Azken urteotako balantzea oso txarra da euskaldunontzat. Aukera leihoa deituaren taktikak espainolago eta frantsesago egin gaitu eta euskal naziotasuna kaltetu du modu tamalgarrian. Zer gelditu zaigu argi balantze horretatik? Taktika hori ekuazio faltsu batean oinarritzen dela: Espainiako eta Frantziako “indar progresistekin” elkarlanean jokatu beharra proposatzen zaigu, eskuin muturrak estatu bietan agintea har ez dezan.
Argi gelditu da taktika horren hutsegitea. Ez Espainian ez Frantzian, indar progresista deituriko horiek ez dute eskuin muturraren gobernuetarako bidea trabatzerik lortu. Are okerrago, lehen baino indartsuago eta gobernuetatik hurbilago daude orain eskuin muturreko koalizioak.
Taktika erratua, beraz, eta gainera, albo-kalte oso latzak ekarri dizkiguna Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaldunoi. Espainiaren eta Frantziaren legitimazio akritikoa hedatu da gure jendartean, eta euskal kontzientzia nazionala neurri berean ahuldu da. Aldiz, Euskal Herriaren artikulazio administratibo-politikoa urrundu eta zatiketa sakontzen ari da etengabe. Maila linguistiko eta kulturalean beste horrenbeste gertatzen ari da.
Zergatik? Aukera leihoa deituaren taktikak jatorrian duelako akats nagusia: ez da berdintasunean planteatzen eta ez dira, ondorioz, bi aldeentzako abantailak lortzen. Ez, Espainiako Estatuaren eta Frantziakoaren egitura instituzionaletan txertatu eta bertako alderdien komodin bihurtzearen truke, euskaldunok ez dugu lortzen estatuen estrategiak aldatzerik eta euskal nazioarekiko errespeturik. Estatu biek jarraitzen dute inposatzen egitura kolonizatzailea eta asimilatzailea maila politikoan, ekonomiko-sozialean, linguistikoan, kulturalean.
Aukera leihoaren kontu hori gezur arriskutsua bihurtu da euskaldunontzat. Nolako aukera izango dugu monarkia inposatuaren egitura instituzionala ezartzen digun estatu batean? Edo frankismotik hartu, birsortu eta estatu-lege nagusi bihurtu dituen egitura judizial, polizia-militar, ekonomiko eta finantzarioa zein mediatikoa bere horretan tinko gordetzen dituen estatu espainiar horretan? Nazioen autodeterminazio demokratikoa indarrez erasotzen duen estatuan? Edota egitura jakobino inposatua eta erromatarren garaiko “prefectus” deitua indar-argudio nagusi bihurtzen dituen estatu frantziarrean?
Okerrena da, orain, Espainian gobernu ustez progresistaren krisi larria nabarmendu denean, eta hauteskunde orokorren atarian kokatu, gurean zenbait buruzagi politiko ari direla, berriro ere, euskaldunok ataka berean jarri nahian. Zaharkitutako eta porrot egindako taktika errepikatu nahi dute, baina oraingoan beldurra erabilita arrazoi nagusi gisa: “Kontuz Espainian eta Frantzian etor daitekeenarekin, faxismoaren gorakada eta balizko garaipena hauteskundeetan… Egin dezagun fronte elkartua hori geldiarazteko, faxismoari bidea ixteko”.
Ez dezagun akats bera errepikatu. Politika espainiarrean berriro murgiltzen bagaituzte, Espainia zahar horren aje zein akats guztiak kolpez gure egingo ditugulako. Hor izango ditugu bete-betean Ceuta eta Melilla, Madrileko atikoa, PP-Vox-PSOEren arteko kalapita infinituak eta abarrak gure agendan ere nagusi.
Baina zer egin, orduan? Etxean ekin, etxeko arazoei soluziobide propioak eskainita. Euskal Herri osorako euskal kultura politiko propioan zorionez aspalditik muina diren printzipioetan oinarrituta: elkartasuna, berdintasuna, jendarte demokratikoa, politika publikoak osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan eta gizarte gai nagusietan. Euskara, euskal kultura eta politika partekatuta Euskal Herri osoan. Naziogintza deitzen da hori guztia.
Argia







