Errozabal toponimoak «Erroko zabala» esan nahi du, eta Auritz eta Aurizberri inguruko lautada zabala izendatzen du, Ibañetako lepoaren hegoaldean. Bost kilometro koadro inguruko ordokia da, Iruñea erretzetik zetorren armada handi batek kanpatu eta defentsa antolatzeko moduko inguruko zabalgune egokienetako bat; bertan dago Zalduako erromatar aztarnategia. Toponimoaren esanahia, paisaia eta Pirinioak zeharkatzen zituen ibilbide historikoa bat datoz, beraz, geografikoki.
Guduarekin lotutako izenaren lehen lekukotasun ezaguna XI. mendeko Nota Emilianense da (1065–1075 ingurukoa), Errolan in Rozaballes hil zutela dioena. Ezagutzen dugun forma zaharrena, hortaz, ez da Rencesvals edo Roncesvalles. Ondoren Rocidevalles dokumentatzen da; Chanson de Roland-ek Rencesvals erabiltzen du, eta XIII.-XV. mendeetan Ronçasvailles, Roncesvailles eta Roncesvalles agertzen dira. Dokumentazioak beste aldaera ugari ere jasotzen ditu, eta ezegonkortasun grafiko, fonetiko eta morfologiko horrek toponimoa mendeetan zehar hizkuntza erromantzeetara egokitzeko prozesua izan zela iradokitzen du.
Jimeno Juriok honako bilakaera proposatu zuen: Errozabal → Rozabal → Rozaballes → Ronzasvalles → Roncesvalles. Lehenik hasierako bokala galduko zen; ondoren, hiztun erromantzeek ulertzen ez zuten euskarazko -zabal osagaia beren hizkuntzako val, vallis, valles edo vaux gisako elementuekin berrinterpretatuko zuten. Ez litzateke itzulpen kontzientea, berrinterpretazio morfologikoa baizik: izen arrotz bat hizkuntza hartzailearen sistema fonetiko eta morfologikora moldatzea. Toponimoak mendeetan erakusten duen aldakortasun handia prozesu gradual horrekin bat dator.
Kronologia bereziki esanguratsua da: zenbat eta atzerago jo dokumentazioan, orduan eta hurbilago dago forma Errozabal/Rozabal-etik eta urrunago egungo Roncesvalles-etik. Jimeno Juriok ez zuen, beraz, egungo Roncesvalles forma hartu eta atzera begira euskal hitz baten antzekotasuna bilatu; alderantziz, dokumentatutako forma zaharrenetik, Rozaballes-etik, abiatu zen. Ondoren etorriko dira Rencesvals, Ronçasvailles eta Roncesvalles bezalako forma erromantzeak. Bilakaeraren norabide kronologikoa da hipotesiaren argudio nagusietako bat.
Horren aurrean, beste hipotesi batek Roncesvalles/Roncevaux frantsesezko ronce, «sasi» edo «arantza», hitzetik eratortzen du. Baina Rozaballes lehenago dokumentatuta dago eta ez du geroagoko Ronces- formaren -nc- sekuentziarik. Ronce jatorritzat hartuz gero, beraz, azaldu beharko litzateke nola sortu zen lehenagoko Rozaballes. Forma modernoaren itxura ezin da bere jatorriaren froga bihurtu dokumentazio zaharrenak bestelako egitura erakusten duenean, alegia, -nc- sekuentziarik gabekoa.
Euskal jatorria eta ondorengo eragin franko edo erromantzea ez dira, noski, elkarren aurkako azalpenak. Lehenik tokiko euskal toponimo bat egon zitekeen, eta gero hiztun gaskoiek, frantsesek edo bestelako erromantzeek egokitu. Fermín Miranda Garcíak posible ikusten du Errozabal forma galikanizatu eta Roncesvalles bihurtzea, bereziki XII. eta XIII. mendeetan inguruan finkatutako hiztun erromantzeen eraginez. Jimeno Juriok emandako Larzabal (larre zabal) → Larceveau paraleloak aukera hori indartzen du: Larsaval, Larceval, Larçabau, Larçaval, Larçabal, Larzabal, Larcevau bezalako formek erakusten dute euskarazko -zabal elementua historikoki -val, -vau edo -veau gisara egokitu zitekeela. Horrek ez du Errozabalen bilakaera frogatzen, baina prozesua linguistikoki eta historikoki dokumentatu bai.
Funtsezko beste argudio bat metodologikoa da. Errozabal ez dago 778ko dokumentu batean jasota, baina ezta Rozaballes edo Roncesvalles ere. Lehen testigantzak gertakarietatik hiru mende ingurura idatzitako iturrietatik datoz. Ez litzateke koherentea euskal hipotesiari garaikidetasun dokumentala eskatzea eta, aldi berean, mende batzuk geroagoko forma latindar edo erromantzeak 778ra proiektatzea. Goi Erdi Aroko euskal toponimia, gainera, nagusiki ahoz transmititu zen eta oso modu zatikatuan dokumentatu. Galdera, beraz, ez da zein izen dagoen dokumentatuta 778an —bat ere ez baitago—, baizik eta zein hipotesik azaltzen dituen hobekien gero agertzen diren lehen forma dokumentatuak. Errozabalek benetako toponimoa, esanahi geografiko gardena, kokapen egokia eta Rozaballes azaltzeko bilakaera fonetiko sinesgarria bateratzen ditu.
Garazi/Zize inguruko pasabidearen toponimiak antzeko fenomenoa erakusten du. Erdi Aroko iturri latinoek, erromantzeek eta arabiarrek Portus Sicera, Cisera, Sizer, Bort-Jezar, Schzezar eta beste forma batzuk jasotzen dituzte. Aldaera horiek ez dute frogatzen VIII. mendeko bertako biztanleek izen horiek erabiltzen zituztenik; aitzitik, tokiko izen bat tradizio latindar, arabiar eta erromantze desberdinetan nola egokitu zitekeen erakusten dute. Donibane Garazi/Saint-Jean-Pied-de-Port bera da fenomenoaren adibide argia: gaurko forma erromantzea ezin da, besterik gabe, VIII. mendeko biztanleen hizkerara proiektatu. Iturriek idazleek izena nola jaso zuten dokumentatzen dute, ez nahitaez bertako ahozko forma.
Orreaga, berriz, ez da Errozabal edo Roncesvalles izenaren beste forma bat. Ez dago Orreaga → Roncesvalles bilakaera fonetikoa proposatzeko oinarri linguistiko sendorik. Belaskok Orreaga orre, «ipuru», eta -aga leku-atzizkiarekin lotzen du, «ipuru lekua» esanahiarekin; baina egungo izenaren gardentasunak ez du frogatzen VIII. mendean forma edo esanahi bera zuenik. Orierriaga edo Oriarriaga Erdi Aroan erregistratutako forma historikoak ere kontuan hartu behar dira. «Ipuru lekua» interpretazioa posible da botanikoki, baina haren antzinatasuna frogatzeko dokumentazio, mikrotoponimia edo datu botaniko eta palinologiko gehiago beharko lirateke.
Geografikoki ere ez da egokia 778ko gudu osoa egungo Orreagako espazio txikiarekin identifikatzea. Bi legioz osatutako armada karolingioa, zalditeria, zamariak, hornidurak eta ekipamendua zeramatzana, zutabe luze batean hedatuta zihoan mendiko bidean. Iturriek ere martxan zihoan armadaren aurkako erasoa deskribatzen dute. Gertakaria, beraz, ez zen puntu bakarreko bataila estatikoa, baizik eta Errozabal, Orreaga, Ibañeta eta Garazi/Zizeko mendatea hartzen zituen korridore batean garatutako ekintza militarra. Segada, borroka, tropen sakabanaketa eta erasotzaileen erretiratzea korridore horretako sektore desberdinetan gertatu ziren. Izan ere, karolingiar armadaren aurkako erasoa Iruñetik atera zen unetik bertatik hasi zen, eta sei bat egunez luzatu zen, armadak Luzaide igaro zuen arte. Borrokaren unerik gogorrena, ordea, Garaziko mendatean gertatu zen. Han hil ziren Agiardo (Aggiardus), jauregiko maiordomoa; Anselmus, gorteko palatinoa; eta Hruodland edo Errolan, Bretainia Markako prefektua edo markesa (Brittannici limitis praefectus) eta harekin zihoazen buruzagi karolingiar nagusiak; eta handik egin behar izan zuen ihes Karlos erregeak, zaldi gainean, galopan. Ikuspegi estrategiko batetik beraz, 778ko «Garaziko gudaz» aritu beharko ginateke.
Hala ere, Orreaga eta Errozabal ez dira izen lehiakideak, elkarrengandik hurbil dauden espazio desberdinak izendatzen dituzten toponimoak baizik: Orreaga Ibañetaren azpiko parajea da; Errozabal, Auritz inguruko Erroko lautada zabala. Errozabalko kolegiatak geroago izan zuen garrantzi erlijioso, instituzional eta bidekoak izen hori eskualde historiko osora eta, azkenik, gudura zabaltzea erraztu zezakeen. Baina auzi historiko eta toponimikoan funtsezko galdera da zein izenek azaltzen duen hobekien dokumentazio zaharreko Rozaballes. Orreagatik ez dago bilakaera fonetiko argirik; Errozabaletik, aldiz, Errozabal → Rozabal → Rozaballes → Roncesvalles sekuentzia proposa daitekeen hipotesi garbiena da, dokumentazioaren kronologiarekin, paralelo toponimikoekin eta tokiaren geografiarekin bat datorrena.
Horrenbestez, «Errozabalgo gudua» izendapena erabil daiteke 778ko gertakaria izendatzeko, betiere ez bada ulertzen borroka Errozabalgo lautadan soilik gertatu zenik. Gertakari militarra hainbat egunetan eta espazio zabal batean garatu zen. Errozabal izena hautatzeko arrazoia ez da, beraz, gudua puntu bakar horretan kokatzea, baizik eta haren egokitasun geografikoa, esanahi toponimiko gardena eta Erdi Aroko Rozaballes forma zaharra azaltzeko duen ahalmen linguistikoa.










