Euskararen omenaldia

Omenaldia egin diote euskarari Madrilen, Espainiako Hizkuntzaren Akademian. Ministroek, kontseilariek eta hizkuntzalariek hitz egin dute. Ponpoxoa izan da ekitaldia, 300 urtean hein horretako lehena. Halakoak esan dituzte: euskara ez dela horma, zubia baizik; ezin dela goitik ezarri; politikatik bereizi egin behar dela, gerorik izango badu; bortxakeriaren aldia amaituta, euskal herritarrok hitz egin nahi dutela… Konplexuz betetako hitz eta ikuspegiak, euskal hiztunengan urteetako debeku eta umiliazioek utzi duten gutxiagotasun sentimenduaren isla.

Nekez okurrituko litzaioke inori gaztelaniari buruz halakoak botatzea. Gaztelania kulturen arteko zubia baita, aberastasunaren eta askatasunaren ikur… Ez baitu zerikusirik bortxa eta erabilera politikoarekin, ez Ameriketako herri indigenen zapalkuntzarekin edota penintsulako kultura gutxituen deuseztearekin. Atxikimendu librearen bidez 500 milioi hiztun lortzeko sekretua zein den? Coca-Colaren formula kimikoa bezain ondo gordeta daukate.

Berria