Telesforo Monzonen abestiak egin zuen ezagun, baina beste ehunka torturatuetako bat besterik ez zen Andoni Arrizabalaga. Anparo Arangoa bezala. Orain, Argentinako epaile batek, Maria Servinik, haien torturatzailea —Jesus Muñecas Aguilar poliziaburu frankista— atxilotzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, beste hiru torturatzailerekin batera. Zain daude zerrenda horretan Martin Villa eta Fernando Suarez Espainiako ministro ohiak. Torturatzea gizateriaren aurkako krimentzat jo du Servinik, eta krimen horiek ez direla iraungitzen argudiatu du epaileak polizia horiek Argentinako Justiziaren esku uzteko eskatzeko orduan.
Orain, Espainiako Gobernuari dagokio erabakitzea zer egin. Ezetz esango balu, munduko iritzi publikoari azaldu beharko lioke zer dela-eta babesten dituen gizateriaren aurkako krimenak egin dituzten funtzionarioak. Eta horrek, beharbada, Espainiako demokraziaren gaineko susmoa indartuko du. Noiz eta Gurutze Iantzi bortizki torturatuta hil zutela 20 urte betetzear direla. Sekula ez da berandu.
Iñaki Petxarroman
Berria





