
Pedro Muguruza arkitektoa (Elgoibar, 1893-Madril, 1952) aholkulari nazionala, gerraosteko Arkitektura zuzendari nagusia, Falangeko buru eta Espainiako Gorteetako prokuradorea izan zen diktaduran. Valle de los Caídos, eta Donostia nahiz Bilboko Jesusen Bihotzen egilea dugu, besteak beste. Elgoibarko seme kutuna da eta kale batek bere izena du oraindik. Hondarribian adopzio-semetzat dute.
Euskal Herriko paisaia anitz eraldatu zituen; gure herriaren historiako zati batean eragin handia izan zuen, baita Espainiakoan ere. Francoren arkitekto kutunena elgoibartarra zen: Pedro Muguruza Otaño. “Erregimenaren arkitektoa zen, erreferentziazkoa”. “Ikurrei garrantzi handia ematen zien frankismoak eta erabateko adostasun politikoa izateaz gain, Muguruzak diktaduraren estilo artistikoarekin bat egiten zuen”, azaldu dute Jesús Gutiérrez eta Iñaki Egaña historialariek, hurrenez hurren. Francisco Franco Fundazioaren webguneak ere argi dio: Pedro Muguruza, arquitecto de cabecera del Caudillo.
Gerra aurretik jada zenbait eraikin ospetsuren egilea dugu elgoibartarra. Besteak beste, ospe handia eman zion Madrilgo Palacio de la Prensa eraiki zuen 1925ean, baita Alfonso XII eta Felipe IV karriketako hainbat etxebizitza garrantzitsu eta Teatro Real ere; Bartzelonako Frantziako Geltokiaren berriztapena, bestalde, bere eskutik egin zen.
1936an gerra leherturik, “Altxamendu Nazionala bultzatu zuen eta Falangera afiliatu zen. Francorekin oso harreman ona zuen”, dio Francoren fundazioaren webguneak. Hala, gerraostean eskuratu zuen benetan Muguruzak boterea, Falangek Arkitektura Zuzendaritza Nagusiko buru jarri baitzuen. Gutiérrezek dioskunez, “Muguruzak bat egin zuen frankisten ideologiarekin. Alde batetik, profesionalki gai zela ikusi zuten, eta bestetik, derrigorrezkoa zuten horrelako jendea bere egitea: pentsa zenbat goi mailako eta mota guztietako intelektual eta profesional hil edo erbesteratu zituzten!”.
Hori gutxi balitz, gerraosteko Espainiaren egoera penagarria zen: azpiegitura gehienak suntsiturik, frontea izandako hiri eta herriak ere txikituta… Asko zegoen egiteko. Honenbestez, elgoibartarrak erregimenaren barnean izan zuen aireratzea izugarria izan zen lehen bi hamarkada odoltsuotan: Gobernuko aholkulari nazional izendatu zuten eta 1943an Espainiako Gorteetako prokuradore ere bai.
Frankismoak goratu, demokraziak ahaztu
Horren ibilbide adierazgarria izaki, nola liteke arkitektoa Euskal Herrian batere ezaguna ez izatea egun? “Arraroa da oraintxe arte ez aipatu izana; akaso Elgoibar kanpokoentzat ezezaguna izan delako”, erantzun du Gutiérrez eibartar historialariak. Egañak, berriz, argi du: “Frankismoa olagarro bat bezalakoa izan zen: buruak oso ezagunak dira, beste zenbait eragile, aldiz, erabat ezezagunak. Azkenean, egungo belaunaldiek historiaren interpretazioa egiten dute, baina xehetasunetara heldu gabe: Zuloaga, Iturrino, Sánchez Mazas… Asko dira euren ibilbide politikoa behar bezala ezagutzen ez ditugunak”.
Gehiago argitze aldera, Ahaztuak 1936-1977 memoria historikoaren aldeko elkartera jo dugu, eta Martxelo Alvarez kidea itaundu: “‘Bigarren lerroko’ gizon hauek zokoraturik geratu dira, normalean ardura politiko edo militar argiagoak zituzten pertsonengan erreparatu baitugu. Gero, noski, pertsona batek izen zehatz bat ikertu ahala deskubritzen joaten gara zer-nolako gauzak egin zituen… Muguruzari buruz ez genuen ideia handirik”.
Harrigarria bada ere, Juan Ramon Garai memoria historikoan adituak ere ez zuen Muguruzaren berririk, eta arkitektoaren soslai frankista azaldu bezain laster, Alejandro Goicoechea gerrako Burdinazko Gerrikoaren egilea eta ondoren faxisten aldera pasa zena datorkio burura. “Nahiz eta artista oso onak izan, biek frankisten alde egin zuten eta euren ingurua beraiek hazteko aprobetxatu zuten. Ez dute kale-izenik merezi”, azaldu du tinko.
Memoria historikoarekin konprometiturik diren Alvarezek eta Garaik arkitektoaren berri ez izatea adierazgarria da oso, argi erakusten du iragan ahaztuaren berreskuratzeak oraindik bide luzea duela urratzeko. Batik bat Muguruza Donostia eta Bilboko Jesusen Bihotza irudien egilea dela kontuan harturik: “Bilbokoan eta Donostiakoan askatasun osoa izan zuen nahi zuena egiteko”, azpimarratu du Egañak.
Jesusen Bihotza: frankismo lausotua
Euskal Herriko bi hiriburuen bihotzean dauden irudi erraldoiok jende anitzek egun ez ditu diktadurarekin lotzen. Alvarezek nabarmendu duenez, “nazional-katolizismoaren inposizioaren bi erreferentzia ditugu, baina figura erlijiosoak izanik, hori ‘lausotua’ dago gaur. Hura eraiki zuena eta bere zergatiak aztertzen ez badituzu, ez zara konturatu ere egiten”.
Bilboko Jesusen Bihotza 1927. urtekoa da. Nolanahi ere, istilu sorrarazi zituen: “Errepublika garaian kentzeko agindua eman zuen Udalak eta izugarrizko eztabaida sortu zen. 1933 hasieran batzar batean bozketa egin eta hura kentzearen aldekoek (sozialistak eta errepublikarrak) gehiengoa lortu zuten, orduan desegiteko agindua eman zuten”, azaldu du Egañak. Hala ere, ondoren epaitegietan auzia irabazi zuten irudia mantentzearen aldekoek eta bertan behera geratu zen afera.
Donostiakoa, ordea, beranduxeagokoa da: “Errepublika garaian herritarren dirua batzeko kanpaina erraldoia antolatu zuten, baina azkenean proiektuari uko egin zion Udalak”, azpimarratu du donostiar historialariak. Frankisten estatu kolpearen ondoren, proiektua berreskuratu eta aurrera atera zuten 1950ean. Demokraziaren lehen legealdian eztabaida berriz piztu zen hirian, baina hura ere bertan behera gelditu zen.
Gauzak hala, zer egin beharko litzateke bi irudiokin? Egañaren iritziz Donostiakoa “ikur frankista garbia” da, “hiriko eta Madrilgo gobernuen babesa izan zuen; erregimenaren askatasun eta laguntza osoa, diktaduran ezin baitzen ahoa ireki ere egin”.
Aldiz, frankismoaren ikurtzat ez dela jo behar dio Javier María Sada kronista donostiarrak: “Proiektua lehenagokoa da, eta ideologia nazional-katolikoarena bada ere, ezabatu behar badugu, frankismoan inauguratutako eta euren politikaren arabera egindako hainbat ospitale, institutu eta eskola ere eraitsi beharko genituzke. Dena edo deus ez”. Sadak gaineratu duenez, uneotan jada ez da “erlijio-sinboloa, hiriko totem estetikoa” baizik.
“Hamaika hilabetez ikusten egon nintzen Donostiakoa Martuteneko espetxetik”, dio Garaik, 1969an ETAko kide izan zen garaiak gogoan. “Ni orduan kentzearen alde nengoen; orain ez dut iritzirik. Hori baino gauza garrantzizkoagorik bada egiteko gaur egun: frankisten kale-izendegiak eta Valle de los Caídos, esaterako”. Alvarezek honakoa gehitu dio hitzoi: “Pedagogia egin beharko litzateke jendeak jakin dezan zergatik egin zuten hura, baina beste maila batean daude Valle de los Caidosekin alderatuz gero, nahiz eta arkitekto berak eginak diren”.
Elgoibarko Udalak, kalea mantenduko du
Pedro Muguruza Elgoibarko adopzio-seme izendatu zuten 1943an, eta seme kutun 1946ko abuztuaren 8an. Hori gutxi balitz, herriko kale batek bere izena ere badarama. Alfredo Etxeberria alkatearen hitzetan, “seme kutunaren kontuan ez gara sartu azterketa sakon batean; ez dugu planteatu; egin beharreko lana da, baina ez da premiazkoa”. Argiarekin egon eta denbora gutxira, Elgoibarko Udalak iragarri du eraikinetako frankismoko plakak kenduko dituela eta Muguruzaren izendapena bertan behera utzi behar den aztertzeko mozioa aurkeztuko duela. Aldiz, kale-izena bere horretan mantenduko du.
– – – – – – – – – –
Donostiako Urgull mendian dagoen Motako gaztelu historikoaren gainean eraiki zuen Muguruzak hormigoizko piramidea 1950ean; haren gainean jarri zuten Jesusen Bihotzaren irudia. (Kutxa fototeka)
http://www.argia.com/argia-astekaria/2409/pedro-muguruza-otano







