Hizkuntza baten erabilera azaltzeko orduan, ohikoa da hiztunen kopuruaz, hizkuntza-gaitasunaz, transmisioaz edo hizkuntza-politikez hitz egitea. Gutxiagotan galdetzen diogu geure buruari espazioak berak zer eragin izan dezakeen hizkuntza-praktiketan. Hala ere, hizkuntzak ez dira espazio abstraktu batean erabiltzen. Kaleetan, plazetan, etxeetan, lantokietan, ikastetxeetan, dendetan edo kirolguneetan erabiltzen ditugu; azken batean, beste pertsona batzuekin harremanetan gaudenean.
Espazioa ez da, beraz, jarduera soziala gertatzen den agertoki neutro bat. Hirigintzak ez ditu kaleak, eraikinak eta azpiegiturak soilik antolatzen. Eguneroko jarduerak non kokatzen diren ere antolatzen du; nola mugitzen garen, non gelditzen garen, zer lekutatik igarotzen garen eta norekin egiten dugun topo baldintzatzen du. Horregatik, interesgarria da galdetzea ea espazioaren antolaketak hizkuntza-praktiketan ere eraginik izan dezakeen.
Galdera horri erantzuteko, ordea, kalearen edo auzoaren eskala baino urrunago begiratu behar dugu. Lurraldea hainbat eskalatan ulertu behar da: mundu mailako mugimenduetatik hasi, herrialdeen eta Euskal Herriaren egituratik igaro, herrien arteko harremanetara eta herri barruko auzoetara iritsi, eta, azkenik, eguneroko espazio publikoetara, plazara eta kalera. Eskala horietan mugimendu mota desberdinak gertatzen dira: migrazioek pertsonak lurralde batetik bestera eramaten dituzte; eguneroko mugimendu-fluxuek, berriz, herriak eta auzoak etengabe lotzen dituzte. Munduko eskalatik kaleko eskalara, pertsonen mugimenduak dira lurraldearen maila horiek guztiak elkarrekin lotzen dituzten harietako bat.

Multieskalaritatea: mundutik pertsonara. Iturria: Google earth
Euskal Herria: orografiak eta harremanek egituratutako lurraldea
Euskal Herria lurralde txikia da, baina bere baitan errealitate geografiko oso desberdinak biltzen ditu. Distantzia nahiko laburrean, itsasertzetik mendialdeetara eta haranetatik lautada zabaletara igarotzen gara. Lurraldearen berezitasun horiek asentamenduen kokapena eta herrien arteko harremanak baldintzatu dituzte historian zehar.
Euskal Herriaren iparraldean, erliebe malkartsuak eta haranek indar handia dute lurraldearen egituran. Bizkaian eta Gipuzkoan, ibaiertzetan eta haranen hondoetan garatu dira herrigune asko, eta horrek elkarrengandik nahiko hurbil dauden herrien sare polinuklearra osatu du. Ipar Euskal Herrian ere orografiak asentamenduen eta komunikazioen egituran eragin nabarmena izan du, nahiz eta kostaldearen eta barnealdearen artean alde handiak egon. Hegoalderantz, Araban eta Nafarroako zati handi batean, erliebea irekiagoa da eta asentamenduen egitura bestelakoa; Gasteizek eta Iruñeak, esaterako, beren inguruko lurraldearekiko zentralitate handiagoa hartu dute.
Geografia horrek ez du herrien kokapena bakarrik baldintzatu: haien arteko loturak, komunikazio-bideak eta, azken batean, pertsonen harreman-sareak ere egituratu ditu.
Euskalkien banaketari begiratzea ere interesgarria da ikuspegi horretatik. Hizkuntza-aldaeren banaketak denboran zehar eraikitako harreman-sareekin eta lurraldeen arteko komunikazioekin ere badu zerikusia. Hau da, lurraldeak pertsonen arteko harremanak baldintzatu dituen bezala, harreman horiek hizkuntzaren bilakaeran eta haren aldaeren banaketan ere islatu dira.

Euskal Herriko sare hidrografikoa euskalki desberdinekin gainjartzea. Iturria: Botoi ikerketa taldea
Komunikazio-bideek ere funtsezko zeregina izan dute. Historikoki, bideek hiriak eta herriak sortzen lagundu zuten: merkataritza-ibilbideek, erromatar galtzadek edo Donejakue Bideak pertsonen eta ondasunen fluxuak erakartzen zituzten, eta haien inguruan garatzen ziren asentamenduak. Industria Iraultzatik aurrera, ordea, logika hori neurri batean alderantzikatu egin zen. Hirien hazkundeak, industriaren kokapenak eta jarduera ekonomiko berriek errepideak, trenbideak eta bestelako azpiegiturak eraikitzeko beharra sortu zuten.
Horrela osatu da gaur egun ezagutzen dugun hiri-sarea, tamaina eta funtzio desberdinetako herri eta hirien arteko harremanen bidez. Herriak ez dira elementu isolatuak; beste herri eta hiriekin dituzten loturen barruan ulertu behar dira. Zerbitzuak, lantokiak, merkataritza, hezkuntza, osasuna edo aisialdia toki jakin batzuetan kontzentratzeak pertsonen joan-etorriak sortzen ditu. Horregatik, udalerri baten errealitatea ezin da beti haren muga administratiboen barruan soilik ulertu: inguruko herriekin eta hiriekin dituen loturek ere baldintzatzen dute.
Migrazioa: hiriak eta lurraldea eraldatzen dituen fenomenoa
Migrazioa ez da fenomeno berria. Gizakiak historian zehar mugitu dira klimaren ondorioz, elikagai eta baliabideen bila, merkataritzagatik, gatazketatik ihesi edo aukera ekonomiko berrien bila. Garai bakoitzean arrazoiak, distantziak eta mugimendu horien eskalak aldatu dira, baina pertsonen lekualdatzea etengabea izan da.
Lurraldearen forma fisikoa nahiko egonkorra izan daiteke, baina bertan bizi diren populazioak, jarduerak eta harreman-sareak etengabe aldatzen dira. Migrazioa da aldaketa horien motorretako bat, eta haren eragina bereziki ikusgarria da hirietan, biztanleriaren osaeran ez ezik, hiriaren hazkundean eta antolaketan ere isla baitaiteke.
Euskal Herrian ere populazio-mugimenduek eragin handia izan dute lurraldearen eta hirien bilakaeran, nahiz eta prozesuak eta erritmoak desberdinak izan lurralde batetik bestera. Industrializazioak aldaketa bereziki nabarmena ekarri zuen: Bizkaian eta Gipuzkoan lehenago, eta Araban eta Nafarroan geroago, industriaren hazkundeak eskulan-behar handia sortu zuen eta migrazio-fluxu garrantzitsuak erakarri zituen. Lapurdin, berriz, Baiona-Angelu-Biarritz inguruko hiri-hazkundeak eta kostaldeko jarduera ekonomikoen garapenak bestelako populazio-mugimenduak eta urbanizazio-prozesuak eragin dituzte. Aldi berean, landa-eremuetatik hirietarako mugimendua ere indartu zen. XX. mendearen erdialdetik aurrerako hazkundeak auzo berriak, industria-eremuak eta hiri-hedapen handiak ekarri zituen; hainbat kasutan, etxebizitza-premiak espazio publikoaren eta ekipamenduen garapenaren aurretik joan ziren.
Horrek guztiak hiriaren forma aldatu zuen, baina baita bertako populazioaren kokapena eta harreman-sareak ere.
Migrazioaz hizkuntzaren ikuspegitik hitz egiten dugunean, joera izan dezakegu migratzaileek zer hizkuntza dakiten edo ikasten duten aztertzeko. Baina bada beste ikuspegi bat ere: non kokatzen dira populazio berriak? Zer auzotan bizi dira? Zer zerbitzu erabiltzen dituzte? Non egiten dute lan? Non egiten dituzte erosketak? Zer harreman-saretan sartzen dira?
Migrazioak, beraz, ez du biztanleria-kopurua soilik aldatzen. Hirien hazkundean, populazioaren banaketan eta haien barne-egituran ere eragina izan dezake, eta aldaketa horiek mugikortasunean eta harreman-sareetan ere islatzen dira.
Mugimendu-fluxuak: bizilekua aldatu gabe mugitzea
Hala ere, migrazioa ez da lurraldea eraldatzen duen mugimendu bakarra. Garrantzitsua da migrazioaren eta eguneroko mugikortasunaren arteko bereizketa egitea.
Migrazioak, oro har, bizileku-aldaketa dakar eta herri edo auzo baten populazioaren osaera denboran zehar aldatzen du. Mugimendu-fluxuek, berriz, ez dute zertan bizileku-aldaketarik ekarri. Egunero egiten ditugun joan-etorriek beste geografia bat marrazten dute.
Herri batean bizi eta beste batean lan egin dezakegu. Seme-alabak beste auzo bateko ikastetxera eraman ditzakegu. Erosketak beste udalerri batean egin, ospitalera eskualdeko hiriburura joan, kirola ondoko herrian egin edo asteburuan kostaldera mugitu. Gure eguneroko bizitzaren lurraldea ez dator beti bat bizi garen udalerriarekin.
Eta gauza bera gertatzen da herri baten barruan. Auzo batean bizi, beste batean lan egin eta erdigunera erosketak egitera joan gaitezke. Ikastetxe batek, osasun-zentro batek, kiroldegi batek, administrazio-eraikin batek edo merkataritza-gune batek beste auzo batzuetako pertsonak erakartzen ditu.
Horrek galdera garrantzitsu batera eramaten gaitu: nor dago benetan auzo bateko kaleetan?
Erroldak esaten digu nor bizi den bertan. Baina ez digu esaten eguneko une bakoitzean nor dagoen espazio publikoan. Auzo batean bizi diren pertsonen ezaugarri soziolinguistikoak ezagutzea, beraz, ez da nahikoa auzo horretako kalean gertatzen diren hizkuntza-praktikak azaltzeko.
Horixe da hirigintzaren eta euskararen kale-erabileraren inguruko ikerketatik ateratzen den ideia interesgarrienetako bat. Ekipamenduen eta zerbitzuen kokapenak auzoen arteko fluxuak eragiten ditu, eta horiek kalean dagoen pertsona-multzoa alda dezakete. Ondorioz, auzo baten ezaugarri soziolinguistikoen eta bertan behatutako hizkuntza-erabileraren artean aldeak ager daitezke.
Migrazioak, beraz, nor bizi den aldatzen du; eguneroko mugikortasunak, berriz, une bakoitzean nor dagoen aldatzen du. Bereizketa hori funtsezkoa da espazioaren eta hizkuntzaren arteko harremana ulertzeko.
Espazio publikoa eta hizkuntza-praktikak
Azken hamarkadetan gure herrietako espazio publikoak nabarmen aldatu dira. Garai batean eguneroko jarduera asko gertutasunean egiten ziren: lantokiak eta tailerrak herri barruan zeuden, beheko solairuetako dendek kalearekin harreman zuzena zuten, eskolara edo lanera oinez joatea ohikoagoa zen eta eguneroko jardueren arteko distantziak txikiagoak ziren. Jardueren nahasketa handiago horrek kalean presentzia handiagoa eta pertsonen arteko topaketak errazten zituen.
Hiriaren hazkundearekin eta zonifikazioarekin, berriz, funtzioak gero eta gehiago bereizi dira: bizitokia toki batean, industria beste batean, merkataritza edo aisialdia beste batean. Horrek mugikortasuna handitu du eta, kasu askotan, auto pribatuarekiko mendekotasuna ere bai. Espazioaren antolaketa horrek eguneroko joan-etorriak erraz ditzake, baina aldi berean kalean egiten diren egonaldien iraupena eta aurrez aurreko harremanetarako aukerak murriztu ditzake.
Ez dago hiri-forma jakin baten eta euskararen erabileraren arteko kausalitate automatikorik. Dentsitate handiko auzo batek ez du berez euskararen erabilera handiagoa bermatzen, eta erabilera mistoko kale batek ere ez. Hizkuntza-praktiketan faktore soziolinguistiko, demografiko, ekonomiko eta kultural askok eragiten dute, baina espazioak harremanak gertatzeko baldintzak sortu, erraztu edo mugatu ditzake.
Herrietako alde zaharrek eta lehen zabalguneek, oro har, jarduera eta zerbitzu gehiago biltzen dituzte, eta horrek herriko beste auzoetako jendea erakartzen du. Pertsona gehiago elkartzeak topaketarako aukera gehiago sortzen ditu, baina baita elkar ezagutzen ez duten pertsonen arteko kontaktuak ere. Ikerketan ikusten denez, egoera horietan hizkuntza hegemonikora egokitzeko joera ager daiteke, euskal hiztunak elebidunak direlako eta solaskide ezezagunak euskaraz dakien ala ez aurrez jakitea zaila delako.
Beste espazio batzuek, aldiz, harreman errepikatuagoak eta gertukoagoak sor ditzakete. Haurren presentzia bereziki interesgarria da. Ikerketaren emaitzetan, haurren presentzia handiagoa euskararen erabilera handiagoarekin lotzen da, eta haurrak kalean egotea errazten duten hirigintza-erabakiek —eskolen kokapenak, jolasguneek edo eguneroko merkataritzarekiko gertutasunak— hizkuntza-erabilerarako baldintza jakin batzuk sortzen dituztela ikusi da.
Ez da jolas-parke batek euskara sortzen duelako. Gakoa harremanetan dago. Haurrak, gurasoak, zaintzaileak, dendariak eta auzoko beste pertsona batzuk espazio berean eta behin eta berriro elkartzen direnean, harremanak eraikitzeko aukerak ugaritzen dira.
Horregatik, espazio publiko biziak, gertuko zerbitzuak, oinezkoentzako ibilbideak, tokiko merkataritza edo auzo barruko topaguneak ez dira soilik hirigintzaren edo bizi-kalitatearen gaiak. Komunitatea eraikitzeko azpiegiturak ere badira. Ikerketaren ondorioek, hain zuzen, oinezkoen fluxuak erdigune nagusitik harago sustatzea, zerbitzuen inguruko ibilbideak lotzea eta zerbitzu, topagune eta eguneroko jarduerak uztartzen dituzten kale multifuntzionalak bultzatzea proposatzen dute.
Espazioa, harremanak eta hizkuntza
Orografiak eta historiak herrien kokapena eta harreman-sareak baldintzatu dituzte. Azpiegiturek eta jarduera ekonomikoek herrien arteko loturak eraldatu dituzte. Migrazio-prozesuek hirien hazkundean eta egituran eragin dute, eta eraldaketa horiek biztanleriaren kokapenean, jardueren banaketan, mugikortasunean eta harremanetan ere islatu dira. Hirigintzak, azken batean, prozesu horiek guztiak espazioan gauzatzeko modua baldintzatzen du: non bizi garen, nora joaten garen, non gelditzen garen eta norekin egiten dugun topo.
Hizkuntza-praktikak harreman horietan gauzatzen dira. Horregatik, lurraldea ez da hizkuntza gertatzen den agertokia bakarrik, hiztunen arteko harremanak ahalbidetzen, bideratzen edo mugatzen dituen egitura ere bada.
Euskararen erabileraz pentsatzean, hiztunen kopurua, hizkuntza-gaitasuna, transmisioa edo hizkuntza-politikak ezinbestekoak izaten jarraitzen dute. Baina horiekin batera beste galdera batzuk ere egin ditzakegu: zer harreman mota ahalbidetzen dituzte gure herriek? Nola mugitzen gara haien barruan eta haien artean? Zer pertsona erakartzen dituzte gure auzoek? Zer espaziotan egiten dugu topo? Zenbat denbora ematen dugu haietan? Eta zer gertatzen da hizkuntza-hautuarekin topaketa horietan?
Ez dago euskararen erabilera automatikoki bermatuko duen hiri-formularik. Hirigintzak ez du erabakitzen zer hizkuntzatan egingo dugun. Baina bai, neurri batean, non elkartuko garen, norekin egingo dugun topo eta zer harreman sortzeko aukera izango dugun.
Migrazioak hirien egitura eta populazio-dinamikak eraldatzen dituzten prozesuetako bat dira; eguneroko mugikortasunak, berriz, une bakoitzean espazioan nor dagoen aldatzen du. Hirigintzak topaketa horiek non eta nola gertatzeko baldintzak sortzen ditu. Hizkuntzak, azken batean, pertsonen artean erabiltzen dira, eta pertsonen arteko harremanak ez dira espaziotik kanpo gertatzen.
Horregatik, euskararen erabileraren etorkizunaz pentsatzean, hizkuntza-politikaren eta hirigintzaren arteko elkarrizketa ere indartu beharko litzateke. Ez hirigintzak hizkuntza-politika ordezkatu behar duelako, baizik eta hizkuntza-praktikak gertatzeko baldintzen parte delako. Hiztun-komunitate batek hiztunak behar ditu, baina baita hiztun horiek elkar topatzeko, egoteko, elkar ezagutzeko eta eguneroko bizitza partekatzeko espazioak ere.
Bibliografia
Botoi Ikerketa Taldea (EHU) eta Soziolinguistika Klusterra. (2026). Hirigintzaren eragina euskararen kale-erabileran.
Telleria Andueza, K., Otamendi Irizar, I. eta Santolaria del Campo, O. (2022). Kaleen bilakaera eta euskararen erabilera. Zein da lotura?. BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 125, 53–71.
https://www.euskonews.eus/zbk/796/urbanismoa-migrazioa-eta-euskararen-erabilera-espazioaren-eragina-hizkuntza-praktiketan/ar-0796001002E/?utm_source=Eusko+Ikaskuntza+-+Buletinak&utm_campaign=0a8e614434-EMAIL_CAMPAIGN_2018_12_11_10_11_COPY_01&utm_medium=email&utm_term=0_28dd1f2e5f-0a8e614434-197760677
EUSKONEWS, 796 Zenbakia








