Carlos Hugo hil egin da

Carlos Hugo Borboikoa karlisten errege-nahia hil da

Bartzelonan zendu da, minbiziak jota. Espainiako errege izateko karlisten hautagai izan zen, eta baita Alderdi Karlistako lehendakari ere. Haren agindupean hartu zuen indar poliltiko horrek joera ezkertiar eta federalista. 1976an Jurramendiko erromerian ultraeskuindarrek hildako bi lagunak haren jarraitzaileak ziren.

Osasunez larri egin ditu azken egunak Carlos Hugo Borboi eta Parmakoak (Paris, 1930), gaur hil arte. Hain zuzen ere, abuztuaren 4an eman zioten azken igurtzia eta hurbilekoak eta jarraitzaileak agurtzen eman ditu azken egunak. 1975ean, bere aita Javierrek Espainiako Kororako eskubideak abdikatu ostean, Espainiako errege izateko karlisten hautagai izan zen, baita Alderdi Karlistako lehendakari ere.

Gazte-gaztetatik prestatu nahi izan zuten noizbait Espainiako errege izateko. Hala, formazio akademiko handia jaso zuen: Zuzenbidea ikasi zuen Sorbonan eta Ekonomia Oxforden. 1956an bidali zuen aitak Espainiako Estatura gaztelania ikas zezan eta frankismoak desegindako karlismoa berriro antolatzeko. Egonaldi horietako batzuk onartu zituen Francoren erregimenak, baina beste batzuk ez, eta behin baino gehiagotan kanporatu egin zuten. Garai hartan karlismoan bildutako sektore progresistenekin bat egin zuen, eta alderdiaren berritze ideologikoari ekin zion sozialismo autogestionarioa eta federalismoa proposatuz. 1962an Asturiasko meategi batean lan egin zuen bi hilabetez, langileen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko.

1964an Herberehetako Irenerekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. 1981ean dibortziatu egin ziren.

1976ko martxoan Espainian sartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi agintari frankistek. Ezkutuan sartu zen Jurramendiko erromerian parte hartzera, ezkerreko partidu asko erromeriara gonbidatuz. Egun horretan, bere anaia Sixto Borboikoaren -tradizionalista eta eskuin muturrekoa- aginduetara zeuden Italiako eta Argentinako eskuin muturreko kideek, Carlos Hugo Borboikoaren bi jarraitzaile hil zituzten. Garai hartako Espainiako indar armatuen ezkutuko laguntza izan zuten, ihes egiten utzi zietelako. Orduan, Manuel Fraga Iribarne zen Espainiako Barne Ministroa, eta gertakari horren inguruko azalpenak behin eta berriro eskatu zaizkion arren, ez du erantzunik eman inoiz.

1979an Alderdi Karlistaren hautagaia izan zen Nafarroatik, baina emaitza eskasak izan zituzten hauteskundeetan. Ondorioz, alderdiaren lehendakaritza, alderdia eta politika utzi egin zituen. AEBetara joan zen bizitzera 1981ean, eta irakasle izan zen Harvarden. 1999an, berriz, Bruselan ezarri zuen bizilekua.

Kontua da, XX. mendeko karlistaden ondotik, Borboi familiaren adar honek Espainiako errege izateko aukera galdu zuela. Carlos Hugo Borboikoa saiatu zen frankismoaren ondoren erregetza lortzen, baina Francok Juan Carlos Borboikoa aukeratua zuen Espainiako errege izateko, Carlos Hugoren lehengusua hain justu. Politika aktiboa alboratua bazuen ere, Espainiako errege-nahi gisa aurkeztu du beti bere burua hil den arte, eta seme zaharrenari Asturiasko printze izaera emana zion.

Carlos Hugoren agintaritzapean ezkerreranzko bilakaera ideologikoa izan zuen Alderdi Karlistak: 1936an Francoren altxamenduarekin bat egitetik sozialismo autogestionarioa eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako federalismoa defendatzera igaro zen. Arestian aipatu bezala, haustura eragin zuen horrek karlismoaren barruan: ezkerreko jarrera horiekin lerratu ziren asko, baina eskuin muturreko jarrerak hartu zituztenak ere izan ziren. Ezkerreko lerro horri segituz, IUren sortzaileetako bat izan zen Alderdi Karlista gerora utzi egin bazuen ere. Halaber, Lizarra-Garaziko akordioaren sinatzaileetako bat izan zen.

Heriotza hurbil zuela jabetuta, Calos Hugo Borboikoak berak agur ohar bat kaleratu zuen abuztu hasieran eta Alderdi Karlistako kideak agurtu. Bertan «sosegua» eskatu zien alderdiko jarraitzaileei, eta «aurrera jarraitzea askatasun proiektuarekin, gure foru zaharren adierazpen moderno gisa».

 

Carlos Hugo, txapelgorriak laukitzen saiatu zena

Josu Chueca

Itzali da betirako karlismoaren azken erregegaia, Carlos Hugo izenarekin ezaguna egin zena. Ezbairik gabe, korronte politiko horrek, Carlos Maria Isidroren garaitik, izan duen dinastia bururik erakargarriena. Asko izan baziren ere, lehendabiziko aldiz harekin izan zuen karlismoak goi mailako politikari bati eska dakizkioken oinarrizko ezaugarriak: prestakuntza politiko sendoa, programa osatua eta praxis aurrerakoien nahia.

Erbestean jaioa izaki, antzeko arlo monarkikoetan batere ezohikoak ez diren ikasketak egin zituen Oxforden eta Sorbonan. Batean, Zientzia Ekonomikoak; bestean, Zuzenbidea. Alemanian ekonomialari gisa aritu ostean, Espainiaratu egin zen, bere adar politikoaren burua izateko.

Aita Xabierrek erbestean jarraitu zuen bitartean, berari egokitu zitzaion, Espainiako estatuan bertan, euren adar politikoaren buruzagitza politikoa aurrera eramatea. Karlismoa, 1936az geroztik, Francoren aldekoen esparruan zegoen, nahiz eta gero eta zokoratuagoa izan. Ondorengotza auzia, inolako presarik gabe, bera desagertu arte ez baitzen indarrean jarriko, Franco prestatzen ari zen ‘Juanito’-ren aldekoa; hau da, egungo monarka Juan Carlos Borboikoaren mesederako. ‘Uztailaren 18ko Erregimen Oinarrien’ bidetik eta armadaren laguntzaz hazi eta hezi egiten ari zirelako egungo monarka, bere behin betiko izendapena 1969an gauzatu zuten arte.

Carlos Hugok, aldiz, karlismoak zituen giza oinarrietan bilatu behar zuen bere alternatibaren euskarria. Alderdi horren giza taldeak gerra garaikoak baino askoz txikiagoak ziren, baina hainbat eskualdetan, oraindik nahiko esanguratsuak. Horietan laketu ziren bera eta bere arreba Maria Teresa, XIX. mendearen hasieran jaiotako korronte politiko eskuindar hori beste mutur politikora eramateko. Izan ere, 1970az geroztik, izan zuten bilakaera politiko-ideologikoa zela medio, euren burua «sozialista autogestionariotzat» jo zuten. Nazio auziari dagokionez, federalismoaren alde azaltzeak ondorio nabarmenak ekarri zituen: alderdi karlista bera, nazionalitateen arabera egituratzeaz gain -Euskadiko Karlista Alderdia EKA deiturikoa, esate baterako- hainbat nazionalitatetan, Euskal Herrian, oso nabarmen, egundoko aldaketa ekarri zuen eguneroko jardun politikoan: 36ko errekete ohiak edo bere ondorengoak abertzale bihurtuta! Egia esan, zerikusi gutxi zuen, Franco hil ostean, Iruñean, 1976ko Aberri Egunean, karlistek izandako aldeko jarrera sutsuak, euren arbasoek II. Errepublikaren garaiko Iruñeko Aberri Egunean izandako jokaera probokatzaile eta boikoteatzailearekin.

Baina aipaturiko urte horretan bertan, Carlos Hugo lekuko zuzena izanda, karlistek egiten zuten ekimen politiko garrantzitsuan, Montejurran urtero ospatzen zuten hartan, bistan gelditu zen bai Estatuko agintea eta bai karlismoaren esparru batzuk prest zeudela bilakaera horri burua mozteko. Espainiako aginte ezkutukoek, geroxeago GALen ibilitako hainbat hiltzailez baliatuz, bat egin zuten Carlos Hugoren anaia Sixto Borboikoak gidatzen zuen karlismo eskuindarrarekin, bai Montejurrako ekitaldia eta bai karlismoaren buruzagitza «berriz konkistatzeko». Nahiz eta hainbat biktima izan -Ricardo Pellejero, Aniano Garcia-, Carlos Hugoren adarrak eutsi zion eraso horri, Jean Pierre Cherid, Stefano Della Chiae zein Sixtoren aldekoek, FOP zirelakoen begi bistan, inpunitate osoz alde egiten zuten bitartean. Eraso hori dela eta, karlismoaren baitan, Carlos Hugoren buruzagitza sendotu egin zen. Baina korronte horren bidea laburra izan zen. Izan ere, alderdi monarkiko batek, nahiz eta bere erregegaia askoz prestatuagoa izan politikarako, zaila zuen lehiatzea aginte faktikoek ezarritako monarkia joankarlistarekin, geroxeago alderdi errepublikano ohiek ere lagundu eginen baitzuten. Era berean, sozialismoari dagokionez, sinesgarritasun handiagoa zuten lehiakide ugari zituen ezkerrera etorritako korronte zahar horrek.

Argi eta garbi ikusi zuen egoera hori Carlos Hugok berak 1979ko hauteskundeetan, EKAko Nafarroako zerrendaburu zela, aurkeztu zenean. Garai bateko amestutako Nafarroa karlistan bertan, botoen %8ra ez zen iritsi. Hortik gutxira, alderdia lagata, irakaskuntzari heldu zion Estatu Batuetan, Harvardeko unibertsitatean. Afizio eta ofizio dexente zuen horretarako. Karlismoari dagokionez, saiatu bazen ere, txapelgorriak laukitzea erabat ez zuen lortu, baina, kontraesanak kontraesan, alderdi horren gehiengoa jarrera demokratikora, euskaltzalera eta aurrerakoietara eramaten saiatu zen. Lurra arina izan dakiola.

 

Berria-k argitaratua