Askatasuna, urratsez urrats

Euskal Herriko albisteen tituluen aditz nagusien azterketa kuantitatibo bat egin bageneza, apustu eginen nuke proportzio biziki handian agertuko liratekeela “eskatu”, “salatu” eta horien sinonimoak. Gure herriaren dinamika politikoaren adierazgarri diren aditzak dira. Independentzia ere eskatzen du herri honek (orain gutiago entzuten bada ere), baina zerumugan dagoen helburu gisa; sekula lortuko ez dugula onartua bagenu bezala.

Europako ezkerrak “irabazteko beldurra” duela dio Gaël Brustier zientzia politikoetako ikerlariak. Haren hipotesietako bat da ezkerrak uste duela ez daukala munduaren oraingo norabidea aldatzeko gaitasunik, boterera helduz gero ere. “Informazio kateek eta sare sozialek ezkerrari barne exilio eta sumindura errenta bat eskaintzen dizkiote, kronofagoak direnak arduradun askorentzat, baina beren ekintzari norabide itxurako bat ematen diotenak”, dio Brustierrek.

Mugimendu abertzaleari ere ez ote zaio halako zerbait gertatzen? Batetik, salaketa, eske eta elkarren arteko polemiken zurrunbilo batean sartuta dago. Bestetik, balizko independentzia politikoari begirako gogoeta teorikoetan murgilduta dago, teoriatik praktikara heltzeko errezeta aurkitu ezinik.

Ez du beti fama ona izan edo izaten urratsez urratseko edo arloz arloko askatasunaren aldeko diskurtsoak. Borroka sektorialen eta borroka orokorraren arteko talka baten gisako zerbait bizi izan dugu urtez urte. Batzuen ustez, Euskal Herriak independentzia behar du eta gainerakoak horrekin etorriko dira; independentzia berreskuratu gabe, ez omen da serioa zatikako askatasunez mintzatzea, ez delakoan erreala. Beste batzuk arloz arlo ari dira eta beren arloko lana ez dute independentzia politikoaren helburuarekin lotzen, ezta ere beste arloekin.

Baina zapalkuntzaz eta askatasunaz ari garenean, zapalkuntzez eta askatasunez aritu behar genuke, edo zapalkuntzaren eta askatasunaren adarrez. Garbi dago zapalkuntzaren oinarria eta ardatza herriaren menperakuntza dela, bere estatuaren desartikulaziotik eratorria. Baina beste kate anitzek lotzen gaituzte menperatzaileekin. Kate nagusitik askatu nahi dugu, horrek beste kateen askatzea ekarriko duela pentsatuz. Baina kate nagusia hausteko indarra ezin bilduz ari gara. Haatik, beste kate txikiago batzuk aiseago aska litezke. Are gehiago, kate nagusia hauts bageneza ere, independentzia politikoa lortuta ere, beste kate txiki horiek ez lirateke de facto hautsiko.

Zein dira kate txiki horiek? Horra adibide bakar batzuk:

  • Gaur egun ikus-entzunezkoetan dagoen eskaintza erraldoiarekin, euskaldunak are gehiago gaude frantsesaren edo espainolaren menpe. Kontsumitzen ditugun film eta serieak espainolez edo frantsesez bikoizturik edo hizkuntza horietako azpitituluetan ikusi behar ditugu. Askatasuna litzateke bi hizkuntza horietatik pasatzeko partez, euskaraz bikoizturik eta euskarazko azpitituluekin izatea.
  • Wikipedia. Euskarazko Wikipedia elikatzeko lan handia egiten den arren, oraindik ere informazio kantitatea anitzez handiagoa da frantsesez eta espainolez. Lan bat egin behar duten ikasleek (edo informazio bat sakonki nahi duen edonork) bi hizkuntza horietako batera edo ingelesera jotzen dute, maiz, informazio osagarri horren bila. Wikipediako eskaintza hizkuntza horien pareko izatera hurbilduko denean, askeago izanen gara.
  • Euskal Herri osoan euskarazko hezkuntza ez da nagusi, baina hezkuntza euskaraz eskaintzen den lekuetan ere, curriculumak aginduta, Frantziako edo Espainiako historia, geografia eta literatura ikasi behar dira derrigorrez, eta Euskal Herrikoa baino anitzez sakonkiago. Hezkuntzan Euskal Herriko historia, geografia, literatura eta abar sakonki irakatsiko direnean, askeago izanen gara.

Hain xehera joanik, zerrenda luza liteke nahi adina. Eta arlo horiek baino funtsezkoagoak direnak ere sartuko dira zerrendan, bakoitza bere azpi-alorrekin: ikasketak, lurralde antolaketa, garraioa, energia, elikadura, ekonomia, kirola, kultura… Eta arlo bakoitzeko hiru informazio mota zehaztu beharko lirateke:

  • Zailtasun maila. Zein oztopo daude, gure esku ez daudenak, kate hori hausteko? Zein aukera dago gure esku? Adibidez, Hezkuntzan, Frantziako eta Espainiako gobernuek derrigortzen dituzte edukiak. Zein zirrikitu dago hortik ahal bezainbat askatzeko? Pantailak euskaratzean, plataforma handiek jartzen dituzte baldintzak… Wikipedian, bidea libreago dago.
  • Gastua. Zenbat diru jarri behar da arlo horietan askatzeko?
  • Zenbat lan eskatzen du eta zenbat denbora behar dugu helburura heltzeko? Zenbat lagun beharko litzateke hori obratzeko?

Katez kate askatzeko lan hori alfer lana litzateke ez bada ikuspegi orokor batekin lan egiten, ez badugu helburu nagusia argi, Benito Lertxundik Otzandu Herrian kantuan dioen bezala: “Zatiaz arduratuz ez da inoiz zatia salbatzen, bai oroa hiltzen uzten”. Horri gehitu dakioke Joxe Manuel Odriozolak agertu duen kezka ikuspegi orokorra galdu duen arlo bati buruz: “Hizkuntza minorizatu baten normalizazio soziala gaitasun linguistikoaren terminoetan planteatzea euskaldun gisa geure buruaz beste egitea litzateke. Gaitasun komunikatiboaren osagai ideologikoa alde batera utzita, eta euskal nazioan integratzeko curriculumik gabe, ez daukagu zer eginik. Euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean errotuta transmititu nahi ez dugun bitartean, ez goaz inora. Eta euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean mamitzea euskararen baldintza nazionalak, ideologikoak, kulturalak eta politikoak problematizatzea da. Hizkuntza hegemonikoekin daukan orotariko mendekotasunaz jabetzea. Azken batean, eskolako eta etxeko transmisioaren egungo euskalduntasun etnokulturak interpelatzen ez bagaitu, alferrik ari gara”.

Arloz arlo antolatzea ezinbestekoa da. Etxe bat eraikitzerakoan, harginak ez ditu elektrizistaren lanak egiten edo iturginak zurginarenak. Baina guztiek etxe bera eraikitzea dute helburu, eta guztiek plano bera jarraitzen dute. Hots, askatasunera bidean, iparrorratza argi izan behar da: herria. Baina kohesioa ere behar da: arloen arteko loturak, herri osoaren ikuspegia, koordinaketa bat eta antolaketa.

Azken urteetan, ordea, urratsez urratseko bidea beste begi batzuetatik ulertu da. Independentziaren bidean autonomia, autonomiaren bidean departamendua, departamendua baino lehen herri elkargoa… Edo Euskal Herri osoaren independentziaren bidean, lehenik EAEko balizko erreferenduma… Askatasunerako bidearen sekuentzializazio horrek ez gaitu askeago egin, baizik eta zatituago. Askatasunaren bidearen ardatza nekez izanen da askatzailea, ardatz hori Parisek eta Madrilek onartuko liguketena bada, eta gure indarrak haiekiko presio eta negoziaziora bideratzen baditugu.

Gure indarrak menperakuntza hori katez kate askatzera bideratzen baditugu, arlo bakoitzean askatu ahala gure herriarekiko harrotasuna berreskuratuko genuke, autoestimu handiagoa genuke, herri gisa indar handiagoa sentituko genuke… Herri indar hori berreskuratu gabe, nekez helduko gatzaizkio askatasun politikora eramanen gaituen urratsari. Espainiarekiko eta Frantziarekiko loturak zenbat eta gehiago askatu, orduan eta herri kontzientzia handiagoa eta indar gehiago izanen ditu herriak.

Zuzeu