Badirudi euskal subiranotasuneranzko gure exodo berezian hezurmamitua dela Sisiforen madarikazioa. Hainbeste eginahal, hainbeste hondamendi. Hainbeste bizikizun huts egindako, hainbeste historia gezurrezko, hainbeste ikasbide aski ez.
Begien bistakoa da predio edo finka gisara eratutakoak direla gaur egungo gobernu «demokratikoen» jauregiak, herritarren eskubideei bizkar emanda eratu ere, eta, nola ez, giza eskubideen bizkar. Zuzenbide estatuak eratu omen dituzte, baina zuzenago izango litzateke estatu eskuindar gisa sailkatzea, haien jardun faxistak direla eta -estaliak edo agerikoak izan-. Harrigarria ere bada ia, gaur egun, besterik gabe herritarren ahotsa eta borondatea ordezkatzen duten agintariak aurkitzea inongo herrialdetan.
Estaturik gehienek, eta zer esanik ez Espainiakoak, oligarkiaren zerbitzura eta garaian garaiko alderdiaren interesen arabera taxuturiko enpresak dira. Estatuak bere bizitza dauka. Estatua ez da herritarrez gogoratzen, ezpada hauteskundeetako fartsetan. Orduantxe, haien hedabide makineria itzelezkoak bereganatzen edo besterentzen du boto-emaile alienatu, mindulin, ezjakin aldra… eta hautesleek zuritzen dituzte azken buruan estatu ezin zurituzkoak.
Askoren ustez Pernandoren egia besterik ez bada ere, ba al du inork horren zalantzarik? Espainiak, batez ere 1512tik, erantzun bat eta bera izan du Vasconia osoaren subiranotasun asmoaren aurka: armak eta zapalkuntza.
Gaur egun, zehatz-mehatz, edozein azterketa inpartzialek egiaztatuko luke Espainiako Gobernuak ekintzetan eta hedabideen desitxuratzean bakar-bakarrik oinarritzen duela bere politika zeregina.
Oraingo gobernu honen eta aurrekoen zeregina da, hain zuzen, aginduak eta luze gabeko planak hitzematea, eta auto-laudorioak egitea. Konponbide eraginkorrak eta berritzaileak ekartzeko gai izan ez denez, gizarte eta ekonomia ikuspegitik Europako herrialdeen atzetik legoke; haien aurretik legoke, aldiz, demokraziarik ezari dagokionez.
Espainiako herriari, oro har -doktrinatua, manipulatua edo alde batera utzia izan baita mendeetan-, kontrako eztarritik joan izan zaio euskal auzia.
Tomatina festetan, merenge janetan, zezenketetan, eta monarkia kontuetan buru-belarri sartuta, eta sasifamatuen edo antzeko jendailen peskisan ibili izan direnez beti, eta haien ezjakintasuna edo demokrazia kalitate apala dela bitarteko, sekula ez dituzte ulertu gure sustraiak eta subiranotasun espiritua.
Gorroto dituzte, eskubideak eta pribiegioak nahasteraino.
Espainiako herritarrak, berme guztiak ditu halakotzat jotzeko bere burua, beste inork hari ezer esatekorik izan gabe. Euskal edo katalan herritarrei, aldiz, ez dakit zein legeren edo ezarpenen arabera, ukatu egiten diete eskubide hori.
Euskal auzia, tradizioz, Gobernuaren auzi nagusia izan da. Uko egin ezinezkoa eta ezin alde batera utzizkoa. Eta batez ere, arduraz manipulatua eta taxutua. Estatuaren hautua izan da -bere nagusikeria armatuari uko egin gabe, eta hedabideez baliatuta- kale itsu batean zokoraraztea gu. Parametro zinikoetara bezain gezurrezkoetara garamatza, ETAren existentziara bakarrik mugatuta euskal arazoa.
Elkarren ezinago aurkakotzat begitantzen bazaizkigu ere, hortxe bat egiten dute indar faktiko guztiek: Espainiako alderdiak, Eliza katolikoak, banketxeek eta herri iritzia eratzen duten Espainiako fabrika handi guztiek…
«Inperioko» handi-mandiek ondo baino hobeto dakite ETA ez dela euskaldun gehienen hitza, eta, halaber, euskaldun gehienok asper-asper eginda gauzkatela haren eragozpideek, prentsa adierazpenek eta atentatu burugabeek.
Edozein humanista, politologo eta intelektual zintzok gero eta argiago ikusten dute ETAri bere hartan eustea komeni zaiola Espainiako Estatuari, edo besterik ezinean hura berriro hutsetik sortzea. Gauza bati dio benetan gorroto eta beldur: euskal auzia modu demokratikoan eta berdintasun baldintzetan jorratu ahal izateari.
Jakin badakigu bitarteko guztiak erabiliko dituela halako abagune bat gerta ez dadin. Infernua ere irauliko du, nazioarteko ekintzak halako abagunerik proposa ez dezan. Zoritxarrez, horixe bai zoriaren gaiztoa!, gaur-gaurkoz, putre habia oparoegia da Europako foroetan…
Ezer konpondu gabe dena nahaspilatu dadin sortutakoak dira Espainiako Estatuaren parametroak, eta horiexetan mugitzen dira euskal alderdiak: batetik, espainolak beren saltsan; bestetik, abertzaleak beren tinta lodi eta trinko-trinkoan.
Hortxe garatzen ditu Estatuko politikak eta dialektikak bere programak eta helburuak, eta horretarako darabiltzan organoek dena ezinago lotuta uzten dute.
Berariazko legeriak, legez kanporatzeak, egunkarien ixteak, hauteskunde iruzurrak…
Bide batez, horra hor gobernu baten esperpentoa, herri dirua xahutzen baitu Ertzaintzaren oldarraldietan. Hain zuzen ere, -legez kanporatzeak direla-eta- gobernuaren ahalegina eskatzen duten irudien kontra. Jakina, ez da harritzekoa aldian aldiko sailburuaren diskurtso kaskarra ere. Lehendik ohituta ginduzkan haien dialektika lardatsera, gatzik gabekora… Besterik espero al zitekeen? Barne Ministerioko kolpekarien antzinako eskola frankista berbera da.
Alderdi abertzaleek -gogoz kontra bada ere parametro horietan jokatzen baitute-, amorratzea eta etsia hartzea beste erremediorik ez daukate. Alferrik arbuiatuko dute hauteskunde iruzurren gobernua, den bezain ezgauza, frankista eta doilorra izanda ere. Eurek zabaldu dizkiete Ajuria Eneko ateak, beren jarrera moldakorrarekin eta konpromisorik ezarekin.
Badirudi alderdi «abertzaleak» Estockholm sindromeak jota daudela. Alienatuta, liluratuta ez esatearren, Espainiaren arbitrariotasuna eta despotismoa dela eta.
Eta iragaite luze horretan, hitza -herriak galdegiten duen arma bakarra- ez dute aintzakotzat hartu oraindik, arbuiatua eta kateatua dute. Eta ez da, inolaz ere, euskal herria kikildu egiten duelako bere eskubideak eskatzeak.
Estatuak gure herriari etengabe egin ohi dizkion erasoen kontrako deialdi jendetsu eta txundigarrien lekuko izan gara, hala nola askatasunaren aldeko martxarena, Euskaldunon Egunkaria itxi izanaren kontrako manifestazioarena…
Vasconia osoak behar du mezu bateratzaile eta adiera bakarrekoen bidez deitu dezaten. Euskaldun aberkoiek, behingoagatik, beren interes bereziei uko egin behar diete, eta botere puskak harrapatzeari utzi. Eta, batez ere, ihes egin behar dute halako joko eremutik, Espainiako Estatuak ezartzen baitu han bere arau eta arbitro bereziak.
Deialdiak egiteko ahalmena eta sinesgarritasuna lortu behar dute berriro, estatu subirano baterantz gidatu gaitzaten halakoan sinesten dugun euskaldun guztiok, eta gure hitza aske entzun dadin, ETAren eragozpiderik gabe, eta Estatuaren indarkeriarik edo xantaiarik gabe.
Ez dut uste beste biderik dagoenik, Nafarroako euskal estatu independentea berrezarri ahal izateko









