Maddi Hegi Iparretarrak (IK) erakunde armatuko kide zenaren ibilbidea ardatz harturik, ‘Hegal egiten’ (Elkar, 2026) eleberria ondu du Eneko Bidegain idazleak, Elkar-EKE bekari esker. Egilearen ustez, Maddi Hegi «euskaldunen iratzartzearen sinbolo» izan daiteke.

Eneko Bidegain idazlearen hirugarren eleberria da ‘Hegal egiten’. (Patxi BELTZAIZ)
Aurtengo abenduaren 13an, 40 beteko dira Maddi Hegi eta Gabi Mouesca euskal preso politikoek, Iparretarrakeko (IK) komando baten laguntzarekin, Paueko presondegitik ihes egin zutenetik. Bertako zuzendaria mehatxupean zeukatela sartu ziren IK-ko kideak presondegira. Hala, jendarmeen uniformeak jantzirik, gatibuen lekualdatze bat antzeztu eta beraiekin eraman zituzten militantzia kideak.
Eneko Bidegainek (1975, Baiona) ihesaldiari buruzko xehetasunekin eta Maddi Hegi zenaren bizipenekin harilkatu du ‘Hegal egiten’ (Elkar, 2026) eleberria. Horretarako, IK-ko kide ohiekin zein Maddi Hegiren senide eta lagunekin solastatu da idazlea, eta heletarrak presondegitik igorritako gutunak nahiz ziegara iritsi zitzaizkionak irakurri ahal izan ditu. Paueko ihesalditik lau hamarkadara eta IK-ko kide zenaren heriotzatik 39 urte iraganik, «Maddi Hegiren pertsonaz eta engaiamenduaz jakin ez diren», baina eleberrian aipagai diren kontuak argitara atera nahi izan dituela azaldu dio Bidegainek KAZETAri.
‘Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia’ saiakera argitaratu zenuen 2007an. Zergatik heldu nahi izan diozu IK-ren gaiari fikziotik?
Duela 20 urte, liburua atera nuenean IK-ri buruz, egia da kapitulu batean esplikatu nuela ihesaldiaren kontua. Eta orduan pentsatu nuen ihesaldiak kapitulu baterako baino anitzez gehiagorako ematen zuela. Bereziki egokia iruditzen zitzaidan literatura egitea horrekin. 2020an liburua berrargitaratu zen, agortua egon baitzen hainbat urtez, eta orduan aukera izan nuen zenbait aurkezpen egiteko. Gazte batzuek irakurri zuten liburua eta ez zuten deus ezagutzen IK-ri buruz, ez zekiten izan zenik ere.
Bereziki txunditu zituen ihesaldiaren kapitulu horrek eta erran zidaten: «Horrekin bada serie bat egitekoa!». Orduan, pentsatu nuen: «Serie bat nik ez dut eginen, baina eleberri bat bai, zergatik ez?».
Eleberri hau Maddi Hegiren ibilbidearen berri izateko aukera izan daiteke irakurlearentzat?
Nik uste dut edozeinentzat zerbait ikasteko aukera izanen dela. Bistan da, garai hura ezagutu ez dutenentzat eta honetaz deus entzun ez dutenentzat dena izanen da berria. Nahi nuke balio dezala garai bat ezagut dezaten; garai horrekin batera, Euskal Herrian periferiatzat hartzen den toki bateko mugimendua ezagut dezaten. Baina, garai hura bizi izan zutenentzat, hainbat datu berri ere izanen dira. Bistan da, ihesaldiari buruzko xehetasun ainitz sekula ez dira idatzi eta Maddi Hegiren pertsonaz, engaiamenduaz ere, gauza ainitz ez dira jakin; eta liburu honetan horiek ere kontatzen dira.
Liburuan belaunaldi baten erretratua egin duzu, nolabait: euskalduntasuna ukatzetik, euskaldun gisa afirmatu eta ahalduntzera iragan zen belaunaldi batena.
Bai, bistan da. Liburu hau bada belaunaldi baten argazkia. Maddi horren sinbolo da nonbait, 80ko hamarkadan edo pixka bat lehenago hasi zen iratzartze horren sinbolo. Maddik berak euskarari uko egin zion nerabea zela, euskalduna zen sortzez, baina nerabezaroan iruditzen zitzaion ahalkegarria zela euskaraz mintzatzea Baionan; beraz, galdu zuen. Gerora, gazte garaian kontzientzia hartu zuen eta euskara ere berreskuratu zuen. Aitzineko belaunaldiek euskarari uko egin zioten, Euskal Herriari ere anitzek, Euskal Herritik joan baitziren, gehienetan arrazoi ekonomikoengatik. Bazen euskarari eta Euskal Herriari ukapen bat eta haiek ez ziren itzuli euskara eta euskal kontzientziara; aldiz, Maddiren belaunaldiko ainitz, bai itzuli ziren eta kontzientzia hartu zuten.
Garai hartako belaunaldiaren errealitate bat dira ere egoera ekonomikoa, lan egoera, besta egiteko manerak, harremanak bizitzeko manerak… Drogaren presentzia ere; batzuetan pentsatzen dugu droga eta mundu militantea arras hermetikoak direla, ez dela bien arteko zubirik, eta ikusten dugu badirela zubiak, kontsumoaren aldetik. Badira harremanak trafikoan ari direnen eta erakunde armatuen artean; bada, besteak beste, armak eskuratzeko; eta horrek sortzen ditu arazoak, trafikoan ari diren batzuek Poliziarekin harremana dutelako.
Hegiren engaiamendu politikoari ez ezik, haren lagunarteko edo familiako harremanei ere jarri nahi izan diezu arreta.
Politikaz, mugimendu abertzaleaz eta militantziaz ari garenean, hor dago saiakeraren eta eleberriaren arteko ezberdintasuna. Literatura egiten dugunean, pertsonaiak sortzen dira eta bizia eman behar zaie. Uste dut Maddi ezagutu behar dugula militante gisa. Bere biziaren alderdi inportantea izan zen; alabaina, preso pasa zituen urte bat eta erdi eta gero sasitarra ere izan zen. Eta aitzinetik preso sartu bazuten, zerbaitegatik izan zen. Baina, Maddi militanteaz aparte, eta gainerakoak militante izateaz aparte, bizi pertsonala ere badute: harremanak familiarekin, harremanak lagunekin, eta abar… Eta iruditzen zait gauza horiek ere kontatu behar direla: gertakariak, gogoetak, sentimendu intimoak, beldurrak eta ametsak…
Gero, inportantea den beste elementu bat istorioarendako, pertsonaren izaeraren deskribapenaz haratago, da Maddik zer harreman zuen gurasoekin. Bere gurasoak ez baitziren abertzaleak, militante gehienen gurasoen gisa berean, garai horretan. Ez zuten aise ulertu eta onartu seme-alaben engaiamendua. Gaizki-ulertuak, tentsioak kontatzen dira.
Hegiren militantzia kide izandakoek nola hartu dute proiektua?
Duela zenbait urte, hasi nintzenean berriz ideia honekin, IK-ko kide ohiengana jo nuen, ideia planteatu nien eta ados ziren. Inportantea zen jakitea eta prest ziren mintzatzeko orain arte baino gehiago. Prest baziren, bazen liburu baterako gaia. Haien baiezkoa jaso nuenean, hainbat elkarrizketa egiten hasi nintzen, ihesaldia antolatu eta horretan parte hartu zuten batzuekin, Maddiren lagun eta inguruko jendearekin edo haren ziega kide izandakoekin. Prozesu horretan, erabili nituen orduko prentsa artikuluak. Betiere, kasu eginez; kontuan hartu behar da bereziki frantses hedabideek Poliziaren iturriak baliatzen zituztela, eta iturri horiek interesatuak direla.
Eta gero, erabili nituen Maddiren gutunak. Aukera izan nuen bere presondegiko gutun batzuk irakurtzeko. Eta uste dut hori biziki manera inportantea dela Maddi ezagutzeko, bere hitzak, bere mintzatzeko manera, bere pasioa, ea sutsua zen edo lasaia zen. Gutunetan ageri da pertsonaren zati bat biziki indartsua dena.

Liburuaren aurkezpena, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)
Nola uztartu dituzu egia eta fikzioa eleberrian?
Inportantea da horretaz mintzatzea. Izan zitekeen denen izenak aldatzea eta denak fikzionatzea, nahiz eta ihesaldiari eta Maddiren presondegiko biziari dagozkion gauzak errealitatean oinarritzen diren. Ihesaldian inplikatuak ziren pertsona gehienen izenak ez nituen jakin; eta, jakin izan banitu ere, haien anonimotasuna bermatzeko izen faltsuak erabili beharko nituzkeen. Horregatik sortu ditut izen eta bizitza publiko faltsuak beren kasuan. Aldiz, IK-n pasaturiko gauzak edo ihesaldiaren prestaketan gertaturiko gauzak benetakoak dira. Maddiren eta Gabiren kasuan, aukera bat zen haien izenak aldatzea, baina gogoetatu ondoan iruditu zitzaidan ez zela aukera egokia. Bi kliketan jakin dezakegu nor ziren ihes egin zutenak, orduan, zergatik aldatu izenak? Ez zitzaidan egokia iruditzen. Gainera, Maddiren kasuan, berea ez da Euskal Herriko memoria historikoan gelditu den izena. Bere ingurukoek, bere garaia ezagutu zutenek, gogoan dute, baina gainerakoan, beste izen asko bezala, ahantzia da. Orduan, inportantea iruditzen zitzaidan ekartzea herri memoria horretara, bere izen-abizenekin.
Gainera, istorioaren harian eta Maddi Hegiren ibilbidean inportantzia izan du izenak. Ofizialki Marie-France zen bere izena eta etxean hala deitzen zuten. Eta berak momentu batean erabaki zuen Maddi izena hartzea, kontzientzia politiko horren bilakaeraren parte. Bistan da, Marie-Francek jokoa ematen du, zerbaitegatik eman zioten Marie-France izena. Hor badago bere gurasoek Frantziarekiko zuten atxikimenduaren aztarna. Gero, epaileek, prentsa frantsesak, Poliziak, kartzelazainek, Marie-France izena baliatzen zuten; kasik min egiteko bezala. Horregatik guziagatik erabaki nuen Maddi eta Gabiren izenak atxikitzea. Gatazka armatuaren ondorioz hil ziren eta desagertu zirenen egiazko izenak ere atxiki ditut. Gainerakoen kasuan, izan Maddiren lagunak, izan militanteak, izan Maddiren ziega kideak, horiek guzien izenak aldatu ditut.
‘Hegal egiten’ du izenburua eleberriak; liburuan zehar ere behin eta berriz agertzen dira kantu zatiak Maddiren ahotsean. Zergatik hautatu zenuen izenburu hori?
Maddiren lagunekin elkarrizketak egiten hasi nintzenean, aski fite jakin nuen Maddi musikazalea zela, garai hartako musika anitz entzuten zuela, maite zuela. Bereziki Itoiz zuela talde gustukoena, eta talde horren ‘Hegal egiten’ zela bere kantu kuttunena, gutunetan ere maiz aipatzen zuen; orduan, berehala ikusi nuen izenburu egokia izan zitekeela. Gai honi loturik, gainera, biziki iradokitzailea da.
Txomin Olhagaray IK-ko kide zena oroitzeko Itsasun egin margolanaren aurka jo zuen Pirinio Atlantikoetako prefetak iragan irailean. Egiari Zor fundazioak Ipar Euskal Herrian ere jardunen duela iragarri zuen duela zenbait aste. Memoria historikoaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, zein ekarpen egin dezakete sortzaileek?
Uste dut literaturan, zineman edo musikan, edozein arlotan ari garenok, badugula eginkizun bat. Noski, denak ez dira behartuak ildo hori hartzera edo memoria lantzera. Uste dut herri guziek, estatu izan ala ez, lantzen dutela beren memoria historikoa. Euskaldunok gure ikuspegitik kontatu behar dugu gure historia hurbila; zeren eta, bestela, besteek kontatzen baitute. Sortzen dituzte serieak, filmak, produkzio handiak; baliabideekin, baina bestelako begirada batekin, gehienbat zapaltzailearen begiradarekin.
Saiakera batean, irakurleak urrunetik, eta modu hotz, kirurgiko batean begiratzen du. Literaturan, aldiz, murgiltzen da. Beraz, kasu honetan, Maddirekin egonen da kartzelan, Maddirekin egonen da ihesean, komandoarekin, IK-koekin egonen da eta ihesaldia nola prestatzen duten ikusiko du.
Kazeta







