Independentzia eta Iparraldea

Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapena agertzen da herri honetan eguzkia bezala: batzuetan lehen planoan, bestetan itzalpean. Azkenaldian ez al da ari berriz agertzen, laino ilunen artetik? Gure Esku Dago-ren giza katearen arrakastaren gibelean, herri aske izateko gogo bizia islatzen da. Funtsean, erabakitzeko eskubidea eskatzen zen, baina ez ziren 150.000 lagun bilduko, zerbaitez erabakitzeko beharrik sentituko ez balute edo orain arteko egoera politikoan jarraitu nahi balute.

Euskal Herriak erabaki nahi du. Zertaz, ordea? Independentziaz? Autonomia zabalago batez? Hego Euskal Herri osorako? EAErako bakarrik? Alderdi eta agintari politikoek ez dute erantzun garbirik ematen. Ez da ageri bide-orririk, oraingoz; are gutxiago norabide adosturik. Bizkitartean, herri mugimendutik sortu den ekimen ikusgarri horrek erantzunak eskatzen ditu. Batzuk hasi dira beren proposamen eta iritziak plazaratzen. Eta eztabaidaren muina Zazpiak Bat tabuan dago.

Ipar Euskal Herritik begiraturik, baikorra ala arriskutsua izango litzateke Hego Euskal Herri osoak edo zati batek independentzia lortzea? Zazpiak Bat-i uko egitea? Bi estaturen menpe egoteak anitz konplikatzen du denek batera independentzia lortzea, are gehiago, ikusiz zein diren indar harremanak leku batean eta bestean. Ez dut uste Iparraldeko abertzaleak kexatuko liratekeen Hegoaldeak independentzia lehenago lortuko balu; euskal estatu bati ezin diogu aterik itxi Iparraldetik, denek batera lortu behar dugulakoan. Denek batera lortzeko helburua badugu, ez gara sekula helduko.

Funtsean, 70eko hamarkadan, Ipar Euskal Herriak lasai egon behar omen zuen, Hego Euskal Herria laster askatuko zela itxaronez; gero lagunduko omen zuten Iparraldea. 1998an autodeterminazioaren gaia pil-pilean zegoenean, hainbati onartezina zitzaien lurralde zatiketa aintzat hartzea; beste batzuek prozesu asimetrikoaren alde egin zuten.

Hegoaldean euskal estatu bat sortuko balitz, Iparraldearentzat eredu eta erakargarri izan liteke. Aldi berean, ordea, Frantzia are gehiago jarriko litzateke defentsiban. Garrantzitsuena da zehaztea nola diseinatuko litzatekeen euskal estatu hori, eta baita ere horra iristeko bidea. Halaber, kontu handiz pentsatu behar da zein izen hartuko lukeen. Azken hamar bat urte horietako bilakaeraren arabera jarraituz gero, kezkatzeko arrazoiak genituzke Iparraldetik: EAEk gero eta protagonismo gehiago hartu du, eta Ipar Euskal Herria gero eta baztertuago edo ahantziago bezala dago, denen partetik. Gisa horretan, EAEk independentzia lortzearen arriskua litzateke bi eremuen arteko amildegia handitzea.

Gaur egungo indefinizioaren alde ona da dena dagoela eraikitzeko. Zein herri proiektu? Nola lortu? Zein erritmotan? Gogoeta fase hori ez litzateke izan behar alderdi politikoen esku bakarrik. Herritarrek parte hartzeko gogoa erakutsi dute, eta hitza eman behar zaie. Baina prozesu horretan Euskal Herri osoko herritarrek parte hartu behar dute. Ezin dute gipuzkoarrek eta bizkaitarrek erabaki zazpien partez. Denen artean hausnartu beharko da nolako herria eraiki nahi dugun. Euskal estatua eremu batekoa edo bestekoa izan, hasieratik garatu behar dira zazpi herrialdeen arteko harremanak. Hori egiten bada, balizko euskal estatu baten eta Ipar Euskal Herriaren arteko loturak sendoagoak izanen dira, eta orduan bai, Iparraldearentzat baikorra izan daiteke. Bestela ez.

Duda dut, ordea, NBEk onartutako estatu bat lortuko dugun epe motz eta ertainean. Baina gure nazio erakundeak sortuz eta garatuz eraiki dezakegu herri hau, muga ofizialen gainetik.

 

Berria