Joan den asteburuan, Eider Lopez nire herrikidearen gutun bat argitaratu zen; azken finean, Nafarroako Estatua aldarrikatzen dugunon ideiari buruzko bere iritzia azaldu zuen. Berak zilegitzat jotzen du aldarrikapen hori, eta argi gera dadila neronek ere zilegitzat dudala harena, baina zehaztapen bat egin nahi nuke.
Hain zuzen ere, inbadituaren kontzeptu politikoa da Nafarroako Estatua berrezarri nahi dugunok aldarrikatzen duguna (edo dudana). Erdi Aroan Europan monarkia zen eredu politiko nagusia, eta, estatus aldetik, Nafarroa gainerako monarkia guztien parekoa zen. Ez gehiago, ez gutxiago. 1200. urteko zatiketak eta 1512. urteko azken inbasioak Nafarroaren subiranotasuna desegin zuen. Nafarroa, errege batek agindua izanik ere, ez zen inoiz gehiago bere buruaren jabe izango. Historiak aurrera egin du, garaiak aldatu dira, eta 500 urtean sistema politiko berriak agertu dira, baina Nafarroak Espainiako eta Frantziako monarkien artean zatitua, lehenik, eta Espainiako monarkiaren eta Frantziako Errepublikaren artean, ondoren, egin du garapen hori. Nafarroa subirano izan balitz, auskalo zer biziko genukeen gaur egun: Espainiaren gisako sasi-demokrazia monarkikoa, Europako hainbat herrialdetan dauden antzeko errepublikak, estatu sozialista bat, Suitza bezalako ez-lerrokatutako estatu bat… Auskalo! Inbasioak ukatu egin baitio Nafarroari Aro Berria eta Aro Garaikidea subiranotasunean igarotzea, eta besteen azpian mantendu da bere izaera ia desegin arte.
Ni ere Donostian bizi naiz, eta ohartzen naiz nire inguruko jendea ez dela nafar sentitzen. Irakurri dudalako, ikertu dudalako eta konbentzitu naizelako sentitzen naiz ni nafar, eta nire nahia litzateke sentipen hori bera euskal gizartera hedatzea. Nafar ginela inbaditu gintuzten, eta nafar garela askatuko gara.







