Nafarrok, gure herriaren alde ikastola indartzera joan ginen Pirinioen handikaldeko Senperera, besteak beste, Azpeititik. Han hasi ginen lakuari bira ematen eta Nafar lurrei jarraituz (Foru Erkidegoko hiru epaileen baimenarekin!) Ondarruko itsazertzeko Ibilaldiaren zirkuitoan eman genion jarraipena.
Bereziki gogoan izen genuen gure artetik joan zaigun ikastolakide bat, Fernando Villegas, arrantzaleekin, bere lanbidea zen arraindegiagatik, eguneroko harremana izan zuelako eta bere oroimenez egin genuen berriro ere bira. Azpeitiko ikastolakoek, Kilometroen hasera-ekitaldia egindako egunean, bertako aita zen Fernandori agurra eman eta segidan ekitaldi-festara malkoak gordez joan behar izan genuen.
Berak, bere seme-alabentzako eta ingurukoentzat, indar politiko eta sindikalek agintzen zutenaren gainetik, ikastolaren aukera egin zuen. Batzordekide bezala konpromisoa hartuz. Ordainetan, bere familarentzat ogibidea zen arraindegia ere arriskuan ipini zioten, boikota egitea bultzatuz, Erkidegoko Administrazioari ikastola entregatu eta funtzionario bihurtu nahi zutenek zenbait politikari eta sindikalariren laguntzarekin.
Fernando, ustegabean, inork barkamena eskatu aurretik gure artetik joan bazara ere, zure ikastolakideak gogoan dugu zure kemena eta irrifar gozoarekin jarraitzen duzulakoan gaude, denoi lagundu nahiean. Ikastolako lagunek, gogoan zaitugu, esker onez, eguneroko lanetan ikastolari zentzua emateak, erronka izaten jarraitzen duelako oraindik ere.
Ikastola indartzeko bost alditan egiten dugun festa, gure herriaren euskal nortasunari arnasa, hatsa emateko, urrats batekin hasi genuen Senperen. Boga eginez jarraitu dugu Ondarrun. Lehena, oraina eta geroarekin iraunkortasuna bermatuz Laudion segida emateko prest gaude. Geure erabakimenarekin proiektua bermatzea aktibatzeko klik eginez laister gara Azpeitian eta bukaera emateko Tafallan, euskaldunon nafartasuna indartuz emango diogu.
Hori da ikastola. Euskaldun izaera iraunkortzeko, lurraldetasun osoan, erabakia eskutik eramanez auzolana egituratuz, herritarrok bermatzen dugun hezkuntza proiektua. Proiektu politiko soziala. Auzolanean, gizarte zibilaren burujabetasunetik eta konpromisotik, erantzukizunez gauzatzen duguna, geure Estatua berreskuratzen dugun bitartean. Orduan hasi gaitezke geure publiko eta pribatuaz hitz egiten. Bitartean dauden publikoak, zaharrak eta berriak, denak espainiarrak eta frantziarrak dira. Espainiar eta frantsez identitateak helburutzat dituztenak.
Hezkuntza sistemak, herri baten identitatea bermatzeko helburuarekin antolatzen dituzte Estatuek, eta oso gertutik zaindu. Sistema horren eskolak berriz, herritarraren identitatea dute helburu. Bien bermea titularraren erantzukizuna da. Eredu publiko guztietan, Estatuarena. Pribatuetan berriz elizarena. Euskal Herrian, Nafar Estatua indarrez kendu zigutenetik, berea duen bakarra ikastola,besterik ezean titular bezala egituratuz euskal herritarrona.
Gure herria gobernatzen duten bi Estatu eta hiru Administrazioek gureak ez diren sistemak inposatzen dizkigute eta horietan, erabakiak, ez daude sistema horretan lan egiten dutenen esku. Estatuek dituzte, gertu-gertutik zainduz beraien identitatea bermatzeko helburua lortzea. Gainera, epeka-epeka egoten diren politikariak egon, beraien gainetik Estatuek ipinitako mekanismo oso eraginkorrak, eguneroko martxa bermatzen dute. Ez alferrik, hezkuntza eta komunikabideak dira, globalizazio garai honetan bereziki, Estatu egitura duten herriek beraien nortasun ezaugarriak bermatzeko nagusiki zaintzen dituztenak.
Nafarroa, Euskal Herriaren eremu ikusezinaren parte ez dela esan diguten hiru epaileei, ikastolatik gogorarazi nahi diegu, kulturalki euskaldunak eta politikoki nafarrak gure herriaren txanpon bakarra osatzen duten bi aurpegiak direla, kulturalki germaniarrak eta politikoki alemanak diren bezalaxe. Eta datorren 2012an espainiarrek militarki egin ziguten konkistaren 500.urteurrena izan arren, oraindik gogoan dugula nor garen eta argi dugula zer nahi dugun. Badakigula, eskubideak ez dutela preskribitzen.
Horregatik, ikastolan, hori guztia horrela ikastea gurasoek bermatuko diegu gure seme-alabei, zenbait politikari eta epaile-politikariren gainetik.
Eskerrak eman, ikastolaren zentzuaren haria oraina arte etengabe mantendu, eta mantentzen duten guztiei. Euskalduntasunaren matazak indartsu jarraitzeko, gizarte zibiletik, herritarron laguntza isilarekin haria jarraitzea ezinbestekoa dugulako, gure herriak, BERA IZATEN jarraitzeko gure seme-alabengan.








