Kale izendegiak ezkutatzen duena

Iruñeko historian emakumeek izan duten garrantzia azaltzeko, ibilaldi gidatua egin du egunotan Silvia Fernandez IPES elkarteko kide eta historialariak hiriko Alde Zaharrean.

Iñigo Astiz Iruñea

Iturriaren publikotasuna. Egun Iruñeko Katedralaren plaza den tokian zegoen erromatarren foroa garai batean, baina emakumeek debekatua zuten bertan parte hartzea. Iturriak izan dira historikoki emakumezkoen gune publikoak. 1790ean ura etxeetara eramaten hasi zirenean, horregatik, propio zuten espazio publiko bakarrenetariko bat galdu zuten. Silvia Fernandez historialariaren hitzetan, iturriko urik ez zuten etxeak hautatu nahi izaten zituzten zerbitzari aritzen ziren emakumeek. 1902koa da Nabarreria plazako iturria ageri duen irudia. / A. GARCIA DEAN / IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA

Zaharberritzeko beharrik ez. 1990eko hamarkadan kaleratu zuen IPES elkarteak Iruñeko historian emakumezkoek izan duten presentziari buruz egindako ikerketa. Hutsune nabarmenak aurkitu zituzten, eta ibilaldi gidatuak egin zituzten zulo hori betetzen saiatzeko. Urteak eman dituzte geroztik halakorik egin gabe, eta asteburuan berritu dute ekimena (irudian). Zaharberritzeko behar handirik gabe, gainera. Kale izendegiaren kasuan, berbera da egoera: emakume gutxiren izenak ageri ziren lehen, eta emakume gutxiren izenak ageri dira orain. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Emakume aurpegiko protesta. Iruindarra da Gamazadaren aurpegia. Mugimendu handia izan zen German Gamazo politikariak Nafarroako erregimen fiskal berezia desagerrarazteko proposamena egin zuenean. Protesta handiak izan ziren, eta herritarrek estatua bat eraiki zuten haien omenez. Manuel Martinez de Ubago eskultoreak Rosa Oteiza izeneko emakumearen aurpegia jarri zion irudiari. Protestak ere izan zuen emakume aurpegirik. Arga ibaiertzean arropa garbitzen aritzen ziren emakumeek, esaterako, pankarta propioa atera zuten protestetan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iruñe erdia falta zaio Iruñeari. Emakumeen historia da falta zaiona. Kale izendegietan, adibidez, nabarmena da ezabaketa, eta portzentajeek erakusten dute haren neurria. 518 kale zituen Iruñeak 90eko hamarkadan, eta 36k baino ez zuten emakume izenik. Birjinak dira haietariko hamabost, eta santuak hamahiru. Eta erlijioarekin lotutako emakumeak kenduta, hiru hiritar, bi erregina eta eleberri bateko pertsonaia bat. Besterik ez. Urteekin hazi egin da hiria, eta kale berriak eraiki dituzte, baina zuloa ez da bete. Kale izendegiak ezkutatzen duena erakustea da, horregatik, Silvia Fernandez historialariaren asmoa. Bisita gidatua antolatu du egunotan, Iruñearen beste erdia ezagutzeko.

90eko hamarkadan hasi zituzten ibilaldiak IPES elkarteko kideek, baina ez dute besterik egin geroztik. Larunbat honetan berritu dute ekimena. Moldaketa handirik ez dute behar izan, gainera: urteak joan eta urteak etorri, bisitak ez du gaurkotasunik galdu. Kale izendegia aipatu du Fernandezek berriz frogatzat. Badu garrantzia gaiak. «Haren bidez sozializatzen da historia. Hari esker bilakatzen dira historia pertsonaia, gertakari eta sinboloak. Gaur egun, ezkutuan dago errealitate hori, eta badirudi emakumeok ez garela santa edo birjinak baino izan. Hiriaren eraikuntzaren historiaren parte izatea eragozten digute. Gezur historiko bat da».

San Jose plazan hasi du azalpena Fernandezek. K. a.-ko 75-74. urtean Pompeio jeneralak pausalekutzat hautaturiko gunean. Baina ez horregatik bakarrik. Bertan da hiriko lehen emakumezko maisu eskola izan zena ere. 1885ean eraiki zuten, eta Mari Ana Sanz izan zen lehen zuzendaria. Eraikinez eraikin egin du ibilbidea gero. Kalez kale. Betiere, izendegian ageri ez diren izenak mihian. Ez da zerrenda motza. Katalina erregina aipatu du, esaterako, San Lorentzoko ate inguruan; Rita Aginaga abeslaria Karmen kaleko zortzigarrenean; Leonor Ollakarizketa saltzailea Udaletxeko plazan, auto eta txofer propioa omen zuen La Turca ezizeneko prostituta…

Iturrien garrantzia azpimarratu du Fernandezek Nabarrerian. «Hori zen emakumeek gune publikoan beste emakumeekin egoteko zuten gune nagusia». Ez zen horretarako bestelako aukera handirik, eta horregatik 1790eko kexak. Orduan hasi ziren Iruñean etxeetarako iturriko ura eramaten. «Garapen ikurtzat azaldu dute aldaketa hori historialariek beti, baina emakumearentzat ez zen dena hain positiboa izan. Galdu egin zuen propio zuen espazio publiko bakarra: iturriarena. Ez zen halako aurrerapena haien ustez, eta zerbitzariek horregatik aukeratu nahi izaten zituzten iturriko urik ez zuten etxeak lanerako. Iturrira joan ahal izateko».

Mitoen arrakalak

Guneka ere azaldu du emakumeen presentzia Fernandezek. Merkatariak ziren nagusi Mercaderes kalean, garbitzaileak Arga ibaiaren ertzetan, eta prostituta franko izaten zen garai bateko Mañueta kaleko bainuetan. Zerbitzari eta inude ziren beste asko. «Historiak dio emakumea industrializazioaren garaian hasi zela lanean, baina hori ez da egia. Beti lan egin dute emakumeek. Industrian sartzean, ordea, gizonekin hasi ziren lehian ordainpeko lanpostuengatik, eta horregatik esaten da orduan sartu zirela lan munduan, baina ez da egia».

Amatasunaren mitoaren aurka ere mintzo da historia. Karmen kalean dago froga, Fernandezek dioenez. «Garai batean, tornu bat zegoen kale honetan. Umearen kargu egiterik ez zuten emakumeek hor uzten zituzten haurrak, eta tornua biratu, eta hartu egiten zituzten tornuko umeen etxeko mojek. Umeekiko erabateko eskaintzaren ideia garaikidea da. Beti hala izan dela saldu digute, baina gezurra da hori».

Latza ere bada historia. Emakumeen aurkako bortizkeriaren lekuko dira hiriko plazak. Bortizkeria publiko eta instituzionala. Hortaz ari da Fernandez Udaletxe plazan, han udaletxerik ere ez zegoen garaiaz, 1757an. «Publikoki zigortzen zituzten hemen emakumeak, baita hil ere. Adulterioagatik, esaterako. Hemen zigortu zituzten Maria de Caparroso tuterarra eta haren senarra. Eskuin eskua moztu zieten lehenik, eta garrotez hil zituzten gero». Artxiboetatik berreskuratutako historia bat da. Izen bat baino ez, baina gehiago izan ziren gisa horretako kasuak.

Emakumeak eta erlijioa. Banaezina dirudi binomioak kaleen izenetan. Mediku, musikari, zientzialari edo bestelako edozein ofizioko kideak dira gizonak; santuak eta birjinak emakumeak. Erlijioa babesleku ere izan da, ordea, emakume askorentzat Fernandezek dioenez. Kale Nagusian ari da. «Askatasun gunea zen komentua. Ezkontza zen helburu bakarra garai batean. Lesbianek edo ezkondu nahi ez zuten gazteek hor bazuten aukera bat bizi ahal izateko. Gainera, komentu askok baratze propioa ere izaten zuten, eta emakumeek autogestionatutako tokiak ere baziren horregatik».

Erregina ikusezinak

Kale izendegian ez da jende xume horren arrastorik ageri, baina ezta erreginenik ere, kasik. Takonera ingurura heltzean eman du azalpena gidariak. «Hemen oso erregina borrokalari eta esanguratsuak izan dira, baina ez dute aitortzarik. Azken urteetan egindako kale berrietako bati eman diote Toda Aznarez Iruñeko Erresumako erreginaren izena. Baina ez dago askoz gehiago». Proposamena ere egin zioten udalari IPESekoek. Izendegia gaika berritzeko gomendatu zieten. Badago non hautatua.

Osoa zen proposamena. Artista izenak, erregina izenak, ofizio izenak, politikan parte hartu duten emakumeak… «Egin genuen proposamenean sozialistak, abertzaleak, anarkistak eta klase guztietako emakumeak aipatu genizkien udal arduradunei. Parte hartze politikoan aitzindari izan ziren pertsonak hautatu genituen. Nafarroa osoa gurutzatu zuen, adibidez, Dolores Baleztena karlistak. Kamioi bat gidatzen omen zuen, eta mitinak ematen zituen batean eta bestean, erregearen, foruen eta erlijioaren alde. Nafarroako errepideetan kamioiarekin ibili zen lehen emakumea izan omen zen».

Hezkuntzan hasten da dena. «Irakasleak dira mundu osoan feminismoaren aitzindariak. Ez soilik Nafarroan. Gaur egun bazterketarik nabarmenena duten herrialdeetan ere hezkuntzara sarbidea duten emakumeak dira kontzientzia hartzen lehenak». Ibilbidean etengabeak dira ikastolen sorkuntzan zer esana izan duten emakumeen erreferentziak, eta maiz ateratzen da Emakume Abertzaleen Batza izeneko taldearen izena ere. Zapaterian zuten egoitza. «Oso talde interesgarria da», azaldu du Fernandezek. «Eusko Alderdi Jeltzalearen ideologia hedatzen laguntzeko transmisio uhal izateko sortu zen berez, baina autonomia handia izan zuten. Oso testu esanguratsuak idatzi zituzten. Prefeministak direla esan behar nuen, baina ez, ez, feministak izan ziren».

Bi begien beharraz

Garrantzitsuak denak. Historiaren parte guztiak. Baina baita ikusezinak ere, gehien-gehienetan. «Inork ez ditu ikusi emakume hauek», dio Fernandezek. «Hiri honetako historialari sonatu batek ere aitortu zidan hori. ‘Historia guztia begi bakarrarekin ikusi dudala ohartu naiz’, esan zidan. Artxiboetan informazio iturri batzuk edo besteak hauta ditzakezu, eta daudenak ere modu batera edo bestera irakur ditzakezu. Dena alda dezake aukera horrek. Abeltzainez aritzean gizonezko abeltzainez baino ez dira ari testuak, gaztelua eraiki zutenez ari direnean, gaztelua eraiki zuten gizonez soilik… Erabatekoa izan da ezabaketa».

Hutsune hori betetzea izan zen 90eko hamarkadan IPES elkartearen asmoa, eta horregatik abiatu zuten ikerketa. Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona izeneko liburua idatzi zuten Silvia Fernandezek, Paco Rodak, Ana Diez de Urek eta Sonia Pinillosek. Hartara jo dezake gaia sakonago aztertu nahi duenak. Salbuespen bat da, ordea, Fernandezen arabera. Hutsunea hutsune baita oraindik. Kale izendegien atzealdeari begiratu behar zaio oraindik Iruñeari beste Iruñe erdia aurkitzeko.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-06-06/038/001/kale_izendegiak_ezkutatzen_duena.htm