¡No te jode!

Azken oporraldi honetan, euskaltegiko nire ikasle batek, euskararen aldekoa bera, seme-alabak euskarazko ereduan dituena, Pirritx eta Porrotxen kanten zalea, euskaltzale arrunta alegia, erretxinduta, asaldatuta, haserre itzuli zen Kataluniatik. «Han denek katalanez hitz egiten dizute; kontxo, lehenengo hitzetan bale, baina, gero, konturatzen direnean zuk ez dakizula, zergatik ez digute gaztelaniaz egiten, joder!» Zenbat aldiz ez ote ditugu entzun honelako erretorikak euskara eta Euskal Herriaren kontra egitearen susmotik libre dagoen jendearengandik? Aitzitik, Parisen ibili den inori ez diot entzun halakorik frantsesez egin diotelako. Non egin dio traizioa subkontzienteak inkontzienteki nire ikasleari? Zertan dago aldea?

Lehenengo alde nabarmena da Parisera joaten direnak Estatu frantsesera joan direla eta Kataluniara joan direnak, berriz, Estatu Espainiarrera. Paristarrek frantsesez egitea, gaztelaniaz jakin ala ez, errespetatu behar den gauza da; katalanek berriz, ez naute ni errespetatzen gaztelaniaz egiten diedanean; ez da zalantzan jartzen gaztelaniaz dakiten ala ez, jakin egin behar dute eta kito. Ondorioa sinplea bezain argia da: estatu propiorik eduki ezean ez zaituzte errespetatzen, ezta abertzaleenak ere.

Eta barka diezadatela euskararen aldeko borrokakide eta euskaltzalekide ditudan guztiek, ez baitiet etsipena eragin nahi, baina, euskal komunitatearen biziraupena ez datza soilik ez dakitenei irakastean, ikasteko metodologian asmatzean, identitate euskaldun kontzientzia izanaraztean, euskara erakargarri egitean etab., baizik eta horiek bazter utzi gabe euskalduna izan den, den edota izan nahi duen komunitate horrek errespetatua izango den estatu propioa berreskuratzean.

Arazoa, hortaz, nire ustez beti ere, ez da identitarioa, pragmatikoa baizik. Gu estatu franko-espainiarraren partekatutako zaintzapean gaude, beraienak baikara eta berea zarela uste duenak ez zaitu sekulan errespetatuko, ez emazte-senarra berea den bikotekideak ez eta zure hizkuntza altxor-kutxako bitxikeria besterik ez dela pentsatzen duenak. Egia biribila da estatu propio izateak ez duela segurtatuko hau euskalduna izango denik ez eta oraingoak baino justuagoa izango denik. Egia biribila ere da orain artean estatu franko-espainolek ez gaituztela sekula santan errespetatu ez eta errespetatuko ere. Eta are egia biribilagoa da, arazoa pragmatikoa izanik, errespetua gertuago izango dugula Euskal Herri osoa bilduko duen Europako Nafar Estatu propioan beste edonorenean baino.