Ixabel Etxeberria: «Anitzetan, bigarren irakurketa bat bada Margaritaren antzerkietan»

Margarita Nafarroakoaren antzerki batzuk euskaratu ditu Exeberriak, baita Joana Albretekoa alabarekin zuen korrespondentzia ere.

Ixabel Etxeberria Ixabel Etxeberria, azaroaren 30ean, Baionan egin liburuaren aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA

Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549) liburua aurkeztu berri du Ixabel Etxeberriak (Urruña, 1960), Euskaltzaindiaren bilduma sailean. Nafarroakoa bilakatu zen Angulemako Margaritak idatzi hiru antzerki profano euskaratu ditu, bakoitzarentzat azalpenak ezarriz. Margaritak Joana Albretekoa bere alabarekin trukatu gutunak ere ekarri ditu idazlan horretara.

Zergatik interesatu zara Margarita Nafarroako erreginaz?

Lehenik, antzerkiaz interesatzen naizelako. Joan naiz antzerkia landuz garai desberdinetan, eta pizkundera heldu naiz. Pizkundean aldaketa handiak badira antzerkigintzan; antzerki mota berriak sortzen dira. Hortik, ikusi dut Nafarroako erreginak antzerkiak ere idatzi zituela. Begiratu dut zer antzerki mota zen, loturarik bazenez pastoralekin eta abar, eta ohartu naiz antzerki profanoak ere idatzi zituela. Ohargarri da garaiko, bakarrik Heptameron lanarengatik ezaguna zen idazlearen aldetik.

Zer dute ohargarri antzerki profano horiek?

Nahiko interesgarriak eta garaikideak dira. Osasuna eta maitasuna lantzen ditu, eta badu finezia handia bere testuetan. Bertzaldetik, ez baitugu gure historia lantzeko aukerarik izan; garai hori nahiko korapilatsua da, eta Nafarroaren historiaz, bereziki gazteek egiten duten lan onari esker, argi zen Iparraldean eta Frantziari lotutako historia horretan ez genuela gauza handirik ezagutzen. Orduan, garaia landu dut; lehenik, nik ulertzeko zer pasatzen zen eta nola. Hor ere Nafarroaren garrantzia agerikoa dela ikusi dut. Gauza asko ulertu ditut. XVI. mendea hain da inportantea aldaketen aldetik: kulturan, teknikan, lurralde berrien konkistan. Nafarroak ere badu bere tokia horretan, eta kontatu nahi nuen.

Haatik, Margaritak bakarrik frantsesez idazten zuen.

Frantsesez soilik, bai. Euskaraz ez zekien. Aristokrazia frantsesekoa zen, eta bakarrik interes politikoengatik [Francois Ier] anaiak eskatu zion Henrike II.arekin ezkontzea. Hala, kontrolpean atxikitzen zuen Nafarroako Henrike. Segur aski, Nafarroarekiko interesa handia bazukeen, zeren eta anitzetan etortzen zen Neracerat [Okzitania], Cautereteraino —eremu horiek senarrarenak ziren—.

«Osasuna eta maitasuna lantzen ditu, eta badu finezia handia bere testuetan»

Zer forma eta bizitasuneko antzerkiak dira eta emanak izan zirea, orduan?

Ematen ziren, bai. Antzerkiak antolatzen zituen bere gortean, bere jauregietan; aktoreak biltzen zituen, eta emanarazten zituen. Bertsotan idatzitako antzerkiak dira —itzulpenerako ez da sinple—. Pertsonaiak biziki biziak izaten dira, eta emazte andana bat bada antzerki horietan; emaztearen papera biziki handia da, bere bizian emazteek beti garrantzi handiko papera izan baitute. Anitzetan, bigarren irakurketa bat, mezu bat badu haren antzerkiak. Ez dira bakarrik jostatzeko. Bere erlijio edo sinesmenen pasarazteko ere badira. Baina ohargarria da ideia berriak ezagutzen zituela eta ezagutarazi nahi zituela.

Zer ideia berri?

Adibidez, eritasunaren inguruan, gaur egun ditugun debate batzuk badira. Badituzu pertsonaiak medikua ordezkatzen dutena, beste batzuk belarrekin zaintzen dutena, badira pagatzen dutenak sendatuak izateko, eta beste pertsonaia bat jainkoaren baitan sinetsi behar dela erraten duena. Portreta nahiko zabalak dira, eta ikuspuntu desberdinak agertzen dira. Nolabaiteko eztabaida baduzu antzerkian. Nahiko modernoa da, eta gaur egun oraindik hala pasatzen da.

Pizkunde horretan, Nafarroako gorteak Europako pentsalari bat baino gehiago aterpetu zituen?

Erreformaren garaia zen. Erreformako pertsona nagusia pertsegituak ziren, eta hark babestu zituen. Neracen atxiki zituen batzuk. Margarita pertsona umila zen, baina oso dinamikoa. Italiatik ekartzen zituen antzerkilariak Neracen antzerkiak emateko. Goi mailako kultura zen jendeari ezagutarazteko. Ez zuen maite Frantziako gortea; luxu eta harrokeria handiko gortea zen.

Antzerki itzulpenez gain, azalpenak ere idatzi dituzu liburuan?

Antzerki guziak esplikatzen ditut, baita garaia ere: Margaritaren bizitza, garaiko antzerki mota desberdinak.

Zer ondorio atera duzu lan horretarik?

Gure historia ezagutuz, gure mundua ulertzen laguntzen du. Horregatik joan naiz garai horretara.

Berria