Euskara egokiz? Bai mesedez

Euskara sustatzeko omen diren iragarkietan, sarritan, euskaldunok zein gaizki eta oker erabiltzen dugun hizkuntza ez formala azpimarratzen digute. Hau da, gure eguneroko bizitzan oso trakets erabiltzen ditugula formak. Zertarako aireratzen dira? Kontura gaitezen zein gaizki erabiltzen dugun euskara euskaldunok? Euskara erabiltzen ez dutenek, berriz, ez dute arazorik.

Adibidez: “Koadrila osoa mozkortutaK etorri da” ez, mozkortuta esan behar da. Edo, Kontuz aitatxo “prima de riesgo” delako horrekin. Zuzen hitz egin aitatxo, mesedez!

Beste hizkuntzenganako dugun morrontzarekin jira-bueltan gabiltza etengabe, euskaraz aritzeak duen positibotasunari erreparatu beharrean. Imajina ezazue, adibidez, gazte batzuk euskara jantzi, dotore, arin eta jardun alaian ari direla, kanpotar batzuk hurbildu eta esaten dietela –do you speak english-, eta gazteek naturaltasun osoz ingelesez ematen dizkietela argibide guztiak.

Gazte euskaldunak ez dira arloteak, ezjakinak, gehienek ez dute hizkuntza morrontzarik; gainera, euskaldunok ingelesez ari gaitezke gaztelaniaren edo frantsesaren bitartekorik gabe. Ez al da iragarki mota hau euskararen sustapenerako askoz eraginkorragoa?

 

 

Nabarralde-k argitaratua