Euskarazko wikipediak 20 urte, euskara eta internet. Estatistika baikorrak?

CC-BY-SA 4.0 Iñaki LL

20 urte igaro dira 2021eko abenduan Euskarazko Wikipedian lehendabiziko edizioa egin zenetik. Harrezkero bide luzea egin du, eta ez dira gutxi boluntarioen lanaz eta Hezkuntza Programaren bitartez EUWPk izan duen hazkundea urte hauetan guztietan. Munduko hizkuntza komunitate guztietatik 283 hizkuntzak dituzte 100 artikulu baino gehiagoko Wikipediak, ia hizkuntza digitalak dauden beste. Eta nolakoa osasun digitala du euskarak? Nola eragiten dio Wikipediari?

Artikulu honetan saiatuko naiz euskararen erabilera Wikipedian nolakoa den aztertzen. Zein hizkuntzatan irakurtzen dute euskaldunek Wikipedia? Ehunekoak? Ehuneko horien zergatia?

EKIMEN HANDIKOA, TXIKITASUNEAN

Sortutako artikuluen kopuruetan, EUWP munduko 33. dago Wikipediako hizkuntza guztien zerrendan, eta martxan dira Wikipedia guztiek eduki beharreko artikuluak sortu eta lantzeko deialdiak. Emakumeen biografia artikuluak sortu eta handitzen EUWP bereziki aktiboa izan da, generoen arteko presentzia orekatzeari begira. Haurrentzako bertsioa ere badugu, Txikipedia, bizi-bizi. 2016an sortu zen Euskal Wikilarien Elkartea, elkarren berri izan, EUWP dinamizatu eta sinergiak josteko. Izan ere, datuek erakutsi dute EUWPko komunitatea munduko guztien artean bigarren aktiboena dela Estonierazko Wikipediaren atzetik, hiztun kopuruaren aldean (2018ko datuak). Pozteko moduko datuak dira, dudarik gabe.

Garrantzitsua da hori gogoan izatea, baina ez da EUWPren errealitateari begiratzeko faktore bakarra. Interneteko bilatzaileetan askotariko kontzeptuak bilatzean, batzuetan Wikipediako emaitzak eskuratzen dira eta, are seguruago, wikipedia hitza sartuz gero, jakina. EUWP euskarazko webgune bisitatuenetako bat da. Euskal Herrian diren herritar digitalizatuek Wikipedia bisitatzen dute, bai, baina hainbat hizkuntza aukera dituzte, eta edozein produktutan, merkatu jakin bateko kontsumoa da funtsezko faktorea.

 

WIKIPEDIEN ARTEKO DANTZA. NON DAGO EUWP?

Bada, Euskal Herrian Internet nabigatzen duten pertsonek ez dute beti Euskarazko Wikipedia bilatzen, beste Wikipedia aukera batzuk ere baitituzte. Horraino ondo. Wikipedia horiek bisitatuagoak dira Euskarazko Wikipedia baino, askoz ere. Euskararen Adierazle Sistemak eman ditu duela gutxi Wikipedien gaineko hizkuntzen araberako datu orokorrak, lehen aldiz sistema horretan Wikipedia kontuan hartzen (2020). EUWPk 72.000 bisita ditu Frantziako estatu osorako 2021eko urrian (1.000.000 Espainian). Europako estatukako estatistika horrek agerian uzten du Ipar Euskal Herritik ez direla asko EUWPrako bisitak; Alemaniatik bisita gehiago ditu, kasu baterako, Frantzia osotik baino. Jakina, ez dago faktore bakarra horretarako: egoera soziolinguistikoa, euskarazko hezkuntzaren hedadura mugatua, Hego Euskal Herriko estandarretik urruntzen den mintzatu eta idazteko manera edo, are, beste Wikipediek informazio gehiago ekartzea, Nabarralden Eneko Bidegainek aipatu bezala, hobea ere ez gutxitan, umiltasunez esateko, artikuluaren arabera.

Hego Euskal Herrirako datuak zehatzagoak dira. Konparazioan, baina, Euskarazko Wikipedia hirugarren Wikipedia bisitatuena da Hego Euskal Herrian, Espainierazko Wikipediaren eta Ingelesezko Wikipediaren atzetik, eta aldea ez da txikia. EUWPk 2.800.000 bisita izan zituen 2021eko azaro arte, Wikimediako proiektuen bisita guztietako % 5,08; Ingelesezko Wikipediak 8.100.000 bisita, % 14,70; bukatzeko, Espainierazko Wikipediak 41.100.000 bisita, % 74,41. Beste erdaretan, % 6 (iturria: Wikimedia Fundazioa).

(irakurri gehiago…)