Hernani Errotzen taldeak, Nabarralderekin elkarlanean, ‘1512-2012 Nafarroaren Konkista’ adierazpena aurkeztuko du Plenoan, eta herritarren atxikimendu bila dabiltza. Maiatzaren 11ra arte dago, ekimenarekin bat egiteko aukera.
«Aurten betetzen dira 500 urte Gaztelako Albako dukearen tropek Nafarroa inbaditu zutela. Baskoiek ordea, lehenago sortua zuten Iruñeako Erresuma, eta modu horretan, hizkuntza, kultura, elkarbizitza eta lana garatzeko erakundeak eraiki zituzten» azaldu du Hernani Errotzen taldeak. Eta historia hori azaleratzeko helburuarekin, hainbat ekimen antolatu dira aurten. Horien artean, Nabarralde eta Nafarroa Bizirik ekimenekin elkarlanean, 1512 -2012 Nafarroaren Konkista adierazpena Udaleko Plenoan aurkezteko asmoa du Hernaniko taldeak, eta herritarren atxikimenduak lortzeko dei egin dute. Horretarako, maiatzaren 11 baino lehen, Ave Mariako egoitzatik pasa edo ondorengo telefonoetara deitu behar da: 943 55 60 11/626 671 817. Ahalik eta atxikimendu gehien lortzea da helburua, ondoren, Plenoan, adierazpenak alderdi guztien babesa lortu dezan. Inguruko herrietako Udaletan ia aho batez onartu dela azaldu dute.
Ekimen gehiago
Adierazpenaren aldeko atxikimendua sinatzeaz gain, Hernani Errotzen taldeak beste ekimen batzuen alde egiteko deia ere zabaldu du. Alde batetik, agiriarekin bat eginez, Nafar bandera eta 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren ikurra urte osoan zehar balkoietan ikusgai jartzeko eskatu dute. Era berean, ekainaren 16an egingo den Euskal Herriko Ibilaldi Nazionalean parte hartzera animatzea. Azkenik, 2012ko uztailaren 25ean, Albako dukearen armada Iruñean sartu zela 500 urte betetzen direnenean, nafar bandera dolu ikurrarekin jartzea eskatu dute.