Aspaldion behin baino gehiagotan entzun dugu lengua común adiera, Madrileko parlamentuan estatuko gainerako hizkuntzak erabili daitezkeenetik, hain zuzen ere. Eta barkatu bekit izenburua gaztelaniaz ematea, baina euskaratzen saiatu naizen arren ez zait horren kide egokirik bururatu. Amankomuneko hizkuntza etorri zitzaidan lehenengo, baina badakit jakin ez dela espresio egokia, amankomunean egin «a mano común» egin gaztelaniakotik datorkigu, eta horrek gehiago du zerikusi auzolanarekin, gaztelaniazko común hitzarekin baino. Gero, komuneko hizkuntza eta hizkuntza komuna etorri zaizkit, eta itsusiak iruditu zaizkit, biak ala biak; zikin kutsua hartzen du hizkuntza hitzak horrela itzulita. Beraz, bere horretan uztea erabaki dut.
Itzulpenaren auzia alde batera utzita, zelan heltzen da hizkuntza bat lengua común izatera? Bada… prozesu horretan ere bada gauza komun asko munduko bazter guztietan. Gaur egungo klima politikoan esfortzu izugarria egiten da mundua eta nazionalismo linguistikoa uztartzeko, eta horrek hizkuntza kopurua 7.000 ingurutik 200 ingurura murriztea eskatzen du. Frantzian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Espainian eta nazio garatu gehienetan XIX. eta XX. mendeetan horretantxe ardaztu dira ahaleginak, eta horregatik daukagu gaur daukagun egoera. Hona ahalegin horretan erabili izan duten metodologiaren zenbait adibide:
- Frantziako Iraultzan, Batzar Konstituziogilearen kide izan zen Bertrand Barére-k hau adierazi zuen (1794): «Ohartu gara baxe bretoiak, euskarak, alemanak eta italierak fanatismoaren eta superstizioaren erregetza luzatu dutela; kleroaren, nobleen eta abokatuen nagusitasuna bermatu dutela; erreboluzioak aurrera egitea galarazi dutela (…) Federalismoak eta superstizioak baxe bretoieraz egiten dute. Emigrazioak eta errepublikarekiko gorrotoak alemanez egiten dute. Kontrairaultzak italieraz egiten du. Fanatismoak euskaraz egiten du. Hautsi egin behar ditugu sabotajearen tresna horiek…».
- 1879tik aurrera AEBetan Bureau of Indian Affairs izenekoak barnetegiak (boarding schools) antolatu zituen, eta kultura indigenak hausteari ekin zion. Umeak familietatik ateratzen hasi zen (zazpi urterekin), ingeles hiztun kristauak bilakatzeko. Umeei jatorrizko kultura ahazten irakasten zieten (hizkuntza, filosofia, erlijioa, kantak eta jantziak). Ohiko jantzien ordez uniforme militarra ematen zieten, eta izen ingelesak ematen zizkieten. Zigortu eta umiliatu egiten zituzten jatorrizko hizkuntza erabiltzen bazuten. Barnetegi horien sistema indarrean egon zen 1950era arte.
- Kenya Ingalaterraren kolonia zenean Ngugi Wa Thiong’o idazleak azaltzen du, umea zela eskola inguruan euren hizkuntza erabiliz gero txartel bat eskegitzen zietela lepotik I am stupid edo I am a donkey idatzita, edo ordaindu ezin zituzten isunak jartzen zizkieten.
- XIX. mendean Galesen ere NW (No welsh) letrak zituen txartel bat eskegitzen zieten lepotik umeei, eskola inguruan jatorrizko hizkuntza erabiltzen bazuten.
- Alaskan tlingit (jatorrizko hizkuntzetako bat) eginez gero ahoa xaboiarekin garbitzen zieten umeei.
- Siberiako tofa etniakoei ez zieten uzten herriko dendara sartzen euren jantzi tipikoekin. «Jantzi errusiarren moduan, eta gero etorri!», esaten zieten. Tofa hizkuntzan egiterik ere ez zeukaten herriko ingurumarietan.
- Frankismoak gaztelania ez beste hizkuntza guztiak legez kanpo utzi zituen eta isunekin zigortu zuen halakoren bat erabiltzea. Cataluña hitza ere ezabatu egin zuen, eta haren ordez, Región Nordeste erabili zuten. Euskararen kontra hartu zituen neurriak ondo dokumentatuta daude; besteak beste, Moviéndote elkarteak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin argitaratu zuen Euskara eta bere debekua diktadura frankistan. Askatasunaren isiltasuna liburuan. Dena dela, euskararen kontrako erabakiak frankismoa baino askoz lehenago hasi ziren.
Hizkuntza bat lengua común izatera heltzeko erabili izan den metodologiaren zazpi adibide eman ditut, munduko leku desberdinetakoak; baina munduan adibideak, zoritxarrez, ehunka edo milaka dira. Lengua común, beraz, ultranazionalismoaren sinonimo da nazionalismoarena baino; baita inposizioarena, umiliazioarena, debekuarena, jazarpenarena, eta beste hainbat kalifikatiborena ―negatiboak denak ere―. Ez dakit termino hori erabiltzen dutenek informazio hau baduten, baina euskaraz ez badakite ere artikulu hau irakurtzeko, informazio hau hainbat hizkuntzatan aurkitu daiteke; batez ere, lengua común horietan idatzita.
Gogoan ditut termino hori erabiltzen dutenen ahotik entzun ditudan batzuk. Haietako bati entzun nion Gasteizeko Legebiltzarrean gaztelaniaz egingo duela «porque el castellano es lo que nos une y el euskara es lo que nos separa», eta onartu behar dut arrazoia duela, baina ez zuen aipatu zer dela-eta batzen gaituen gaztelaniak, eta esaten ditugunak arrazoitzen ez badira, zergatiak azaltzen ez badira, diskurtsoa hutsala da: kea. Beraz, gure diskurtsoa hutsala izan ez dadin, argitu dezagun zergatik batzen gaituen (eurak eta gu) gaztelaniak: guk gaztelaniaz egiten dugulako, geuk eraikitzen dugulako zubia eurekin hitz egiteko; bestela ez genuke elkar ulertzeko modurik, eurek ez baitute sekula hizkuntzaren (euskararen) zubia eraiki. Bestela esanda ―zubiaren bestaldeko beste batek esan ez duen bezala―, geuk baino ez dugu elkar ulertzeko borondatea erakutsi.
Zer egin genezake horren aurrean zubia eraikitzen dugunok? Bada, lanari ekin, euskararekiko eta munduko hizkuntza guztiekiko sentsibilitatea lantzeari ekin, denek ulertu arte hizkuntzak denon ondarea direla; eta euskara ere denon hizkuntza izan arte, ahoz ez bada ere, sentipenez, sikiera. Eta hara hor, azkenik, lengua común esateko denon hizkuntza espresio erraza atera zaidan!
Berria