Eneko Aritzaren hilobia

Horixe da 2005ean argitaratutako eleberri bati jarri nion izena, Eneko Aritzaren hilobia. Ez da zehazki eleberri historikoa, literaturan kontzeptu horri eman ohi zaion adieran; baizik ekintza eta lehia kultural eta sozialaren arloan kokatzen den ele edo kontakizun asmatua. Eleberriaren gaia, edo hobeki esateko aitzakia, Iruñeko Gazteluko Plazan uste gabean azaldutako aztarnategi arkeologikoa eta haren inguruan gertatutako istiluak eta ondoreko sarraskia dira.

Aurkikuntza hura 2001ean gertatu zen Iruñeko egon-gela izengoitia eman ohi zaion Gazteluko Plazan. Plaza azpian aparkalekuak egiteko lurra zulatzen hasi eta aztarnak lau mailatan aurkituak izan ziren. Azalekoenean Iruñeko auzoen arteko eta konkista garaiko eta ondoreko gotorleku eta dorreen harresien aztarnak zeuden. Beheragoko mailan bi hilerri elkarren ondoan topatu zituzten; bata, maqbara islamiar edo musulmana, eta bestea, hilerri kristaua. Hirugarren mailan terma erromatarren aztarnak zeuden, guztiz ongi kontserbatuak eta oso adierazgarriak. Laugarren eta azpikoeneko mailan, berriz, mende eta mendeetan baskoien hiritzat ezagutua izandakoaren aztarnak zeuden, menhir bat eta guzti.

Aurkikuntza hura «uste gabean» gertatu zela esatean adierazi nahiko nukeena da ordurarte «historialari ofizialek eta ofizialistek», erakundeetako aholkulariek, Nafar Gobernuko Kultura Saileko Zuzendaritza den Principe de Viana erakundeak eta abarrek ez zeukatela aurreikusita eta ez zutela ezta ideiarik ere. Iruñeko erdi-erdiko plaza nagusian agertu zenak uste gabean harrapatu gintuen denok. Zer egin behar zen? Zer egiten da leku zibilizatuetan holako aurkikuntza batean aurrean? Zalantzarik gabe, eraikuntzak gelditu, aurkikuntzaren garrantzia eta esanahia ikertu, mundu guztiko jakintsuak bildu eta haien iritziak entzunda, babesteko edo/eta, kulturalki eta ekonomikoki ustiatzeko izan litezkeen moduak eta bideak aztertu. Iruñeak bizikidetza, kultura eta aberastasuna galdu zituen.

Baina Nafarroan ez zen hori gertatu. UPNko Barcina zen Iruñeko alkate eta Sanz gobernuburu; eta PSOE-PSNk oposizioa egin beharrean UPNren morroi papera jokatzen zuen. Kontra zeuden eta geunden guztiak kriminalizatu egin zituzten eta ondoren aztarnategi enblematiko guztia hautsi, birrindu eta zabortegira bota. Sic! A!, hezurdura batzuk kontserbatu omen zituzten eta Alacanteko Unibertsitatera eraman. Han, historiagile «ofizialisten» taldeko De Miguel andreak «osteoarqueologia» delakoan oinarrituta egin zuen tesia Iruñeko maqbaraz 2016an.

Tesi horretan VIII. mendeko datazioa ematen zaio aztertutako hezurdura bati. Datazioari buruz ziurtasun osoz ematen da; (adibidez, norbanako 32. 715-770 KO-ko urtekoa omen zen), Iruña-Veleian erabiltzen diren tranpa, trikimailu, melindrekeria gezurtiak behar izan gabe. Baina jakina, aztarnategi baten azterketa «osteoarqueologia» delakora mugatuta utzi izanak sarraskiaren tamaina salatzen du. Ezjakintasuna barkatu daiteke; baina ezjakintasunari harrokeria eta gorrotoa gehitzen bazaizkio. barkaezina bilakatzen da. UPNk Vaskonia osoari, baina bereziki eta zehazki Nafarroari eta Iruñeko hiriari Gazteluko Plazako aztarnategia desegitearekin egin zion kalte ikaragarria neurri-ezina da.

Aztarnategi hura ez zen soilik Euskal Herriko aztarnategirik enblematikoena, esan bezala, baizik eta baita ere kulturen arteko bizikidetzaren adibiderik ederrena. Monoteismoek beren hilerriak beste monoteismoen hilerrietatik berezi eta aparte kokatzen zituzten. Baina Iruñean elkarren ondoan zeuden. Zergatik? Agian, VIII. mendetik X. mendera Iruñeko agintean egon zen Enekotarren leinuak, lehenik nagusitzat —eta ahaidetzat— Kordobako Omeiak izan zituelako; eta gero, berriz, kristauen lagun egin zirelako. Horixe da Eneko Aritzaren hilobia eleberriko iradokizuna. Ez da ahaztekoa Wannaqo Ibn Wannaqo hau da, Eneko Enekoitz izan zela Omeiatarrentzat Baskoien lehen buruzagia eta beraiek «Emirtzat» hartu zuten hura. Bigarren iradokizuna da ez zela Espainiaren senatzat aitortzen den errekonkista izan Euskal Erresumaren edo Nafarroaren sorrerako pizgarria.

Beraz, zein erakus-leiho eta museo ikusgarriagorik eta zein kulturen arteko senidetasun dotoreagorik Gazteluko plazako aztarnategi hura bere osotasunean baino? Alferrik izan ziren Aranzadi elkarteak eta hainbeste eta hainbeste adituk eta jakintsuk egindako ahaleginak. UPNk bereari eutsi zion tenkortasunez eta indarkeriari erruak botaz. Alferrik izan ziren ere PSOE-PSNri egindako deierak, Zapateroren «kultura senidetasuna» aipatuz. Baina zergatik? Berrehun metro harantzago egin zitekeen eta egin liteke gaur ere nahi hainako aparkalekua. Izan ote liteke errekonkistaren zentzua ez galtzearren? Ala ezjakintasun eta amorruaren ondorio hutsa izan zen? Nork daki.

Munduko museorik onena bat bakarra izan liteke Iruñean. Nafarroaren (ez soilik Nafarroako) Museoa. Baina jakina, Nafarroaren museo izatekotan, nafar-Nafarroa hitza eta izena sortu baino lehenagokoa ere ezin dira ahaztu. Besteak beste, horregatik, baina batez ere egiarengatik eta baita ere bizikidetzarengatik zen hain garrantzitsua zabortegira botatako Gazteluko plazako aztarnategi enblematikoa.

Egun hauetan bete dira 20 urte UPNek PSNren laguntzarekin zorigaiztoko sarraski hari hasiera eman zionetik. Pello Guerrak eta Kepa Garciak egin berri dituzten erreportajeetan hainbat eta hainbat berri eta zertzelada ematen dira. Nik gaurkoan Miguel Angel Muez ekarri nahi dut gogora; nahiz ordurako zaharra izan, beste gazteago askorekin batera Iruñeko aberastasunen eta etorkizunaren alde kementsu saiatu baitzen, garai eta egoera hartako agintari eta arpilatzaileei aurre eginez.

Berria