Ehiztari-biltzaileen garaitik laborari gizartearen garairaino aztertu dute Atlantiar biltzarrean
Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsak atzo egin zuen II. Atlantiar biltzarra, Irunen (Gipuzkoa). Giza arrastoa Europako Ertz Atlantikoan: ehiztari-biltzaileen garaitik gizarte ekoizleen garaira izenburupean, iazko biltzarrari segida eman zioten nazioarteko hainbat adituk; besteak beste, matematika, neurobiologia, linguistika, historia, genetika eta antropologiaren alorrekoak. Atlantiar biltzarren helburua Euskal Herriaren eta euskaldunen jatorria ikertzea da.
Biltzarra baliagarria da, beste gauza batzuen artean, adituek elkar ezagutu eta ikerketetarako elkarlanerako harremanak sustatzeko. Readingeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Mark Pagel biologo ebolutiboak, adibidez, Biltzarra baino astebete lehenago aldatu zuen hitzaldiaren gaia —kognizio modernorako trantsizioaz hitz egin behar zuen—. Arrazoia, Stephen Oppenheimer antropologo eta doktorearen (Oxfordeko Unibertsitatea, Ingalaterra) azterketa genetikoekin bat egiten duela Pagelen ikerketak. Hitzen iraunkortasuna aztertuz denboran noraino atzera egin daitekeen aztertu du Pagelek. Haren ustez, garapen motela izan duten hitzek aukera ematen dute hitz horien eta, beraz, hizkuntzen jatorria determinatzeko, baita euskararena ere. Alde horretatik, milaka urtean gutxi aldatutako hitzak hartu ditu erreferentzia moduan. Pagelek argitu du denboran aldaketa gutxien izan duten edo gehien iraun duten hitzak erabiltzen ditugula gehien —«hitz ultrakontserbadore» gisa definitu zituen—: preposizioak, izenondoak, izenak, aditzak eta zenbakiak, batez ere.
Entzuleak bi adibideren bidez jarri zituen testuinguruan: txori eta bi hitzak, hain zuzen. Bi hitza, euskaraz izan ezik, nahiko antzekoa da Europakoen artean: dos, two, deux, do, duo… «Jatorri bera dute, eta hizkuntza indoeuroparren hiztunek erabiliko zituzten». Horien aldean, baina, euskarazko bi hitzak ez du antzekotasunik. Txori hitzaren kasuan, berriz, termino oso desberdinak aurkitu dituzte —pajaro, bird, oiseau, fugl, vogel…—. «Ez dira bi hitza bezain errazak ahoskatzeko, eta hori izan daiteke termino horiek urte kopuru baten ostean aldatzeko arrazoi nahikoa», azaldu du Pagelek.
Hitzen iraunkortasuna
Terminoak ordezkatzeko joera hori, momentu jakin batera arte erabili eta gero albo batean uzteko joera hori, beste hizkuntzetan ere gertatzen ote zen aztertu zuten. Erantzuna baiezkoa izan zen. Hitz «zail edo deserosoek» 1.500 urte inguru iraun dezakete, baina, horren ostean, ordezkatuak izango dira.
Eredu matematiko estatistiko bat garatu zuten Pagel eta haren lantaldeak, terminoak aztertuz, hizkuntzen zuhaitza edo irudi grafikoa sortzeko. Hala, hizkuntza berriak zein hizkuntzatatik eta noiz sortu ziren irudikatzea lortu dute. Eta, gainera, euskararen jatorria inork inoiz argitu ez badu ere, Pagelek atzo datu berri bat bota zuen: «Euskara ez da orain dela 15.000 urte bereizten hasi zen hizkuntzen superfamilia euroasiarraren taldekoa: zaharragoa izan behar du».
Pagel eta haren lantaldearen arabera, duela 15.000 urte hizkuntza bakarra hitz egiten zen Eurasian. Denborak aurrera egin ahala —milaka urteren tarteen ostean—, zazpi hizkuntza familia osatu ziren. Euskararen eta hizkuntza horien artean harremanak bilatzeko asmoz, 23 termino aztertu zituzten. Hitzen osaketari ez ezik, fonetikari ere erreparatu diote azterketak egiteko orduan.
Zazpi hizkuntza horietan, antzekotasunak han eta hemen zeuden; euskararekin alderatzean, berriz, ez zen halakorik gertatzen: «Batzuek jatorri bera izan dezakete, tu egin, ama eta halako terminoek, esaterako, baina salbuespenak dira». Pagelek adierazi duenez, inork ezin izan du argitu nondik datorren euskara, baina baieztatu du gaurko euskaldunek badutela lotura genetikoa duela 7.000 urteko gizakiekin: «Denboran atzerago ere jo genezake: duela 15.000 urte, Bizkaiko golkoan aterpe bat egon zen, eta gainontzeko taldeekin ez zuten inongo loturarik izan».
Duela 20.000 urte inguru, azken glaziazioa gertatu zen; klima gozatu, eta landaretza eta fauna berria sortu zen.
Bizkaiko golkoa izan zen izozterik izan ez zuen leku bakarrenetakoa, eta orduko Homo sapiens taldeen aterpe izan zen —Goi Paleolitoko Euskal Aterpea—. Geroago, duela 15.000 eta 11.000 urteen bitartean, Ertz Atlantikoa eta Europako beste inguru batzuk berriz jendeztatzen hasi ziren. Egungo Bretainia, Gales, Kornualles, Irlanda, Eskozia eta Ingalaterran ibili ziren —garai hartan, kontinenteari lotuta zeuden lurraldeok—. Oppenheimer doktorearen azterketa genetikoek erakusten dutenez, lurralde horietako biztanleen geneek jatorri euskalduna dute, %80tik gorako proportzioan.
Jauzarrearen arabera, beste bi biltzar egin nahi dituzte, eta kronologia jarraitu: iaz, duela 45.000 urtetatik 15.000rako tartea aztertu zuten, eta, aurten, 15.000tik orain dela 2.500 urte arte.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-05-18/036/001/euskaldunen_jatorria_ardatz.htm






