Justizia koloniala

“Bere historia ezagutzen ez duen herria, hura errepikatzera behartuta dago”. Milaka aldiz entzundako esapidea, nekatzeraino. Baina, hala ere, behin eta berriro betetzen den leloa.

Azken egunetan, beste behin ere, Frantzia eta Espainiako epaitegiek beren zeregina bete eta gogorarazi egin digute, kasu honetan hizkuntzaren arloan. Deigarria da gurean jokabide honek piztu duen harridura. Esate baterako, Euskalgintzaren Kontseiluak “politikotzat” jo zuen Espainiar epaitegien ebazpena. Antzeko mezuak entzun ditugu mugaz bi aldetako kultura eta politikaren arloko hainbat ordezkari eta taldeen ahotik. Alegia, hau ezustekoa dela, salbuespena dela, edo epaileen arazoa dela.

Ez dakit errealitate berean bizi ote garen, baina garai honetan bi Estatu-inperioen justiziak menpeko herriak txikitzeko makineria baten azken giltzarrapoa baino ez direla ohartzea bai dela harrigarria. Makineria politikoa, bai, hasieratik amaieraraino. Ez dago politikoa ez den erakunderik munduan, esan gabe doa. Kontua da politika hori, Frantzia eta Espainiaren kasuan, politika KOLONIALA dela, argi eta garbi esanda. Baina hori ez dugu inorengandik entzun: harrigarria…. ala ez?

Kartetako jokoan, politikan bezalaxe, irabazi ala galdu egiten da, hori jokoaren muina eta bizigarria da. Baina, horretarako, jokoak garbia behar du izan. Mahaia, kartak, ateko giltzak eta mahai gainean dagoen pistola jokalari bakar batenak direnean, eta gainera jokalari honek bere eskupean beste 4 edo 5 errege dituenean, beste jokalarientzat ez dago irabazterik. Norbait harritu al daiteke horretaz? Beste jokalari batek, hala ere, irabazi dezakeela uste baldin badu, 3 aukera daude: gaixorik dago, erabateko ezjakitasunean bizi da, ala jokalari nagusiaren soldatapekoa da. Edo hiruren nahasketa bat, auskalo.

Aitortu behar da azken hamarkadetan izugarri egonkortu direla Frantzia eta Espainiaren sistemak gurean. Sinestuta gaude prozedura juridiko bat aurkituko dugula, bozketan ehuneko bat lortuta gauzak aldatuko direla. Espaniari eta Frantziari modu demokratikoan jokatzea eskatu dakiekela. Baina ez da sekulan hori gertatuko. Ez dute sekulan euskara eta erdararen arteko parekotasunik onartuko, ez dute sekulan Trebiñu Araban sartzea onartuko, ez dute sekulan euskal selekzioen ofizialtasunik onartuko, ez dute sekulan aldebikotasunik onartuko. Horiek ez baitira sistemaren gabeziak, sistemaren helburua baizik.

Herri baten asimilazioak hiru urrats ditu: indarrez gauzatutako konkista, gizartearen kontrol politiko-ekonomikoa, eta nortasunaren ezabaketa. Eta uste baino askoz aurrerago gaude gainbeherako bide horretan.

Gizartearen kontrola, gurean, eliteen atxikimenduan oinarritu da, gutxienez 1076an Gaztelak eta Aragoik Iruñeako erresuma banatu zutenetik. Ez da sekulan Harotarrik falta gurean. Maquiavelori jarraituz, konkistatzailaren menpeko botere guneak sortzea da kontrol hori gauzatzeko modurik errazena, eraginkorrena eta merkeena, konkistatutakoak bere buruaren asimilazioa kudeatuko baitu. Eta “sasibotere” gune horiek konkistatzailearen borondatetik aldentzen ez direla bermatzea da justiziaren zeregina.

Menpeko herria kontrol horretaz ez jabetzea da nortasunaren ezabaketaren lehenengo urratsa. Oso urrun jo gabe, 1841ra arte ezin zen nafarrik Nafarroatik kanpo epaitu. Gaur, aldiz, sistema hori ordezkatzeko Madrilek eratu zuen sistema omen da defendatu behar dena. EAEn, Hitzarmen Ekonomikoaren ustezko “blindatzeak”, ezadostasun egoera batean Espainako Epaitegi Konstituzionalak, Epaitegi Gorenaren ordez, erabakiko duela esan nahi du. Horrek beste Elkarte Autonomikoen helegiteak ekiditzen ditu, bai; baina Espainiak azken hitzari eusten dio. Eta eutsiko dio, ideologia ber-bera baita erakunde horiena guztiena. Eta Frantzian beste hainbeste.

Oharkabetasun honen ondorioz herriak bere ohiturak gutxiesten dituenean (zein da euskal nortasunaren tokia “aniztasun” delako horretan?), eta konkistatzailearen lengoaia bereganatzen duenean, aurrera segitzen du asimilazioak. Gaur mila afera omen daude aldarrikatzeko, baina herriaren askatasuna, independentzia, ez dago haien artean, antza.

Herri oroimena eta konzientzia historikoa erabat ezabatzen direnean, akabo herria. Ez da geroztik herririk izango, eta historian ere ez da herririk egongo. Ahanztura da herri baten heriotza.

Eta zer egin, orduan? Lehenik eta behin, menpekotasun egoeraz kontzientzia hartu eta hura aldarrikatu, txkitasun konplexurik gabe. Independentziarik gabe, desagertzea baino ez dagokigu. Kitto. Bigarrenez, askatasuna egunerokotasunean gauzatzen dela ohartzea. Ez gara bozketa batean euskaldun edo nafar bezala libre izango, egunero espainiar nahiz frantziar bezala jokatzen badugu. Euskaldunontzat hain mingarriak suertatu zaizkigun ebazpen hauetaz enteratu ere ez diren milaka euskal herritar badaude. Ikusi nahi ala ez, Espainia eta Frantzia dira haien nazioak. Eta hauek ez ditugu arrazoi politekin konbentzituko, egunero espainiar nahiz frantziar bezala jokatzen jarraitzen dugun bitartean. Independentzia egunero-egunero eraiki behar da.

Agerizkoa da errepresioaz erantzungo dutela alboko bi Estatuek. Beste era batera erantzuten ez dakite. Baina, haiek baino indartsuagoa ez bazara, okupazioa haientzat garestiegia eta neketsuegia bihurtzea da bide bakarra.

Justizia kolonialaren aurrean, Espaniar/Frantziar bezala, ala euskaldun eta nafar bezala jokatzea: hori da gure esku dagoen erabaki bakarra.