Karpatoetako Rusa. Rusiniarrak eta beren nortasun nazionala

Karpatoetako Rusa Karpato mendikatearen iparraldeko eta hegoaldeko isurialdeak hartzen dituen lurralde historikoa da. 18.000 km2-ko azalera du eta 375 km-tan zehar hedatzen da, Poprad ibaitik, mendebaldean, Tisza ibaiaren eta haren ibaiadarren goialderaino, ekialdean. Lurralde hau, Hungariako Erresumaren (Inperio Austria-Hungariarraren) ipar-ekialdeko muga osatu zuena, gaur egun lau eskualdetan banatuta dago: Lemko (Poloniako hegoaldean), Presov (Eslovakiako ekialdean), Maramures (Errumaniako iparraldean) eta Rus Subkarpatikoa (Ukrainako mendebaldean). Beraz, Karpatoetako Rusaren lurraldea Polonia, Eslovakia, Ukraina eta Errumaniako mugen barruan dago gaur egun.

Mendi garaien azpiko paisaian muino basotsuak, zelai zabalak, haran sakonak eta ibai zabalak dira nagusi. XX. mendera arte, karpato-rusiniar gehienak landa-eremuetan bizi ziren, eta biziraupeneko nekazaritzan aritzen ziren, zenbait kasutan abereen (batez ere ardien) artzaintzarekin eta basoekin lotutako lanekin batera. Hiri gutxi daude (Uzhhorod, Presov, Gorlice, Mukacheve) eta garrantzi apalekoak. Gainpopulazioak eta landa-pobreziak emigratzera behartu zituzten rusiniar asko.

Karpatoetako Rus historikoa

Nor dira rusiniarrak?

Karpatoetako Ruseko biztanleak rusiniarrak dira (beste izenekin ere ezagunak dira: rusnak, ruteniar, lemko, karpato-errusiar, karpato-rusiniar eta karpato-ukrainar). Rusiniarrak antzinako lurralde honetan bizi izan dira 1000 urte baino gehiagoz, denbora honen zatirik handiena Hungariako Erresumaren edo Poloniako Erresumaren pean. Rusiniarrak ekialdeko talde eslaviar askoz handiago baten adar txiki batekoak dira, bielorrusiarrak eta ukrainarrak barne hartzen dituena; garai batean biei izen bera ematen zitzaien, baina karpato-rusiniarrek berezko ezaugarri kultural bereizgarriak dituzte. Lurralde hau ez zen inoiz Bielorrusiako edo Ukrainako Estatu berean sartu, eta ingurune historiko ezberdin honek, halabeharrez, ohitura eta ezaugarri ezberdinak ekarri zituen. Eta, hain zuzen ere, rusiniarrek, Karpato mendi garaietako mendialdean bizi zirenek, Hungariako administrazioaren, valakiarren migrazio masiboen eta eslovakiar gizartearen eragin erabakigarria izan zuten, eta horrek guztiak kultura, hizkuntza eta identitate bakar eta bereizgarriak gararazi zizkien.

Rusiniarrek ekialdeko eslaviar hizkuntza bat hitz egiten dute, rusiniera, hainbat dialekto lotuak dituena. Aniztasun linguistiko eta etnografikoaren ondorioz, adituek mendebaldeko eta ekialdeko taldeetan banatu dituzte. Mendebaldeko taldeek (batez ere egungo Polonian eta Eslovakian) lemkoak eta rusnakak hartzen dituzte; ekialdeko taldeek (Ukrainako Transkarpatia oblastean eta Errumaniako Maramures eskualdean) Dolyniane, Verkhovyntsi eta hutsul kopuru txiki bat.

Erlijioari dagokionez, rusiniarrak bizantziar eliza katolikoko (grekoa) edo eliza ortodoxoko kideak dira. Rusiniarrak “inoren lurraldeko” herri gisa ezagutzen dira askotan, beste botere politikoen aldetik izan duten menderatze-historia dela eta. Honi dagokionez, argigarria da rusiniar batek bere bizitzari buruz kontatzen duen hurrengo istorioa: “Austria-Hungariako Inperioan jaio nintzen, Txekoslovakiako eskolara joan nintzen, Hungarian ezkondu nintzen, nere bizitzaren zatirik handiena Sobietar Batasunean bizi eta lan egin nuen, Ukrainan lurperatua izan nintzen, baina inoiz ez nuen nere herria utzi”.

Karpatoetako Rusa. Banaketa etnografikoa

Aurrekari historikoak

V. eta VI. mendeetan, karpato-rusiniarren arbasoak Karpatoetako haranen inguruko lurraldeetan agertzen hasiak ziren. Izan ere, herri eslaviar guztien jatorrizko aberria Karpatoen iparraldean zegoen, gaur egun Poloniako ekialdean, Bielorrusiako hego-mendebaldean eta Ukrainako ipar-mendebaldean. 440ko hamarkadan, hunoak Erdialdeko Asiako estepetatik sartu ziren Erdialdeko Europan, eta jatorrizko eslaviar aberria zeharkatu zuten, haiekin tribu eslaviar batzuk ekarriz. Eslaviar iritsi berri horietako batzuk Panoniako lautada handian eta Danubio ibaiaren bi aldeetan kokatu ziren etengabe, baita Karpatoen inguruetan ere.

X. eta XI. mendeetan, rusiniarren eskualdea, hain zuzen ere, Kieveko Rus estatuaren mugan zegoen, Ukraina eta Errusiako gaur egungo estatuen lehen aurrekari ezaguna.

XI. mendean, magiarrek (hungariarrek) Karpatoetako Rus eskualdea konkistatu zuten, eta, ordutik aurrera, Hungariako Erresumaren zati izan zen.

1867tik (Habsburgotarren Inperioaren eta Hungariako Erresumaren bat-egitearen ondorioz Austria-Hungariako Inperioa sortu zen urtetik) Lehen Mundu Gerraren amaierara arte, Karpatoetako Rus eskualdea Austria-Hungariako Inperioaren zati izan zen eta Karpatalja deitzen zitzaion.

Karpatoetako Rusa (urdin argiz) Hungariako Erresuman

Rusiniarren mugimendu nazionalaren sorrera (1848-1867)

Rusiniarrak beti egon dira inguruko potentzia handiagoen mende, baina XIX. mendean Europan nazionalismoaren gorakada Karpatoetako Rusera iritsi zen eta honek rusiniar mugimendu nazional indartsu bat sortzea ahalbidetu zuen.

1848-1849ko iraultza-aldi laburrak hiru emaitza garrantzitsu ekarri zituen: morrontzaren abolizioa; Habsburgotarren enperadore berria, Frantzisko Jose (1916ra arte gobernatuko duena), tronura iritsi izana; eta rusiniar esnatze nazional baten hasiera.

1849-1866 aldian rusiniar mugimendu nazionalaren oinarriak sortu ziren, Europan paneslavismoaren hedapenarekin bat etorri zena, hortik errusiar aldeko ikuspegi bat hedatu eta jendarteratu zelarik. Esnatze nazional hori, neurri handi batean, bi pertsonaren lanaren emaitza izan zen: 1-Aleksander Dukhnovych-ek, 1850eko hamarkadan rusiniar lehen kultur elkartea sortu zuen, rusinierazko lehen literatur aldizkariak eta oinarrizko eskola-liburuak argitaratu zituen; era berean, rusiniar ereserki nazional bihurtu zenaren testua idatzi zuen: “Ja Rusyn byl, iesm y budu” (Rusiniarra izan nintzen, naiz eta jarraituko dut izaten). 2-Adolf Dobrianskyi, hungariar parlamentuko kidea eta austriar gobernuko funtzionarioa. Dobrianskyik rusiniar lurralde-barruti bereizgarri baten sorrera bultzatu zuen, “Ruska Kraina” izenekoa, Habsburgotarren Inperioaren barruan. “Ruska Kraina”, ondorengo rusiniar aktibisten aurrekari izan zen Hungariako Erresumaren barruan erakunde autonomo bat eskatzeko.

Rusinierazko lehen egunkariaren goiburua, Svît (Mundua, 1867-1871).

Garai hartan, Karpatoetako Ruseko bizitza kulturala karpato-rusiniarren nortasun nazionalari buruzko hiru ikuspuntu nabarmenetan banatuta zegoen:

1-“Rusiniar zaharren” ustez, ekialdeko eslaviar guztiak kultura errusiar bakar baten parte dira, ekialdeko kristautasunari atxikitzearen eta ruskii deitzen dioten hizkuntza baten erabileraren bidez adierazten dena. Hizkuntza hau, funtsean, eliz hizkuntza eslaviar tradizionala da, rusinieratik ateratako hiztegi pixka batekin. “Rusiniar zaharrak” Habsburgotarren Inperioarekiko leialak ziren gehienbat.

2-“Rusofiloek”, rusiniar zaharrek bezala, ekialdeko eslaviar guztien batasun etnokulturalean sinesten dute, baita ortodoxia ekialdeko erritoko kristautasunaren aldaerarik egiazkoena dela ere. Baina, bestalde, bi ideia berri ematen dituzte: a) errusiera hizkuntza literario gisa rusiniarrentzat egokiena dela; b) errusiar inperioa rusiniarren existentzia nazionalaren bermatzaile onena dela.

3-“Ukranofiloek” diote ekialdeko herri eslaviar bakoitza (errusiarrak, bielorrusiarrak eta ukrainarrak) nazionalitate desberdinak direla, eta bakoitzak bere hizkuntza nazionala duela. Galiziako, Bucovinako eta Hungariako ipar-ekialdeko rusiniarrei dagokienez, ukrainar nazionalitatearen adartzat hartzen dira.

RusinieErrusierazko lehen almanaka literarioaren azala (Viena, 1851).

Austria-Hungariako Inperioa eta magiarizazio-aldia (1867-1914)

1867an, Austriako inperioak bere baitan Hungariako Erresumaren autonomia onartu zuen. Une horretatik aurrera, enperadoreak bi erreinuetako koroa izan zuen, baina bakoitzak autonomia maila esanguratsua izan zuen eguneroko jardueretan. Handik aurrera, inperioaren bi erdiak modu desberdinetan garatu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen karpato-rusiniarren bizitzan eta estatusean. Lemko eskualdeko mendien iparraldeko hegaletan bizi zirenek, Austriak gobernatutako Galiziako herriekiko politika toleranteagoez baliatu ahal izan ziren. Aldiz, Presov eta Rus Subkarpatikoko mendien hegoaldeko hegaletako rusiniarrek gobernu hungariarrak gutxiengo nazionalekiko izan zuen jarrera intolerantea jasan behar izan zuten.

1870eko hamarkadan, Hungariako gobernuak magiarizazio-politika bati ekin zion. Magiarizazioa hungariera edo magiar kulturako alderdiak hungariera ez diren komunitateek hartzea da. Helburua gutxiengo nazionalak asimilatzea zen, hau da, kontzientzia nazionala zuten hungariar edo magiar bihurtzea. Ondorioz, Hungariako gobernuak karpato-rusiniar erakunde kulturalen jarduera murriztu zuen, lehen mailako eskoletan rusinierazko irakaskuntzari amaiera eman zion, beren arbasoen fede ortodoxora itzultzen ziren greziar katolikoak jazarri zituen, eta jendearen izen-abizenak hungariartzera behartu zuen. Beraz, Ivan Janos bihurtu zen, Shtefan Istvan, Aleksander Sandor. Era berean, “mendebaldeko” egutegi gregorianoa ezarri zen, “ekialdeko” juliar egutegi tradizionalaren ordez, eliz urtean erabiltzeko; eta alfabeto zirilikoaren ordez erromatarra jarri zen. Hungariartze neurri guzti hauen ondorioz, karpato-rusiniar askok, bereziki maisuek, apaiz greko-katolikoek eta intelektualek, euren nortasun rusiniarrari uko egin zioten eta hungariar abertzale sutsu bihurtu ziren.

1880 eta 1914 urteen artean, 225.000 rusiniar inguruk Estatu Batuetako ipar-ekialdeko eskualde industrialetara emigratu behar izan zuten. Gazteen egoera asko larriagotu egin zen populazioaren gorakadagatik, lur-eskasiagatik eta enplegua emateko gai ez zen industria-sektore azpigaratuagatik.

Karpato-rusiniarren aberria Lehen Mundu Gerra hasi aurretik

Lehen Mundu Gerra (1914-1918)

Gerrak eragin oso negatiboa izan zuen Karpatoetako Rusean. Herri asko suntsituak izan ziren borroken ondorioz. Milaka karpato-rusiniar gaztek borrokatu behar izan zuten austrohungariar armadaren unitateetan; haietako asko hilak edo preso hartuak izan ziren, gerrako urte gehienak preso-esparruetan igaroz. Gainera, Lehen Mundu Gerrako urteek 1870eko hamarkadatik aurrera martxan zegoen magiartze-prozesuaren gailurra markatu zuten.

Baina borroka militarrek eragindako kalteak baino suntsitzaileagoa eta ondorio iraunkorragokoa izan zen rusiniar zibilen aurkako jazarpena, agintari militar austrohungariarrek egina. Gerraren bezperetan, baziren rusiniar batzuk traizio karguengatik epaituak izan zirenak, Errusiarekiko ustezko begikotasunagatik. Gerraren hasieran, 1914ko irailean eta urrian, iritzi hedatua zegoen rusiniarrek ongietorria eman ziotela “errusiar etsaiari”, hungariar domeinuaren askatzaile gisa. Izan ere, iritzi hedatu horrek indar handiagoa hartu zuen ongarritutako eremuan, “rusiniar” hitzaren interpretazioan funtsezko akats bat baitzegoen tartean. Karpato-rusiniarrak identifikatzeko gehien erabiltzen den etnonimoa, “ruskii/rus’kŷi” da. Karpato-rusiniar nekazari bati bere nortasunari buruz galdetuz gero, honela erantzungo luke: “ia ruskii/rus’kŷi”, (ni rusiniarra naiz). Austriar edo hungariar soldaduaren entzumen ez oso adituarentzat, ruskii/rus’kŷi (rusiniar)  russkii (errusiar) bezala entzuten zen. Beraz, karpato-rusiniar guztiak errusiartzat har daitezke, hau da, gerraren etsaitzat.

Horren ondorioz, errepresio sistematikoa izan zen, eta soldadu austrohungariarrek basakeria ekintzak egin zituzten rusiniar zibilen aurka. Milaka rusiniar atxilotu zituzten gerraren lehen hilabeteetan (abuztuan eta irailan) “espioi errusiarrak” zirelakoan. 5000 atxilotu inguru kontzentrazio esparruetara bidali zituzten, eta horietako zitalena Talerhof izan zen, Austriako Graz hiritik gertu. Talerhofen atxikitako presoen artean, rusiniar komunitateko apaizak, irakasleak eta nekazari-buruzagiak zeuden, horietako asko gaixotasun eta desnutrizioaren ondorioz hil zirelarik.

Rusiniarren deportazioa Talerhof-eko kontzentrazio-esparrura, Austriako Graz hiritik gertu. 1914an

Ordena zaharraren amaiera eta beste berri baten sorrera (1918-1919)

1918ko azaroan Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, Austria-Hungariako Inperioa desagertu egin zen. Karpato-rusiniarrak, bai Estatu Batuetan bai Europako aberrian, publikoki azkar agertu ziren, beren herriarentzat autonomia lortzeko ideiaren alde. Hasieran, AEBetako etorkin karpato-rusiniarrak izan ziren, Gregory Zhatkovych abokatu rusiniar-estatubatuarraren gidaritzapean, Txekoslovakiako Errepublika berriaren barruan “estatu rusiniar” guztiz autonomo baten ideia babestu zutenak. Zhatkovychek Thomas Maverik Txekoslovakiako presidente izango denarekin negoziatu zuen aurretik, Wodrood Wilson Estatu Batuetako presidentearen bitartekotza izan ondoren. Maverykek onartu zuen karpato-rusiniarrek erabateko autonomia izatea Txekoslovakiako federazio batean, eta iradoki zuen rusiniarren artean erreferendum demokratiko bat egitea hartutako ebazpenaren zilegitasuna handitzeko.

“Amerikansky russky viestnik” (1892-1952) egunkari rusiniar-estatubatuarraren 1899ko goiburua.

Eta horrela egin zen. 1918ko abenduan, boto-emaileen % 68k Txekoslovakiarekin bateratzearen alde egin zuten, % 28k Ukrainarekin batzearen alde, eta % 2k independentziaren alde. Ehuneko are txikiagoak izan zituzten Errusiarekin edo Hungariarekin batzearen alde bozkatu zutenek. Azkenik, 1919ko maiatzean, Errusiar Kontseilu Nazionala Uzhhoroden bildu zen, eta Karpatoen isurialdearen hegoaldean bizi ziren rusiniarrak txekiarrekin eta eslovakiarrekin batzea erabaki zuten. Buruzagi rusiniarrek euren aberria Txekoslovakiako Errepublika berriko “hirugarren estatu” bihurtzea espero zuten.

Rusiniar Kontseilu Nazionaleko ordezkariak, Rus Subkarpatikoaren eta Txekoslovakiaren arteko batasuna aldarrikatu zuena, Uzhhorod, 1919ko maiatza.

Behin honetaraz geroz, batzuek uste zuten Karpatoetako Ruseko lurraldeak bateratzeko garaia iritsi zela, baina nazioarteko testuinguruak hori eragozten zuen. Honenbestez, nazioarteko interesek beren legea ezarri zuten Saint-Germain-en-Layeko Itunetan (1919ko iraila). 1919-1920 bitartean sortu zen gerraosteko ordena politikoak Karpatoetako Rus historikoa hiru herrialderen artean banatu zuen: Polonia, Txekoslovakia eta Errumania. Garai hartan Europako aberrian bizi ziren 640.000 karpato-rusiniar ingurutik, % 70 (458.000) Txekoslovakiako mugen barruan zeuden.

Austria-Hungaria, Saint-Germain-en-Layeko Itunaren ondoren.

Txekoslovakiako Estatuaren barruan (1918-1938)

Tomas Masaryk Txekoslovakiako presidenteak, Karpatoetako rusiniarrei autogobernu eskubidea agindu zien, eta helburu horrekin sortu zen Rus Subkarpatikoa probintzia (txekieraz: Podkarpatska Rus). Horrela, bada, Txekia (Bohemia eta Moravia historikoak barne), Eslovakia eta Rus Subkarpatiko probintziek Txekoslovakia estatu sortu berria osatu zuten.

Karpatoetako Rusa Txekoslovakiako Estatuaren barruan (1918-1938)

Gerren arteko urte hauetan, Karpatoetako rusiniar gehienak Txekoslovakian bizi ziren, Rus Subkarpatikoaren ekialdeko muturreko probintzian. 1938an eskualdeko biztanleria 814.000 ingurukoa zen (horietatik % 15 juduak ziren) eta herrialde osoko bizi-kalitate baxuena zuen. Hasieratik, ordea, rusiniarrek sakoneko bi arazo izan zituzten, bizilagun txekiar eta eslovakiarrekiko harremanak hondatu zituztenak:

1-Autonomiaren auzia. Txekoslovakiako gobernu zentralak etengabe atzeratu zuen Parisko Bake Konferentzian (1919) hartutako konpromisoa, Rus Subkarpatikoari autonomia handiagoa emateko. Hasiera batean, bazirudien gauzak ondo joango zirela. Horrela, rusiniera, txekierarekin batera, hizkuntza ofiziala izan zen eta probintziako gobernu administrazioetan eta ikastetxeetan erabiltzen zen. Probintziak ere bazuen bere ereserki “nazional” propioa (letraz abestua), ekitaldi publiko guztietan abesten zena, baita armarri bat ere (rusiniar hartzarekin), argitalpen ofizialetan, gobernu-dokumentuetan eta Txekoslovakiako estatu-sinboloetan agertzen zena. Horrek guztiak iradokitzen zuen Karpatoetako rusiniarrak, txekiarrekin eta eslovakiarrekin batera, Txekoslovakiako hiru nazionalitate titular edo estataletako bat zirela. Baina, autonomiaren kanpo-adierazle horiek gorabehera, benetako botere politikoa Txekoslovakiako gobernu zentralaren esku geratu zen. Izan ere, Karpato-rusiniarrek autogobernu osoa izateko zituen itxaropenak ez ziren bete, Txekoslovakiak estatu-egitura zentralizatua (ez federala) hartu baitzuen.

2-Lurraldearen arazoa. Tomas Masaryk eta etorkin karpato-rusiniarrek Estatu Batuetan adostu zuten (1918an) “Uhro-Rusyn estatu independentea” honako zortzi konderri historikoek osatzen zutela: Maramorosh, Ugocha, Bereg, Ung, Zemplyn, Sharysh, Spish eta Abov-Turna. Baina Parisko bakegileek Uzh ibaia Rus Subkarpatikoaren mendebaldeko muga gisa finkatzea erabaki zuten; horrela, Uzh ibaiaren mendebaldean zeuden konderriak (Abov, Zemplyn, Sharysh eta Spish) Eslovakiaren administraziopean geratzen ziren. 1920ko hasieran, muga hori bi probintzien arteko behin-behineko muga gisa finkatu zen Txekoslovakiako konstituzioan. Azkenik, 1928an, Txekoslovakiako Errepublika lau probintziatan administratiboki berrantolatu zenean, Rus Subkarpatikoaren eta Eslovakiaren arteko muga Uzh ibaitik apur bat mendebaldera zegoen lerro batean finkatu zen behin betiko. Beraz, gerren arteko garai honetan guztian, Karpato-Rusiniarrak bi probintziatan banatuta zeuden administratiboki: Uzh ibaiaren ekialdean bizi zirenak (372.000), teorikoki autonomoa zen Rus Subkarpatikoaren parte ziren; Uzh ibaiaren mendebaldean bizi zirenak (85.000), berriz, Eslovakiaren zati.

Txekoslovakiako gobernuak printzipio demokratikoetan oinarritutako Zuzenbide Estatua sortu zuen, herritar guztiak bizitza zibikoan parte hartzera bultzatuko zituena. Hainbat alderdi politiko sortu ziren eta karpato-rusiniar diputatu eta senatariak Pragako Txekoslovakiako parlamentuan lan egiteko hautatuak izan ziren. Gobernuak diru asko inbertitu zuen Rus Subkarpatikoan eskola, ospitale, errepide eta zentral hidroelektriko berriak eraikitzeko. Ahaleginak ahalegin, nekazari gehienen bizitza ekonomikoa ez zen nabarmen hobetu. Era berean, gerren arteko garai honetan, bigarren berpizkunde nazional karpato-rusiniarra gertatu zen: kultura-erakundeak, egunkariak, argitaletxeak, antzokiak, musika- eta arte-bizitza eta kirol-klubak ugaritu egin ziren. Adibide bat jartzearren, “SC Rusj Uzhhorod” futbol taldea, Txekoslovakiako talderik arrakastatsuenetako bat.

“Rusj Uzhhorod” futbol talde rusiniarra 1925ean sortu zen. Klubaren koloreak gorriak eta berdeak ziren; ezkutua Karpatoetako Rusarena zen.  Argazkian, jokalariak ezkutua nabarmen daramaten alkondarekin agertzen dira.

Askatasun demokratikoak tentsio erlijioso eta nazionalak areagotzea ekarri zuen. 1- Eremu erlijiosoan, rusiniar biztanleriaren herena ortodoxiara itzuli zen 1920ko hamarkadan. Orduan, herrixka askok parrokia greko-katolikoak eta ortodoxoak zituzten, eta horrek auzotarren arteko gatazkak eragin zituen, elizaren jabetzaren kontrolagatik talka egiten baitzuten.  2-Eremu sekularrean, rusiniar gizartean lehia handia zegoen hiru orientabide nazionalen artean (rusiniarra, errusiarra eta ukrainarra), bakoitzak bere erakunde, egunkari eta argitalpen propioak mantenduz. 1939rako, garai honen amaierarako, naziotasunaren eta hizkuntzaren auziak, elkarren artean estuki erlazionatuak, oraindik ez zeuden konponduta, eta biztanleria banatuta zegoen oraindik rusiniar, errusiar edo ukrainar gisa identifikatzen ziren banakoen artean.

Senatari eta diputatu rusiniarrak Txekoslovakiako parlamentuan, 1938an

1938ko iraileko Municheko Konferentzian, naziek beren boterea inposatu zuten eta Bohemiako zati garrantzitsuak (Sudeteak) Alemaniara transferitu zituzten. Txekoslovakiako gobernu zentrala oso ahulduta geratu zen eta, une horretan, Pragak herrialdeko beste bi probintzietako (Eslovakia eta Rus Subkarpatikoa) buruzagien autonomia eskaerak onartu zituen. Estatua batuta mantentzeko ahalegin desesperatua zen……

Karpatoetako Rusa. Rusiniarrak eta beren nortasun nazionala (1)