Datorrena ikusgarria izango da

Hainbestek pentsatzen duguna salatu dute Angel Rekaldek eta Koldo Martinez Garatek artikulu eder batean, Kataluniaz dugun jarreraz: «Ez dugu sumatzen, ustezko gure alderdi politiko eta sozialen aldetik, gogoeta errealista eta seriorik. Alderdiek, sindikatuek, enpresario elkarteek edo erakundeek ez dute plazaratu inongo dokumentu, pentsamendu edo norabiderik. Unibertsitateak isilik daude, euren auto-onespenaren zilborrari so. Kalean usaintzen da espektazio puntu bat, gatazkak zein aldaera eta konponbide izango duen ikusteko. Ikuskizun gisan begiratzen da guztia, ez sostengu eta elkartasun keinuekin […]».
Eta ez da hori bakarrik: edozeinek ikusten du bileretan, hitzaldietan, kafearen orduko solasaldietan etsipen astun bat hedatu dela, harridura pisu bat noraez honen aurrean, ezin sinestu bat urteetan han-hemenka militatu eta itxaropenez bizi izan direnen aurpegietan. Hedabideetan kasik komikoak dira ezarri dizkiguten epitetoak: «euskal oasia», «euskal lozorroa», «impasse» batean gaudela, edo «bypass» baten beharrean.
Euskal Herria erreta dago oso, gogaimenaren galbidean murgilduta itotzeko zorian; baina, halere, ez dago amore emateko prest. Jendeak ez du jendarte mutu multzo soila izan nahi, herri baten parte baizik, etorkizuna eskuratuko duen estrategia zabal eta sakon baten parte izateko desioa du odolean, lokarturik, baina bizirik oraino. Eta ezer gutxi beharko da desio hori sutan jartzeko, denak harritzeko moduan.
Jendea gauza hauetaz ohartu da azken lau urte hauetan: manifestazioen egutegia zaharkitua geratu dela, urtarrileko presoena, martxoko aberri egunarena, Gure Esku Dago ekainean, irailean zeozer eta abenduaren 3koa, marmotaren egun amaiezin batean harrapaturik gaudela. Askatasuna modu serio batean nahi duen herriak ez duela urteetan energia soziala eskean xahutzen. Manifa eske hutsa da, eta gurean tradizio bihurtu diren mikro-manifak are hutsalagoak, egunkarietan orri erdia betetzeko aitzaki, inoperantzia orokorraren estalpe, eta ez dute botere zentrala ikaratzen.
Otegiren askatasuna eskatuz 20.000 lagun bildu ziren, euskaraz bizi nahi dut oihukatuz 4.000, Sarek urtarrilean antolatutakoan 50.000 lagun gutxiago ziren aurreko urtean baino, eta Gure Esku Dago-ren kanpainan iaz baino 90.000 gutxiago. Propaganda itzela jaso zuten deialdi guztiek, baina publizitateak ezin du estali luzaro estrategia ezaren zuloa. Beti manifestatzen dabilen herriak ez du bere ezintasuna baino manifestatzen; moralari ozta-ozta eusteko daukan azken iltzea da.
Zeren eta jendea ohartu baita zifra hauen atzean dagoenaz: Harri-kartoizko politika bat, arazorik konpontzen ez duena. Arazo nagusia (nazionala) baztertuz eginiko konponbide partzialekin ez goazela inora, garrantzia urriko basamortu bilakatu gaituela, eragiteko ahalmen bako politikaren eredu. Lau urte aski izan dira, ezker abertzalearen apustua nobedadetzat har badaiteke, bide instituzionala bide mortua dela baieztatzeko, inorako ibilbidea. Jendea ohartu da erakunde hauek gainditu ezean asfixia ziurra daukagula herri gisan.
Euskal sistema autonomikoari oso urte gutxiko bizitza geratzen zaio; espainolistak salbu (zerbaitengatik izanen da) ez du inor asetzen aspaldi. PNVk hori badaki, baina hilzorian dagoenaren osasun egoera ezkutatu egiten du. Ezker abertzaleak, berriz, ez du asmatu iragarri zituen helburuekin, jendea ilusionatzea, aktibatzea, indarrak metatzea, ezta independentziaren pedagogian ere. Batez ere honetan. Lagun izoztu asko utzi dituzte. Desliluraturik.
Betiko guardia zaharra ikusi dugu, mezu higatuak, betiko kontrol-nahi itxia, etsigarria. Eta askori CUP miresten dutela entzun arren, hautagaiek legealdirik ez errepikatzeko CUP-en erabaki miresgarriaz ahaztuta, Bildu/Amaiurreko hautagai gehienak errepikatu nahian dakuskigu. Are gehiago: CUP ez da Espainiako hauteskundeetara aurkeztu, koherentzia estrategikoari omen eginez. Espainiako sistema politikoa ez da gurea, adieraziz; gu ez gaude hor. Eta erne Espainiako politikoen ergelkeria kritikatzean, horrek ergelago egiten baikaitu gu, ergel batzuen mende 500 urte daramatzagun unean. Haiengandik askatzean soilik demostratuko duzu azkenik haiek baino azkarrago bihurtu zarela.
Jendea ohartu da honetaz ere: alderdi politikoek beren burua baino ez dutela hobesten, eta herriaren berezko dinamika batzuk zapuztu behar badira eurak hobeto egoteko, zapuztuko dituztela errukirik gabe. Euren alderdien osasunari begiratzen diotela, horrek herriari minbizia ekarriko badio ere axola gabe. Ez dugu Euskal Herri osoari mintzo zaion buruzagirik une honetan, zatika funtzionatzen du haien garunak, eta alderdiaren pribilegioetan kukututa.
Baina gertatuko da zerbait, noiz ez dakit. Itsu egon behar da ez ikusteko. Hedabideen zigor eremua ere, ikusezintasunarena, gainditu egingo du. Jendea politikoen zain egoteaz aspertu da, eta bi gauza nahi ditu une honetan; prest dago horietarako aspaldi:
-Ekimen sakonagoak, erradikalagoak, handiagoak.
-Gauza praktikoak lortzen direla ikustea.
Euskal Batzar Nazional bat sortzekotan dabil. Eta irekiko da gero eta ekimen kualitatiboen eta biszeralagoen aroa: herri honek ETB2 desagertzea eskatuko duena, espainolari dihoazkion diruak euskarari itzuliz; espainierazko dokumentazio publiko guztiaren iraungitze data bat ezarriko duena; euskara konplexurik gabe hedatua, derrigortua eta beharrezkoa egingo duena; hezkuntza testuen ikasgai guztiak gure esku jarriko dituena; hemen sortzen den irabazi ekonomiko oro oso-osorik hemen geratuko den unea… eta abar luzeko soka dakar atzean.
Jendea mugitzen hasi da, politikoengan aurkitzen ez duen lidergoa bere indar propioekin sortzen eta antolatzen. Politikoek aurrean eduki uste duten gizartea, gizarte otzan, inozo eta erraz engainagarri hori jadanik ez da existitzen. Gizarteak ez ditu ezagutzen politikoak, eta hori adierazteko bide bat aurkitzea baino ez zaio falta. Politikoak hasi dira oinazpian kilimak sentitzen, ezezaguna duten hotzikara bat, behetik gora datozen inurrien ausikia.

BERRIA