AEBetako Kongresuko Aurrekontu Bulegoko zuzendari D. Elmendorf-ek 13 urteko gazte bati eskutitz ireki bat idatzi dio (http:// cboblog.cbo.gov/?p=1045 ). R. Wray eta Y. Nersisyan ekonomialariek diotenez (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2010/06/letter-to-seventh-grader-and-also-to_09.html), D. Elmendorf horrek ez du ulertzen aurrekontu federalak nola funtzionatzen duen. Eskutitza idatz zitekeen 1931n, ekonomia urre estandarrean aritu zenean. Eskutitza zuzendu dute eta gaztetxoei eta Elmendorf zuzendariari berari luzatu diete.
Zeintzuk dira egungo aurrekontu federalaren defiziten lehen kausak? Gobernuaren aurrekontua gobernuaren gastuen eta sarreren (gehienbat zergen) arteko kontabilitate dokumentu bat da. Gastuak errentak baino handiagoak direnean, aurrekontua defizitean dago. Hein handi batean, gobernuaren aurrekontu-balantzak soilik gainontzeko ekonomian dagoena islatzen du. Atzeraldi batean sektore pribatuaren gastuak jaitsi egiten dira eta langabezia handitu. Sektore pribatuak gutxiago gastatzen duen heinean, gobernuak automatikoki gehiago gastatzen du -bereziki langabeziaren diru-laguntzan eta beste sorospen sozial batzuetan: jarduera ekonomikoa jaisten den arabera, zerga-sarrerak jaisten dira-. Zerga-sarreren jaitsierek, gastu sozialen handitzearekin -egonkortzaile automatikoak deitzen direnak- sarreren eta gastuen arteko tarte bat sortzen dute aurrekontu defizita erakarriz. Susperraldi ekonomikoak automatikoki murrizten du gobernuaren defizita. Hazkundea sendoa balitz, alegia, gobernu-soberakina sortzeko modukoa, horrek esan nahiko zukeen ez-gobernuko sektorea defizitean murgilduko zatekeela. Kontabilitatezko identitatea dela kausa, egungo gobernuaren defizitak ez-gobernuko sektorearen soberakina (finantza-aurrezkia deitua) berdintzen du.
Nola eragiten diote aurrekontu defizitek 18 urte baino gazteago den jendeari? Gobernu Federala (Banku Zentrala eta Altxor Publikoa) AEBetako dolarren monopolio-inprimatzailea da. Erabiltzen ditugun dolar guztiak gobernu federaletik datoz. Horrek esan nahi du gobernuak dolarrak sortzen dituela nahierara, gastatzeko behar dituen bakoitzean. Gobernuak bere moneta jaulkitzeko ahalmena zentzuzko modu batean erabiltzen duenean, sektore pribaturako onuragarriak diren helburu asko lor ditzake. Egun langabezian dagoen jendea kontrata dezake zubiak eta autobideak eraikitzeko, kaleak konpontzeko, jende zaharrak zaintzeko eta abar. Osasun zerbitzuak behar dituen jendeari zerbitzua hornitu diezaioke. Heziketa nahi dutenei heziketa hornitu diezaieke. Aurrekontu federalen defizitek soberakina sortzen dute ez-gobernuko sektorerako, eta aurrekontu federalaren zorra finantza-aktibo bat da eta finantza-aberastasun netoa ez-gobernuko sektorerako. Hortaz, gaur egun aurrekontu defizitek irabazkin gehiago, bide gehiago, eskola eta ospitale gehiago (aktibo ukigarriak), populazio osasuntsuago eta eskolatuago esan nahi dute eta sektore pribatuak beste modu batez eduki zezakeena baino finantza-aktibo gehiago lortzea.
Egun gazte jendea lanpostuen eta etorkizuneko bizitza-kalitate hobearen bila dabil. Gobernuak rol garrantzitsu bat dauka emaitza horiek ziurtatzeko. Berez, gobernu-defizita ez da ez ona ez txarra. Garrantzitsua hauxe da: aurrekontu defizita oso txikia bada (gastuak oso baxuak dira eta/edo zergak oso altuak), orduan ekonomiak daukan ahalmenean baino maila gutxiagoan jarduten du eta oso astiro hazten da; alderantziz, aurrekontu-defizita oso handia bada, orduan inflazioa azal daiteke, gobernuak erabilera pribatutik baliabide gehiegi hartzen duen heinean eta prezioak eta alokairuak altxatuak dira. Neurri egokiko defizit batek ekonomiari berorren baliabideen enplegu osoan jarduteko ahalbidetzen dio.
Zer ari da egiten AEBetako gobernua aurrekontu defizitak gutxitzeko? Defizit murrizketaren xedea ez da helburu egoki bat gobernu federalerako. Alderantziz, aurrekontuak helburu publikoa (heziketa hobea, azpiegiturak, osasungintza) lortzeko erreminta izan beharko luke. Makro mailan, gobernuak defizitak murrizten baditu, ez-gobernuko sektoreak errenta gutxiago eta aurrezki gutxiago izango ditu. Obama presidenteak sorturiko National Commission on Fiscal Responsibility and Reform izeneko batzordea oker dabil: Batzordeko kideek ez dute ulertzen sistema monetario modernoak nola funtzionatzen duen, eta haien aholkuei kasu egingo bagenie, segur aski beheraldi bikoitza kausatuko genuke, ekonomia berriz ere atzeraldi sakonean erortzen den heinean. Gainera, haien defizit-murrizte proposamenek ia seguru ez lituzkete defizitak murriztuko inongo kasutan, zeren ekonomia motel batek orekatzaile automatikoak sorrarazten baititu -zerga-sarrerak eroriko lirateke eta gastu soziala handituko-.
Zer egin dezake jendeak, eta batez ere eskoletako neskato-mutikoek, aurrekontu defizitak murrizteko? Berriz, aurrekontu defizita murriztea ez da gobernurako zentzuzko helburua, ezta jendearentzat ere. Gazte batek egin dezakeen gauzarik onena asko ikastea da, eskolan ongi aritzea, bere burua prestatzea bizitza luze, osasuntsu eta emankorrerako. Gobernuak egin dezakeen gauzarik hoberena gazte jendeari laguntzea da gazteen helburu horiek lortzeko. Osasuna, heziketa, eta ongizate sozialaren gastua (Gizarte Segurantza barne) gobernuaren gastuaren parte handia direnez, aurrekontu defizita murrizten ahalegintzen direnek gehienetan aipatutakoak mozten dituzte lehendabizi. Horrek ez du soilik gaur egungo kezka suposatuko; horrez gain, etorriko diren belaunaldientzako epe luzeko eragin txarrak izango ditu. Heziketan moztu gabe, gobernu federalak bere babesa handitu beharko lioke eskoletan dagoen jendeari.
Aurrekontu federalaren defizitei buruz, baldin eta nire eskolara mezu bat eramango banu, zein izango litzateke? Ez entzun Washintong-etik aurrekontu-defiziten ondorio txarrei buruz datozen txorikeriei. Gobernu federalari ezin zaio dirua bukatu, zeren bera baita gure moneta jaulkitzen duena. Ordainketa guztiak gauzatu ditzake, epe egokian datozen heinean. Ez du inoiz porrot egingo bere monetan. Ahalegindu daiteke beharrezko eskalan gastatzeko, atzeraldi hau bukatzearren eta ekonomia hazkunde sendoan martxan jartzearren, behar diren beste enplegu sortzeko, gure natur ingurugirorako programak sustatzeko, bera babesteko. Eta, gazteei begira, gehiago gasta dezake eta gastatu behar du gure eskolak babesteko.
Nire aldetik hauxe gehituko nuke: moztekotan, armagintzan isurtzen den dirutzan badago zer moztu.









