Felipe Gonzalezen hitzak irakurri ondoren, ez dut ulertzen zergatik batzuk bai eta besteak ez. Ez dut ulertzen Arnaldo Otegirengana hurbiltzean zergatik gaixotu egingo garen eta Madrilgo Gobernuarengana arrimatzen direnak ez diren kutsatzen. Ez dut ulertzen, zergatik ari zaizkigun gobernatzen inmunitate-inpunitatearen monopolioa duten hauek. Zergatik ari zaizkigun gobernatzen euskararen kontra, eukal herritarren kontra eta, gure diru-altxorretan eskua sartuz, Euskal Herria libre eta demokratikoa izan dadin borrokatzen den gehiengo sozialaren kontra. Ez dut demokrazia espainiarra ulertzen.
Demokraziatzat ulertzen dut nik herri subiranoak erabakimena bere esku izatea; erabaki nahi duena, edozein dela ere egin beharrekoa, erabaki ahal izatea. Hau da, herri osoa izatea subiranoa eta ez batzuk bakarrik; herri subiranorik gabe ez baitago demokraziarik. Ez dut ulertzen, beraz, batzuk hautesle eta hautagai izan ahal izatea eta besteak ez. Ez dut ulertzen PP arrimatzen denean PSE-PSOErengana, edo alderantziz, elkar ez kontaminatzea eta haiek ez beste guztiak gaitzak jota egotea. Zein gaitzak jota, ordea? Subiranotasun faltarena?
Bai. Gure herri honetan dagoen gaixotasunik larriena subiranotasun falta da, zalantzarik gabe. Uste dut, 1200-1512 urteen aurretik eta atzetik, inbasio eta konkista bidez franko-espainiarrek okupatutako lurraldeak desokupatu arte ez dugula demokraziarik ezagutuko Nafarroan. Akaso, espainiarrentzat “demokrazia” dena guretzat ezinda izan eta, herri-ordezkaritzarako nor aurkeztu eta nor ez erakundeak okupatzen dituzten faxistek eta galixtek erabakitzen duten bitartean, Euskal Herrian ez da izango demokraziarik.
Beñi Agirre
Euskara irakaslea






