Elkarrizketa: Joseba Asiron

«Euskaldunok ez dugu eratu gure historiaren kontaketa koherente bat»

 

Euskal historiaren, baina bereziki Nafarroakoaren aditu nagusienetakoa da Joseba Asiron (Iruñea, 1952). Datorren urtean 500 urte beteko dira 1512ko konkistatik eta bertan gertatutakoaren oroitzapena berreskuratzeko lanean tinko dabil historialari nafarra

Bertsio ofizialak dionez, orain dela bost mende Gaztelako eta Nafarroako erresumek itun bat sinatu zuten, Espainiako gortearen parte izatea bilatzen zuena. «Horrela idatzita dago eta horrela sinestarazi izan nahi digute, baina gatazka militar odoltsuaren ondorioz eman zen konkista», ohartarazten du Asironek. Izan ere, 1512-2012 Nafarroa Bizirik elkarteko kide den historialari honek urteen poderioz lainotutako ibilbidea alde batera uztea du helburu, «oinarrizkotzat» jotzen duen oroitzapen historikoa aldarrikatuz.

‘Euskal arazoa’ deritzogun kontzeptua behar den bezala ulertzeko orain dela ia bost mende Nafarroan gertatutakoa behar den moduan ulertu behar da?

Bai, noski baietz. Munduan dagoen edozein gatazka uler-tzeko egoera horretara eraman gaituzten pausuak ezagutu behar dira. Zentzu horretan, euskal gatazkak baditu sustrai sakonak, eta sustrai horiek ezagutu behar ditugu hona nola iritsi garen jakiteko.

Nafarroako konkistan hasi ziren sustrai horiek errotzen?

Lehenago hasi zirela esango nuke nik. 1200. urtean Gaztelak Nafarroako erresuma inbaditu zuenean eta Mendebaldeko herrialde guztiaz jabetu zenean trauma politiko, moral eta ideologikoa sortu zuen Erresumaren barruan. Geroago, 1512. urtean, Nafarroako konkista burutu zenean euskal arazoaren sustraiaren ibilbide garrantzitsua bilakatu zen.

Ibilbide hori denboraren poderioz lainotu dela esango zenuke?

Orain egunkari guztiek hitz egiten dute herrialdeek memoria historikoa berreskuratu nahi dutela. Hemen gauza bera gertatzen da. Herri bezala amnesia edo induzitutako koma egoeran egon gara, eta euskaldunok gure historiaren kontaketa koherente bat ez eratzea ekarri du horrek. Kasu honetan, eta beti esaten den bezala, garaileek idazten dute historia eta argi esan dezakegu gure historia garaitu gintuztenek idatzi zigutela. Gainera, errelato horietatik euren interesen kontra joan zitekeen edozein gauza ezabatu zuten.

Horien artean, orain dela 499 urte Nafarroan gertatutakoa, eta ituntzat aurkeztu zutena, inbasio militar bat izan zela.

Bai, horrela da. Elite batzuek irabazleen eskuetatik jasotako pribilegioak justifikatzeko akordioaz hitz egin zuten. Egun, Nafarroan, 1512ko konkistari buruz hitz egitean anexioa hitza erabiltzen dute, baina garaiko pertsonei anexio hitza aurrean jarriko bagenie ez zuten deus ere ulertuko, konkista militar bat bizi izan zutelako.

Gatazka militar horren aurretik, independente izan ginela erakutsi digu historiak.

Bai independente izan ginen. Garai bateko euskaldunek oso garbi ikusi zuten Erresuma baten inguruan elkartu behar zirela. Azken finean, zortzi mendeetan zehar asturren, bisigotuen eta musulmandarren presio itzela jasan zuten euskaldunek eta, esperientzia horietatik, aginte zentral batean elkartu behar zirela atera zuten ondorio gisa. Aginte hori izan zen Nafarroako Erresuma.

Euskaldunek estatu propio bat izateko lehenengo proiektua izan zen hura?

Ez, Iparraldean egon ziren lehenago saiakera batzuk. Edonola ere, dudarik gabe esan dezakegu Nafarroa izan dela euskaldunek burutu duten proiekturik sendoena eta egonkorrena, azken finean, arrakastatsuena.

Euskal gizarteak ezagutzen al du gobernu propioa izateko lehenengo saiakerak orain dela ia sei mende egin zirela?

Ez, ez daki, hori delako beste osagai garrantzitsu bat, heziketarena. Lehen komentatu dugu garaileek idazten dutela historia, eta oraindik esan behar dugu gure seme-alabek Nafarroako konkistaren inguruan ikasten duten bertsioak proportzio berean sortzen duela pena eta amorrua.

Nafarroaren ‘bereizketa prozesua’ orain dela ia bost mende hasi zen. Posiblea litzateke antzinako estatu forma berreskuratzea ala utopia baten aurren geundeke?

Ez dakit zein bide bitartez lortuko dugun gure Estatua. Borroka horretan euskaldunek herrien Europara hurbildu beharko direla uste dut, ez estatuen Europara. Eta hau horrela gertatzen bada, Nafarroa izan beharko litzateke estatu hori, baina orain hori ez da garrantzitsuena. Garrantzitsuena pausoak ematea da, eta horretara iritsi baino, lehen pausu asko eman behar ditugu. Zein bandera eta nolako izena emango diogunari buruz momentu honetan hitz egitea zientzia fikzioa dela irudi-tzen zait.

ETAren desagerpenak prozesu hori bizkortuko luke?

ETAren behin-behineko su etenak euskal arazoaren benetako aurpegia ekarriko du. Azken finean, era guztietako bortizkeria desager-tzen denean orduan iritsiko da momentua; baina momentu hori ez da iritsi benetan gai honetaz hitz egiteko. Hau da, bortizkeria sukarra da, baina gaixotasuna askoz ere sakonagoa da.

 

www.deia.com