Bederatzi urte ostean, Iberdrolaren akzioak erosteko Nafarroako Gobernuaren erabakia garesti atera da, 264 milioi kostatu delako.
Gobernuak orain akzioak saltzeari ekin dio, baina dirua zorra amortizatzeko erabiliko du.
Burtsara jokatuz gero, erre egin daiteke. Erredurak, baina, arinagoak dira dirua ez bada norberarena, guztiena baizik. Hori da Nafarroako Gobernuari gertatu zaiona Iberdrolako akzioen aferarekin. Soka luzea duen auzia da, 2005ean abiatu baitzen. Urte horretan, Sodena sozietate publikoak Iberdrolaren akzioen %1 erosi zuen, 173 milioi euroren truke; akzio bakoitza 4,81 eurotan. Krisiaren atarian, 2008ko otsailaren 28an, parlamentuak aho batez mozio bat onartu zuen eta eskatu zion gobernuari akzio horiek saltzeko. Une horretan saldu izan balitu, 300 milioi euro eskuratu zitzakeen, eta 160 milioi euro inguruko irabazi garbia lortu. Hala ere, ez zuen jaramonik egin. Diru hura oso ondo etorriko zen, baina UPN eta CDNren koalizio gobernuak nahiago izan zuen itxaron. Akats larria izan zen. Miguel Sanzen eta UPNren burugogorkeria oso garesti atera zaie nafarrei.
Garesti, 2008an bertan burtsak beheranzko bidea hartu zuelako, eta orduan lor zitezkeen prezioak iragan urruna direlako. 2012ko uztailean, zor merkatuetako krisiaren erdian, akzioek behea jo zuten eta 2,6 euro balio izatera pasatu ziren. Ordutik berreskuratu dira zerbait —aurten, 4,6 eta 5,2 euroren mugan—, baina 2008ko mailetara hurbildu gabe. Gaur egun Sodenak 28,8 milioi akzio ditu, eta horien %30 saldu ditu, 43 milioi euroren truke. Diru hori, baina, ez du erabiliko zerbitzu publikoak hobetzeko, bere zorra amortizatzeko baizik.
1. EHN
Finantza operazioaren jatorria EHNren salmenta prozesuan datza. Empresa Hidroelectrica de Navarra 1989an sortu zuten Sodenak, Nafarroako Kutxak, Iberdrolak eta Cementos Portlandek. Hasieran, zentral hidrauliko txikietan inbertitu zuen, baina 1991tik aurrera Nafarroako Gobernuak parke eolikoen alde egindako apustuaren ondorioz, energia berriztagarrietan espezializatu eta hazkunde izugarria izan zuen. Erreniegatik hasita, parke asko garatu zituen, baita Nafarroatik at ere. 2003an, Iberdrola eta Portland enpresatik atera ziren, eta Accionak erdia erosi zuen.
Urte eta erdi geroago, 2004 amaieran, Sodenak eta Nafarroako Kutxak 400 milioi euroren truke beste %50 saldu zioten Accionari. Salmenta hark harridura handia eragin zuen. EHN oso enpresa errentagarria zen. Haatik, UPN-CDNk arrazoitu zuten hiru urteren buruan inbertsio handiak egin behar zirela eta esfortzu horrek eskatuko zuela Sodenak beste alor batzuetan inbertitzeari uztea. Gobernuak, Sodenaren bitartez, 250 milioi euro garbi irabazi zituen, eta diru haren zati bat Nafarroako Liburutegi Nagusia eta Tuterako saihesbidea egiteko erabili zituen.
2. Iberdrolaren %1
Jokaldia hirukoitza izan zen, ordea. 2005eko otsailaren 10ean, Sodenak Iberdrolaren 36 milioi akzio erosi zituen, 173 milioi euroren truke (4,81 euro akzioko). Operazio hura finantzatzeko, 50 milioi EHNren salmentatik atera ziren eta beste 120 milioi Nafarroako Kutxak eta beste finantza erakunde batzuk maileguan utzi zioten —CANek 50 milioi euro—. Hots, Sodena zorpetu egin zen Iberdrolaren %1 erosteko. Berme gisa akzioak berak jarri zituen.
Operazio hura isilpean egin zen, inork jakin gabe. Urte batzuk geroago jakin zenez, akzioen erosketak Sodena sortu zeneko foru legea ere urratu zuen. Legezko prozedura bat jarraitu behar zuen Sodenak, baina erabakia Francisco Iribarren Ekonomia kontseilariaren eta Jose Maria Arakama Sodenako zuzendariaren artean hartu zuten. Ez zen bestelako azterketarik egin operazioaren egokitasunari buruz.
Erosketaren albisteak asaldura eragin zuen oposizioko alderdien artean. Iribarren kontseilariak zioen Iberdrolaren irabaziekin maileguaren %4ko interesak berez pagatzen zirela. Miguel Sanzek justifikatu zuen inbertsio estrategikoa zela, eta Iberdrola Gamesaren akziodun nagusi izaki inbertsioak aberastasuna sortuko zuela. Alabaina, Gamesak hamarkada bat zeraman Nafarroan eta Iberdrolak merkatuaren %100 dauka. Burtsan inbertitu zein ez, ez zuen alde egingo.
Zer egiten zuen gobernu batek burtsan zergadunen diruarekin jokatzen? Nafarren interes orokorrekin baino gehiago, bestelako interesekin zuen zerikusia. Une hartan, hala Iberdrola nola Endesa beste enpresa batzuen jomugan zegoen, eta bakoitzaren kontseiluetan erosketak blindatzeko interes politikoa zegoen. Garai hartan, Iñigo Oriol Iberdrolaren presidentetza uztear zegoen, eta Nafarroako Gobernuak uste zuen kontseilu barruan ordezkari bat izan zezakeela. Postu mamitsua izan zitekeen UPNren inguruko kargudun batentzat. Alabaina, ez zuen eserlekurik lortu.
3. Finantza asegurua
Burtsako inbertsio orotan bezala, operazioak arriskua zuen. Kotizazioa 4,81 eurotik behera jaitsiz gero, galerak izan zitzakeen, eta hala, Nafarroako Kutxak finantza produktu bikoitza prestatu zion Sodenari. Alde batetik, akzio guztien gaineko bi urterako finantza aseguru bat eta, bestetik, deribatu hura pagatzeko, CANek akzio batzuen gaineko opzioak saldu zituen merkatuan (5,2 euroko prezioan). Bi urteren buruan Iberdrolaren kotizazioak nabarmen egin zuen gora: 9 eta 11 euroren artean. Asegurua iraungi zen, eta opzioen erosleek euren kontratua etekin bihurtu zuten.
Galtzaile nagusia Sodena izan zen: 91 milioi euro pagatu zituen, eta akzioak saldu ordez, Iberdrolaren akzioei eustea nahiago izan zuen: horretarako, hasierako mailegua gehiago handitu zuen. Sodenak uste zuen akzioak are gehiago igoko zirela. Nafarroako Kontu Ganberak 2005ean egindako azterketa batean arabera, «ohiz kanpoko finantza operazioa» izan zen hura guztia.
Irabazle nagusia Nafarroako Kutxa izan zen. Unea iritsi zenean, nahiago izan zuen dirua hartu eta korrika atera. Hala, CANek aspaldidanik Sodenaren %20 zeukan eta 2008an partaidetza hura saltzea erabaki zuen. Alabaina, dirua ez, Iberdrolaren akzioen %20 eskatu zizkion Sodenari, eta hark 7,5 milioi akzio eman zizkion. Akzioak salduta, 30 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituen. Oposizioak Sanz presidenteari mozio bidez eskatu zion gauza bera egiteko, baina orduko presidenteak ezezkoa eman zuen.
4. Azken faktura
Irabazi baino galera gehiago ekarri ditu burtsan jokatzeak. Akzioen erosketa 173 milioi euro kostatu zen 2005ean, eta zati handiena mailegu bidez egin zen. 2008an, gainera, 91 milioi euro pagatu behar izan ziren CANen finantza aseguruagatik eta zorra handitu egin zen. Iribarrenek 2005ean zioenaren kontra, mailegu horren interesak %4koak ziren eta urte guztiotan Iberdrolak dibidendutan Sodenari banatu dizkion 81 milioi euroak ez dira nahikoak izan interesak ordaintzeko.
Orain, akzioen %30 saldu ditu, batez beste 5,01 eurotan. Eskuratutako dirua osorik Sodenaren 170 milioi euroko zorraren zati bat amortizatzeko baliatu du gobernuak. Inbertsioa errentagarri ateratzeko, akzioa 8 eurotik gora saldu behar zuen. Okerrena da EHNren salmentako dirua ekonomia errealean inbertitu ordez zorpetzeko baliatu zutela garai hartako UPNko agintariek. Faktura ez dute Iribarrenek edo Sanzek ordainduko, nafarrek baizik.
Berria








