Haserre dabiltza suminduak, eta arrazoirik ez zaie falta horretarako. Krisi finantzariaren aitzakiaz “estatu kolpea” jo ondoren, Espainia kiebra jotzeko puntuan utzi dute bankariek. Ustelkeri politikoa orokortu egin da. Lasarte-Oria bezalako herri txikietako ezker-instituzionalaren diru-hustuketek edo legearen marra gorrien barruan egiten diren komisio-kobratze lotsagarriek asaldatu berri ditu Espainiako hainbat herritar. Euskal Herrian, ordea, aspaldian bizi gara asaldatuta.
“Martxoaren 15ekoa” bezala ezagutzen den mugimenduari “spanish revolutions” deitzea gustatzen zaio askori. Iraultza frantsesa gogoan, espainiarrek haiek baino gutxiago ez direla sinetsi nahi dute. Iparraldeko euskaldunontzat liberté, égalité, fraternité haiek ekarri zuten herri ukazioa errepikatu nahi dute Espainian. Horretarako proposatzen ari dira berriro una, grande y libre.
Bai, bat eta bakarra, ez dakit lehen bezain handia egiterik duten, baina libre esaten dutenean eta democracia real, ya aldarrikatzen dutenean, ez dira esaten ari Espainiako estatuan galiziarrek, katalanek, andaluziarrek edo nafarrok, nor berean, askatasuna erabaki dezakegunik. Ez. Espainiaren batasuna bere horretan utzita hizkuntza bakarraz, hauteskunde lege bakarraz eta Madrildik gaztelarrek gidatutako Espainia bakarraz ari dira “benetako demokrazia” esaten dutenean.
Guretzat, ordea, Frantzia eta Espainiako estatupean bizi garenontzat, subiranotasunik gabe ez dago benetako demokraziarik. Gu aspalditik gabiltza suminduta, frantsesak eta espainiarrak gure herrian “jabe” sartu zirenez geroztik hain zuzen. Menderatua, inbaditua, okupatua bizi den herria ezin askatasunean bizi, bistan da; baina inbaditzaile dena, okupazioa dirauen bitartean, ere ez. Horregatik, mundu osoko suminduei eskatu behar zaie denok partekatu dezakegun aldarrikapena egitea: benetako demokrazia eta independentzia, ya!
Beñi Agirre
Euskara irakaslea









