Historialari zaharrek, statu quoren aldekoek, mundua sortu zenetik Espainia Espainia dela eta Frantzia Frantzia izan dela sinestarazi nahi digute. Euskaldunok gure borondatez zatitu ginela eta nor bere aldetik Estatu handi horietara bildu ginela, Nafarroa Garaiaren inbasioaren ondoren denek bat egin zutela inbasoreekin eta haiei esker denok zoriontsu bizi garela haien handikerian. Historialari zaharrak ez dira zahar adinarengatik, zabaltzen duten mezua zaharra eta gezurrezkoa delako baizik. Zaharkituak daude mezu horiek, mezulariak adinez hala ez izanagatik ere.
Inork gutxik defendatzen du gaur egun 1512ko Nafarroa Garaia eta Beheraren inbasioa ez zela konkista izan. Denok dakigu herri honek bere buruari eman zizkion erakundeak gaztelarrek eta frantsesek suntsitu eta bortxaz desegin zituztela, euskaldunon lurraldea mendez mende eraso ondoren zatitu eta beretu zutela eta gure hizkuntzaren lurraldea murriztuz doala egiten dioten jazarpenaren ondorioz .
Badakigu, euskaldunok, nafarrok, justifika ezina den jokaera horri aurre egin izan diogula beti. Nola ulertu behar da bestela, gaztelarrek Iruña okupatu ondoren, etengabe herria altxa izana inbaditzaileen kontra. Nola ulertu 1521ean, gaztelarren alde ari zen Loiolako Iñigo, gero erlijio kontuetara pasa eta santu egingo zutena, nafar leialek zauritu eta etxera joaten utzi izana? Nola ulertu, matxinada hori desegiteko, gaztelarrek 5.000 soldadu nafar mendekuz hil izana Noaingo zelaietan? Gutako batzuk ulertu dugu, eta urtero gogoratzen dugu. Langile guztiontzat maiatzaren lehena “Chicagoko martirien” heriotza gogoratzeko eguna den bezala, nafar guztiontzat ekainaren azken igandea Noaingo sarraskian hildakoak gogoratzeko eguna da. Ez dugu ezer ospatzeko, gogoratzeko asko baizik.
Beñi Agirre, Euskara irakaslea










