Mikelen semea
Amak bere malkoak, bere gaua, bere isiltasun osoa,
bere beldurra, bere hitzak, bere ferekak,
dena, bere arima hautsitan, txingarrezko muina,
lurperatu zuen.
Aitak zioenez: “Hobe hil, gaztelauen menpe bizi baino.
Otso, putre, sugegorrien artean ibiltzeak ez du merezi”.
Amak, gurutzearena eta musu bat semearen bekokian idatzirik,
laster, sukaldera bere negar eta oihukatzeko beharra,
bere pausu, amorru eta gorrotoa eramanez…
Urrutian, mendian zehar, bi nafar.
Aita zaldiz, Mikel oinez, Asparrotsen bidera,
beraien gorputzean, itxaropena eta hotzikarak…
Hemezortzi udaberri Mikel, bere ametsetan aingeru bat,
hor, beti, bere neskatxoa, apaizaren begiradaren atzean,
abade eta deabruek amodioa hondatzen baitute…
Batailaren ondoren, beldurrik gabe aitortuko ziren.
Mikel aitaren ezkutari zebilela,
oraindik ez zen gauza gerla egiteko,
agian inoiz izango zen.
Armak, gerlak, gaztelauak, hobe urrun,
soro, etxe eta emakumeen bakea beti erdiratzen.
Beti errege, jauntxo eta azpisugeen omenez, arduraz.
Egun madarikatua hasi zen odolez ernari.
Haritzen aterpean, bihotz eta zirrara ezkutatuz,
bere aitaren lorratza agurtu zuen.
Zergatik, gizonek bataila eremura doaz, artasorora baino?
Zergatik madarikatuek aukeratzen dute,
heriotza landatzea bizia baino?
Madarikatuak, arnasa, bihotza, lurra,
bizitzeko gogoak erretzen digutenek!
Hilketako arratsean, aita, erabat hondoraturik zetorren,
Zaldiaren gainean, dena odola eta intziri mordoa,
Mikelen oinetan, guztiz erorita,
hiltzeko zorian, bere begi hodeitsuekin,
nafar abertzaleak honela zioen:
“Ama, arrebak, etxe eta hazienda zaindu,
gaztelau eta beren hemengo adiskideekin inolako ituna,
ez dago fidatzerik, sekula santan,
hor dituzu, Nafarroa osoa pozoitzen dutenek.”
Gero, isilik, arratsa gorritzen joan zen.
Madarikatuak! Mikelen orroa zeruaren aurka…
Hartu zuen aitaren ezpata,
madarikatuak! Igo zen odolezko zaldiaren gainean,
madarikatua! Gaztea eta zaldia eroturik,
hor zebilen Francés de Beaumonten hiru lakaioen aurka,
ezpata airean, aurpegi itxuragabetua, bihotza zornaturik,
Mikel gazteak, akabatu nahi zituen…
Lurrera, dindirri bat bezala, bota zuten…
Hiru ezpata, mila karkara bere buru gainean,
eta Mikelek, garrasika, heriotza eta bere morroiei,
madarikatuak izan zaitezte, azpisuge halakoak!
Gezi bat, odolezko arratsetik sartua,
lakaio baten lepoa zeharkatu zuen.
Bukatu ziren algara eta harrokeria guztiak,
haritzen artean, Martin de Jaso kidearekin,
lakaioek ihesari emanez,
Mikel ikaratuta, arnasa eta hitzik gabe…
– Igo mutil. Nor zara?
– Larrasoañeko Enekoren semea.
– Aita ba?
– Hila…
Eta gaztea hasi zen negarrez, lotsa eta etenik gabe…
– Hartu aita eta zure etxean lurperatu.
Joan zaitez familia eta hazienda zaintzera…
Nafarroi arma garaiak bukatu zaizkigu…
Badirudi armekin ez dugula inoiz irabaziko…
aitzurra, golde, aizkora, hitza eta duintasuna,
Hori da geratzen zaigun guztia.
Hau dena mantentzen dugun neurrian,
Ez dugu itxaropena galduko…
Berriz bide triste, suntsituak,
atzerritarren eskuetan menperatu eta debekatuak…
Leku, bazter, malkartsuetatik, itzalez babesturik,
zaurituak, irainduak, hilak ere, etxeko bakearen bila.
Atzean, Getzeko sua, biraoak eta euskaldun tragedia.
Iruñea ere gibelean, isiltasun eta beldurren artean gordeta.
Mikel, oinez, bere burua haserre, etsita,
aita zaldiz, eraila, etxeko bidera.
-Jaso jaunak esanez, geratzen zaigula hitza?
Nola, noiz, zertarako…?
Madarikatu horiek, ez bagaituzte ulertzen!
“Habla en cristiano” abade hark oihukatzen…
Aitzurra, golde, aizkoraren emaitzak lapurtzen badizkigute…
hitzez, bakea ailegatuko zaigu ba?
Benetan, gutxi, asko ala ezer, dugun guztia da.
Aranan, argi bakarra zen
amaren argia, itxaropen argia…
Agian hitza ere, nafarraren argi bakarra,
dugun guztia da.






