Nafarroaren geroa

Iraingarria ere bada formazio eta ezagutza handiko pertsonei entzutea edo irakurtzea Euskadi-Euskal Herria gaiaz ari direnean eta gatazka ez dela nominala esan ondoren, mamiaz ezer esan gabe, jardun guztia izena gora eta izena behera soilik ibiltzea. Euskadi-Euskal Herria kontua, izen afera bada, baina, izanarena ere bai.

Izenarena, ondokoa bezain sinplea da kontua: Izan batek, objektu batek, bi izen edo gehiago izan ditzake, milaka izaten ditu, hizkuntza bakoitzean bereak. Euskaraz, udarea, madaria, txermena; erdaraz, pear, poire, pera… Baina denok badakigu, zehaztasunez jakin ere, zein fruituz ari garen. Bi izanek, ordea, bi objektuk, ezin dezakete izan guztiz izen bera, nahastea baitator bestela. Merkatuan bi auto baleude, bata Seat 660a eta bestea Mercedes 660a, eta zein auto duzun galderari «660 bat daukat» erantzuten badiozu, ez dago jakiterik zein autoz ari garen.

Hortaz, adostu dezakegu, arautu dezakegu, Euskadi eta Euskal Herria hitzek izan berberari egiten diotela erreferentzia. Gauzak horrela, ezin da esan Euskadiko mendirik altuena Aizkorri dela, Auñamendi hori baino altuagoa baita; ezin dugu esan Ibarretxe Euskadiko lehendakaria dela, ez baita Euskal Herritar guztion izatezko lehendakari. Adostu dezakegu, ordea, Euskal Herriak zazpi probintzietako euskaldunoi egiten diola erreferentzia eta, Euskadik hiru probintzietakooi. Honela gauzak, Euskal Herriko euskaditarrak, EHko goi nafarrak, EHko behe nafarrak, EHko iparraldekoak eta abar izango ginateke. Inoiz ez, Euskadiko euskotarrak baino gehiago.

Bada, ordea, Euskadi hitzari estatalitate esanahia eman nahi diona, Euskal Herria hitzaren kultura-hizkuntza esanahiaren aurrean. Hori diotenek, zeintzuk osatutako Euskadiz ari garen argitu beharko lukete eta jakin beharko lukete Sabino Aranaren aurretik bazegoela estatalitatea adierazten zituzten lurralde, hizkuntza, izan eta izena. Lurraldea, egun marrazten duguna baino zabalagoa, Errioxa, Biarno, Trebiño…, barne; hizkuntzak, asko, baina, bakarra nazionala: lingua navarrorum; izana, garaiko estatu independente batek behar zituen osagarri guztiak zituelako: gobernu-buru, ekonomia eta ogasun erakundeak, kontuetako ganbara, ejertzitoa eta abar; eta izena, Europa eta mundu osoan onartua eta errespetatua: Nafarroako erresuma. Geroztik, euskaldunok ez dugu izan inoiz estatu propio independenterik eta honen geroa guztion esku dago.

Nik ez nuen Sabino Arana ezagutu, eta onartzen dut bere asmo politikoaz ezagutza urria, baina, horretaz asko dakizuela esaten duzuenak ziur al zaudete «Euskotarren Aberria Euzkadi da», «Euzkadi es la Patria de los vascos» esaten zuenean, Espainiako Monarkiaren mendeko hiru probintzietako Komunitate Autonomoaz ari zela? Oker al zegoen Sabino Arana? Ez, Anasagasti jauna, zuek zabiltzate oker.

* Beñi Agirre. Euskara irakaslea, Gipuzkoako nafar herritarra