Joseba Asiron: «Erorien Monumentuarekin ezer ez egitea ez zen aukera bat»

Iruñeko alkatea

Bete da urtea Iruñeko Udalean Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta aurrera atera zenetik. Orduz geroztik, Joseba Asiron da hiri buruzagiko alkatea, eta udal Gobernuan Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen babesa du. NAIZ Irratian izan da urtearen balantzea azaltzen; solasean agertu dira Erorien Monumentua, Sarasate pasealekua…

(Iñigo URIZ | FOKU)

SARASATE

«Pasealekua hiriaren toki zentral eta erreferentea izateko sortu zen. Galdu egin zuen paper hori eta orain berreskuratu nahi dugu»

HAURRESKOLAK

«Alkate honek bere taldeko zortzi zinegotzi ditu Udalaren bigarren taldea izanik. Gehiengoa lortzeko hamalau zinegotzi behar dira. PSN da gehiengoa ematen diguna, baina badakigu hizkuntza politikan gauzak ez direla hain errazak»

Oposizioko lehen indarra izatetik Gobernuan beste bi alderdirekin egotera igaro zarete eta aurrekontuetan PSNren babesa eskuratu da. Nolako balantzea egingo zenuke?

Uste dut oso positiboa dela; zerbait objektiboa da. Orain dela urtebete paralisi gorrian zegoen Iruñea eta hiriko proiektu handiak guztiz geldituta. Urtebete pasa denean bitik bi aurrekontu ditugu; historian izandako aurrekontu handienak, gainera. Orain dela hamaika hilabete aurkeztu genuen etxebizitza plana eta, horretaz gain ere, esan dezakegu proiektu handi horiek martxan daudela. Auzoetan ere aurrerapauso handiak eman dira. Aurten 30 milioi inbertituko ditugu auzoetan.

Nabarmendu duzue paralisiari bukaera eman zaiola.

Etengabe aipatu ditudan arazoak, etxebizitzarena esaterako, badakigu herritarrentzat, eta, batez ere, gazteentzat, arazo larrienetako bat dela.

Familiek errentaren %45 gastatzen dute etxebizitza ordaintzen. Gazteen emantzipatzeko adina 27 urteetan dago batez beste. Eskaintzen dugun etxe bakoitzarengatik 51 eskaera iristen dira. Horrek interpelatzen gaitu eta horregatik pasa den urteko otsailean aurkeztu genuen etxebizitza plana. 720 etxebizitza ingururen tramitazioa hasi dugu.

Zuhaitzak izan dira eztabaida eragin izan duten elementuak. Eztabaida politikoaren azken heldulekua dira?

Ez dut uste. Azkenean Gurutze plazan aurkeztutakoa eskuinak aurkeztu zuen eta Belosoko aldaparen kasuan eskuinak diseinatu, onartu, sinatu eta esleitu zuen proiektua. Guri egokitu zitzaiguna izan zen exekutatzea, eta ahalik eta modu arinenean egin genuen. Datorren hilabetean landatuko dira zuhaitzak eta ahalegindu gara zuhaitz gorpuztuak izan daitezen. Ziur naiz hemendik gutxira Belosoko aldapak hartuko duela itxura. Hala ere, zuhaitzek badakigu aldaketa klimatikoarekin asko sufritzen dutela. Iruñean orain zero azpiko tenperaturan gaude egunero eta uda iristen denean hiri beroa da. Beraz, babes klimatikoaren garrantzia oso handia da. Orain Iruñean gutxi gorabehera 60.000 zuhaitz daudela, hiri berdea da. Gainera, aurten 1.400 zuhaitz landatu dira. Bermatua dago eta horrela izango da.

Sarasate pasealekuaren berriztatzea adostuta dago. Herritarrek zein aldaketa topatuko dituzte zumardian?

Sarasate pasealekua hiriaren toki zentrala eta erreferentea izateko sortu zen. Gaizki planteatutako ekimen batzuengatik galdu egin zuen paper hori eta orain berreskuratu egin nahi dugu, bere kokapenarengatik eta duen historiagatik oso toki garrantzitsua delako.

Horrez gain, orain dauden elementu sinbolikoek egoten jarraituko dute: Foruen monumentuak, Diputazioko eraikinak eta Parlamentuak. Horri gehituko zaio Sarasateren brontzezko tamaina naturaleko eskultura bat, eta baita Jorge Oteizaren eskultura bat ere. Sarasate pasealekua hasiera batean planteatu zena izango da, Alde Zaharraren eta Zabalgunearen arteko zubia.

Aldaketa urbanistikoei dagokienez, Erorien Monumentua moldatzea ere aurreikusita dago. Zertan daude lanak?

Egon ahal ziren modu bakarrean. Behin baino gehiagotan esan dut Erorien Monumentuari irtenbide memorialistiko eta urbanistikoa emateko hiru pauso daudela. Momentuz lehenengoan gaude: alderdien arteko akordioan, horren bidez bakarrik lor daitekeelako finantziazioa. Horretarako gehiengoaren zati ezinbestekoa da PSN. Bigarren pausoa izango da, behin finantziazioa bermatuta dagoenean, eraikinari duen babesa kentzea. Ezin daiteke deus egin babes horrek irauten duen bitartean. Hori aldatzeko behar da, berriro ere, gehiengo politiko bat Parlamentuan.

Hirugarren agertokia izango da momentu bat non Udalak eratu beharko duen behar bezalako ideien lehiaketa bat. Guri, alderdi politikoei, dagokiguna da bitartekoak jartzea eta bidea irekitzea.

Kexa adierazi zuten hainbat elkarte memorialistak eta frankismoaren biktima zenbaitek. Udalak zer egingo du beraiekin kontsentsua lortu ahal izateko?

Saiatuko gara. Hiriaren egoeraren inguruko eztabaidan komentatu nuen, autokritika eginez, penagarria izan dela ez izatea kontsentsu handiago bat. Ziur naiz denborarekin eta prozesua aurrera doan heinean jende gehiago batzen joango dela. Azken finean, guztiok nahi duguna da orain arte iraingarria izan den eraikin horrek iraingarritasuna galtzea. Irtenbide bat berau eraistea zen, baina hori posible ez denez, ez dagoelako ez akordio politikorik, ez finantziaziorik, bi aukera izan ditugu: alderdien arteko akordioa edo ezer ez egitea. Deus ez egitea izan da nahi izan ez dugun aukera bakarra.

EH Bilduren barruan, mantentzearen edo eraistearen inguruko lanketa edo pedagogia egin behar izan duzue?

Ez bereziki. Sare sozialetan eta baita bileretan ere atera den gaia da. Honi buruz mundu guztiak du iritzi bat eta “proiektua” buruan. Guztiok nahiko genituzke eskuak libre eduki nahi duguna egiteko, baina kontziente izan behar gara bi aukera besterik ez direla egon. Iritsiko da erabakiak hartzeko momentua.

Berriki esan duzu haur eskoletako gurasoen kritikak bidesaria direla. Zabaldu egingo da euskarazko eskaintza?

Horretarako ere ikusi behar dugu zein den testuingurua. Askotan esaten dugu Iruñean Alkatetza abertzaleen eskuetan dagoela eta euskararen aldeko politikak bermatuko dituela. Egia da hori, baina benetako errealitate gordina zein da? Alkate honek bere taldeko zortzi zinegotzi dituela, Udaleko bigarren taldea izanik. Gehiengoa lortzeko hamalau zinegotzi izan behar dira. Ni orain eserita nagoen tokian lan egiten hasteko atera behar dut bulegotik eta beste alderdietako ateak jo. Orduan, adibidez, PSN da gehiengoa ematen diguna, baina badakigu hizkuntza politikan gauzak ez direla hain errazak. Inportanteena da pedagogia egitea eta mahai gainean elementuak jartzea.

PSNk asumitua du eskaintza eta eskaria gutxienez parekatu behar direla, nahiz eta ez den hori legeak esaten duena. Garai bateko Euskararen Legeak esaten du euskara bultzatu behar dela eta hori ez da eskari eta eskaintzaren arteko orekan lortzen. Pausoz pauso, eta pedagogia eta pazientziarekin aritu beharko dugu.

Badakigu pazientzia asko izan dugula, hamarkada luzeak daramatzagula gai honekin. Aurrerapausoak emango dira legealdi honetan eta espero dut hemendik gutxira haur eskolen aferan ere nabarituko dela.

Naiz