Euskararen seinale bila

Duela hilabete eta erdi Iruñean ibili nintzen, euskal kulturaren inguruko ekitaldi batean. Erreibindikazioak bazuen arrazoia: Nafarroa Bizirik dago. Eta bizirik dago Nafarroa napar egiten duten ezaugarriok bizirik daudelako. Hala egiaztatu nuen hilabete hori pasata Lizarrako herrian arratsalde ludiko bat pasa ostean (azkeneko hau, duela egun eskaz batzuk). Ezaugarri bereziena birizik dago: euskara. Nire esker minak eman nahi dizkiot gure hizkuntzari bizitza aurreratu dion alderdiari, hots, Napar Herri Batasunari (NHB), zeinaren lehendakari Yolanda Bartzina den.

Bartzina eta haren jarraitzaileek anitz egin dute hizkuntza sustatzeko, Nafarroaren identitatearen parte baita. Hala adierazten du Jaime Ignazio del Burgok, bere Navarra: por todas partes me roen artikuluan (La ilustración liberal, 2006): «el euskera está en su máximo explendor» adierazten duelarik. Beste inork ez du NHBk bezain ondo euskera Nafarroan bultzatu.

Bultzada horren seinale, Nafarroaren seinaletika bera da. Trafiko seinaleak, euskera ofiziala den gune guztietan espainieraz eta euskeraz daude («gune» diot, ezein euskera napar guztiena denez, gune jakinetan besterik ez daitekeelako publikoki ikasi). Napar identitatea ulertzen ez dutenek (Nafarroa «mapatik deuseztatu nahi duten» horiek) zera esanen dute: «euskeraz dauden mezuak ezin dira apenas irakurri! Letra txikian eta kurtsibaz daude!». Euren ezjakintasuna besterik ez dute erakusten. Txikikeria hori dela eta, jendea gehiago hurbiltzen da seinaleetara, eta betaurrekorik gabe irakurri ahal badute, ikusiko dute mezua euskeraz. Eta jarritako aten-tzio hori dela eta, euskerarako itzulpena ikasiko. Eta ondorioz, linguae navarrorumaren handitasunaz kon-tziente izango dira (txikitasunean bada ere). Halaxe egiten da Iruñean, Lizarran eta gure alderdi hegemonikoak gobernatzen dituen udalerri orotan ere.

Egin dugu jada euskera guneen aipamena. Nafarroako herrien %45ean ezin da publikoki euskeraz ikasi, eta ondorioz, gune horietan seinaletika erdera hutsean dago. Horrek ere indartzen du gure hizkuntza: herritarrek, euskeraz hitz egiteko irrikaz, elebitasun falta somatu eta Foru Gobernuari ofizialtasuna eskatuko diote. Gobernuak ikusiko du orduan zer egin, Nafarroako hizkuntza propioak, gaztelakoak ez beste, dirua balio baitu. Hori bai: irrika horrek euskaltzaleei indarra emango die euskera bizirik manten dezaten. Beraz, eta honekin amaituko dut, nire miresmena UHBri eta euskera kudeatzeko sistema ezin hobeari. Animatuko nituzke sistema hobetu eta euskerazko seinaletika mezuak seinaleen hondoaren kolore berean margotzera. Honela gehiago zorroztu beharko dugu euskaldunok begirada.

 

http://www.noticiasdenavarra.com/2012/08/30/opinion/cartas-al-director/euskararen-seinale-bila