Kolonialismoa bor-bor, hemen eta han

Bor-bor, udaldian bero erreak eta Ceutako krisiaren berriak egosi gaitu. Etsiak jota erbesteko bidea hartu duten hamar milaka pertsona heldu dira Afrikako hiri horretara. Abuztuko barealdiaren ondotik, ez du luze jo barne sosegua hausteko eta Espainiako eta gure arteko hedabideak jo eta su ekiteko. Ceutakoa eraso hibrido bat izan ei da, arma gabeko gerra ekintza eta, beraz, «subiranotasun eta segurtasun nazionalaren» haustura.

2020an, AEBk, Israelek, Marokok eta beste arabiar herrialde batzuek Abrahamgo Akordioak sinatu zituzten, eta hartara, Israelek Ipar Afrikaren ipar-mendebaldean eskua sartu. Sionismoaren interes sarearen joko kolonial berri bat, bide batez Espainiako Gobernua desegonkortzeko baliatua, itxura guztien arabera. Maroko 2030eko futbol mundiala da egitekoa Espainia eta Portugalekin, balentria (politiko) handia. Nazio kohesio eta proiekziorako aukera: apoteosi nazionala; ez gurea, ordea. Kolon.

Udako bero zaparen erdian, Rif bisitatzeko atsegina izan dut, Nador hiria, amazigen kongresu batean parte hartuz, euskal elkarte biren laguntzaz. Melillan bueltan eraman gintuen taxilari amazigak irmo defendatu zituen muga zeharkatzen duten migratzaileak. Atsekabez gogoratzen zuen, halaber, 1970eko hamarkadan, gauean militar espainiarrak kasernetatik kanpora nola oldartzen ziren asteburuetan hiriko emakumeak bortxatzera. Penaz ikusi dut: Nadorren, ihes egin nahiko luketenek ere Marokoko futbol selekzioa babesten zuten. Ceutako jende oldekoen artean, berriz, Espainiako kamisetak, amorruz eraso egin dietenek janzten zituzten berberak. Kolon.

Kolonialismo espainiarraren markak hor daude, Melillan bertan. Inoizko harrizko txorimalo frankista handiena ikusi dut, plazaren erdian tente eta erne: Memorial a los heroes de España. Melillatik abiatu zen 1936ko estatu kolpea. Gurean, 90 urte joan dira oraintxe kolpismo militaristak Irun, Oarsoaldea eta Donostia okupatu zituela. 1936ko irailean, faxistek beren Espainiako banderak ekarri zituzten. Bonba supiztailez eta España gurutzaontziaren tiroz, Irunen zati handi bat kiskali zuten.

Gurean bezala, kolonialismoak marka utzi die amazigei, alerta piztu da: Mohamed Hammu idazleak, berbera Melillako amaziga, gogora ekarri digu bertako herritar asko amazigeraz mintzo zirela ez aspaldi. Ez gehiago. Hori gutxi balitz bezala, Rifera fundamentalista arabiarrak heldu dira. Euskal Herrian, berriz, futbola fundamentala. Agintariek Espainiako kirol selekzio nazionalen monopolioa berri dute, pantaila publikoak eskaini zituzten (nortzuek eta Sabin Aranaren ondorengoek eta ustez langileriaren ordezkari nahi dutenek!).

Udako espainiar futbol mozkorraldiaren uberan, Ceutako erauntsia heldu da. Eztanda egin du katarsi nazionalistak: «Ceuta es España». Elkartasunaren aitzakian, hor da oldarra: piperpotoa eta «Yo soy español» leloa Donostiako udaletxe parean, Filipinak eta Kuba galdu izan balituzte bezala. Bizirik gaude, ordea, eta poztu naiz: aurrean zuten herritar andana luze baten erantzuna, erreakziyoa, analogikoa, kalekoa. 

Gaurko sistema digitalen eta transnazionalen matazan, ezin guztiz independenteak izan. Zilegi, ordea, gure askatasun orubea ereitea. Geure selekzioak, epaile arrotzik (pertsona-suntsitzailerik) ez, eta Ikurrina alboan. «Ez, herri bat ezin bere sinbolorik gabe bizi», adierazi zuen Pello Reparazek Mitoaroa ikuskizunean, eta bat nator harekin. Aste honetan jakin dugu: bandera aldean dutela, beren etxea eraikitzen dabiltza jada Irlanda, Gales eta Eskozia Britainiar Uharteetan, Ingalaterratik banatzeko ahaleginean. Nori berea, guk geurea. 

https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-iritzia-inaki-lopez-de-luzuriaga-irun-4/