Sorginen inmoralitatea, ia bostehun urtez

2019ko ekaineko hauteskundeetan irabazi berritan, UPNko buruak poz batean ziren, ia gehiengo osoa eskuratuta. Boterea de facto eskuratzeko eta Nafarroatik tiratzen duen mandoa gobernatzeko, ordea, ihes egiten zieten Iruñeko udalak eta foru erkidegoko aginteak. Oso premiazkoa zuten haiek eskuratzea, eta ez politika hutsagatik bakarrik, moralagatik baizik. Moralari inork ezin baitio ihes egin, gorriak edo berdeak izango gara, bai, baina inmorala izatea ez, inmoralitatearen kontra, on dateke edozer gauza!.

2015eko martxoaren 3an, UPNko Jose Javier Esparzak moralaren premia berretsi zuen Navarra Confidencial buletinean, aditu: “kainismorik ez, lintxamendurik ez, eraispenik ez, esperimentu erradikalik ez, iraganera itzultzerik ez” (esatea libre). Sinplea, beraz: ordena eta morala. 2019ko ekainean, Nafarroako Gobernua UPN gabe eratzeke zenean, orduan, Jose Javier Esparzak esaten zuen PSN inmorala zela, kasu honetan EH Bilduren abstentzioa zuelako. Ana Beltranek (atzean Cayetana Alvarez de Toledoren itzala zuela) bere adierazpenekin babestu zuen: “Chiviteren inbestidura ETAk babesten du”, alegia, Txerrenek. Moralitatearen birformulazio batean, Enrique Mayak, oraingoan bai PSNk moraltasunez jokatu baitzuen, Iruñeko Udala eskuratu zuen, eta beraz, halaxe adierazi zuen alkate berriak “jende normalaz” inguratuko zela udal gobernurako, eta “Iruñean demokrazian sinesten ez zuen jendearen kontra” salaketak jarri eta polizia bidaliko ziela aurre egitera. Normalez inguratuta zegoenez, bertan behera utzi zuen (besteak beste) aurreko gobernuaren euskararen araudia, eta Katalina Nafarroakoa etorbidea Armadaren etorbide bihurtu zuen berriz ere, normaltasunaren amoreagatik.

Irudia 1: Bortuen inguruetako andre euskaldunak (1530); janzkera hori Pierre de Lancre epaileak debekatu zuen 1609ko Lapurdiko sorgin ehizan, inmorala zelakoan.

 

Izan ere, Alonso Manrique Inkisidore Nagusiak… barka, Mariano Rajoy Espainiako PPko buruak, ondo ezarrita utzi zuen doktrina 2006an, seriotasun osoz: “Queremos ser un país normal de gente normal. Éste [PP] es un partido normal”, 2015eko maiatzean presidente zela birformulatu zuena: “España es una gran nación y los españoles muy españoles y mucho españoles”. Normala da espainiarra izatea, harmonikoa, eta hori ez zuten ulertzen burujabetzaren aldeko nafarrek 1523-24an Hondarribiko Setioan, gudu erabakigarri hori galdu zutenean, eta are, Karlos V.a enperadore ahalguztidunaren barkamen eskaintza jaso zutenean. Ez zuten ulertzen normala zela Bortuetan muga finko bat ezartzea, eta hura zeharkatzea lesa maiestate delitu larria zela (beste aldean frantsesak baitzeuden, heretikoak), eta heretikoak zirela burujabetzaren alde eta enperadorearen asmoen kontra tematzen zirenak. Eta hala ez ulertuz gero, neskato pare bat bidaliko zitzaizkiela haien begietan sorginkeriaren aztarna aurkitzera, eta hartara haien bekatua deskubritua izango zela.

Espainiar agintari berrien merezimendu osokoak eta Nafarroan nor bazirela erakusteko, Inkisizioa bezain latz edo latzago, Nafarroako Errege Kontseiluak haien ohiko moldean, euskara haien hizkuntzan, bizi nahi zuten nafarrak astindu zituen (Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari), eta Kontseilu horretako zigor lanetan aritu zen Petri Balantza, Unzuen jauregi eder baten jabe. Ez bakarrik Auzitegi Nazionalak… barka, Espainiako Inkisizioak, Europako agintari berriek ere, erosoa ikusi zuten sorginen mamua xaxatzea eta bazterrotan sorginak aurkitzea eta, horrelaxe, XV. mende amaiera arte sorginetan sinestea heresia zen bezala, gauetik egunera 1484an sorginak arriskutsu eta jazarri beharrekoak bihurtu ziren, Inozentzio VIII.a aita santuaren bulda bati esker. Inmoralitateari ezin baitzaio ezikusia egin, sorginkeria heresia bat baita, larriena, baina detektatzen zailagoa, irrazionala, eta horretarako zeuden 7 eta 11 urteko neskato gazte adituak. Oraintxu arte nahiko ezezaguna izanik ere, 1525eko sorgin pertsekuzioa era horretako Nafarroako lehen jazarpen handia izan zen. Jakizu horren berri gehiago EU Wikipedian.