztiak mahai gainean izan ditugu, ditugu egun ere. Horiek guziak baliatuz argudiatu izan dugu herri honek estatu propioa izateko eskubidea baduela eta gainera, komeni zaiola. Orain, metropoli-estatuak egoera ekonomiko larrian dauden honetan, bideragarritasun ekonomikoa gehitu behar zaio aurreko argudio zerrendari. Beraz, ekonomilarien txanda da. Gaur egungo ekonomia globalizatuan, Euskal Herria – Nafarroa bezala ezagutzen dugun entitate ekonomiko, politiko, kulturalak Europako eta munduko ekonomian bideragarritasun egokia ote duen jakin behar dugu. Bortxaz osatutako exagono eta penintsulako estatu sasi-nahasien barruan baino bideragarriagoa den ala ez jakin nahi dugu. Estatu zahar horiek guretzat dakarten zama ekonomikoa ezagutu nahi dugu. Haiek guk jakiterik ez dute nahi izango, ez zaie interesatuko; guri, ordea, bai. Guk jakin behar dugu, beraz, ekonomilarien txanda da.









