Hemen idatzi nuen aurreko aldian aipatzen nuen entzuna nuela gure arbasoek eskuekin adierazten zutena mingainera pasatu zutenekoa dela eskuara, euskara.
Oraingoan, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Irulegiko eskua aurkitu dutela jakin dugu. Kristo aurreko I. mendekoa den brontzezko esku honetan sorioneku hitza ageri da.
Sorionekuak gu eta zoriontzekoa 75 urte bete dituen Aranzadi. Hobi komunetan, Amaiurren, Karakaten edo Irulegin, gure herriaren memoria osoaren alde egiten duzuen lanagatik, eskerrik asko!
Bitartean, beste batzuk memoria selektiboarekin tematzen dira. Euren erantzukizunari iskin egin eta beti besteari exijituz. Hala ere, behingoz, Bergarako EAJk Memoriaren Egunaren harira esandakoarekin ados nago: “Iraganera begiratu beharra dugu, iragana baita gure orainaren zatia”.
Baina, noiz hasten da iragana? Noiz hasi zen oraindik dirauen indarkeria? Memoria osoaren bidean, erantzun beharreko galderak. Durangoko Azokan erantzun bat aurkituko dugu: Gasteiz 1200, defentsa amaigabea.