Legitimazio-kontuak nazio-eraikuntzan

Nazio-eraikuntza asimetrikoaren ajeak jorratu genituen aurreko artikuluan. Oraingo honetan nazio-eraikuntza asimetriko horrek nazio euskaldunaren identitate-ezaugarri nagusienetan nolako eragina duen ikusi nahi genuke. Alegia, Hegoaldean bizi gaituzten bi nazio-identitateen -bata euskalduna, espainola bestea- arteko hartu-emanetan nolako legitimazio-efektuak dabiltzan lehian.

Esan izan da frankismoaren azken urteetan nazio espainolaren hizkuntza, kultura eta identitatea orain baino deslegitimatuagoak zeudela gure herrian. Halako kontzientzia txar bat eragiten zuela espainiar hizkuntzan, kulturan eta identitatean bizi behar izateak. Horregatik edo, garai hartako abertzale erdaldun batzuek nahigo zutela gaztelania-aren izena erabili espainiera erabili ordez. Dirudienez, izen aldaketa horri esker, hizkuntzaren konnotazio nazional makurra ezkutatu nahi izaten zuten nolabait ere beraien kontzientzia nazional zalantzagarrian.

Legitimazio nazionalaren mekanismo psikologikoak eta ideologikoak kontraesan horien mendeko baldin bazebiltzan frankismoaren hondarrean, nola ote dabiltza orain? Euskaraz bizitzeko aukera erlatiboa izan eta erdaraz bizi den egungo abertzalearen kontzientzia nazionalaren baitan ba ote dago alegia orduko sentipen asaldatzailerik? Orduko hartan gaizki ikusia baldin bazegoen, zenbait giro abertzaleetan behintzat, egungo egoeran sortzen ote zaio nolabaiteko ondoez-sentipenik abertzale mota horri? Salbuespenak salbuespen, ezetz esango nuke nik.

Oso oker ez baldin nabago, abertzaletasunaren identitate-praxiak legitimatu egin ditu espainiar nazionalismo totalitarioaren hizkuntza, kultura eta nazio-izaera. Izan ere, nazio ukatzailearen hizkuntza, kultura eta identitate horiek frankistenak zirenean, edo egungo espainolisten diskurtsoan eta jardunean gauzatzen direnean, gurekiko behintzat ez dira zilegitzen. Aurreko horien hizkuntza, kultura eta identitatea ez baitira nazio euskaldunaren ezpalekoak. Baina zer gertatzen da, ordea, identitate-osagarri horiek abertzaletasunak berak bere egiten dituenean? Bere ezpalekotzat hartzen dituenean? Bere jardun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean darabiltzanean? Orduan, bistakoa denez, espainiar hizkuntza eta honi atxikirik dagoen espainiar nazio-kulturaren identitate guztia legitimatu egiten da nazio zapalduaren aldetik. Hementxe datza gure herria jasaten ari den autoetnozidio nazionalaren gertaerarik latzena. Etsaiak nazionalismo totalitarioa aplikatzea gauza bat da, baina, guztiarekin ere, ez dago itxaropen guztia zertan galdurik. Itxaropenak aurkituko ote du ordea zirrikiturik abertzaletasunak bere nazioaren oinarrizko identitate-zutabeak alde batere utzita nazio asimilatzailearen identitate-zutabeetan aberria eraiki nahi duenean?

Abertzaletasunak eragin duen hondamendirik handiena hori izan niri iritziz. Abertzaletasunak, batez ere hegemonikoak, nazio euskalduna eraikitzeko erakutsi duen ezintasuna ez da izan alde bakarreko efektua. Ez da izan alegia nazio euskaldunaren oinarriak ezartzeko gaitasunik eza soil-soilik. Aldi berean, espainiar nazio-eraikuntzan jardun du bete-betean; zeren eta, jakina, nazio-identitateen arteko sokatira horretan alde batek galtzen duena besteak irabazten du ezinbestez. Identitate-auziak bestearekikoan baizik ez dira eraikitzen edo eraisten. Beste modu batean esanda, nazio euskaldunaren aldeko jardunean ari ez den politika, ekonomia, gizartea eta kultura, espainiar nazio-eraikuntzaren alde ari da halabeharrez. Gizartea euskal identitatearen arabera ezaugarritzen ez baduzu, nazio espainolaren izaerako ari zara bihurtzen. Gizarteak ez direlako gizarte huts, nazio-gizarteak baizik.

Horiek horrela, zer lortu dute abertzaletasunaren aldaera guztiek nazio politikoaren aldeko hautua lehenetsita? Lortu dutena, besteak beste, honako hau izan da: nazio politikoaren aldeko jarrerak eta praxiak hizkuntza eta kultura ukatzailean gorpuztea, eta, horren ondorioz, jakina, nazio zapaltzailearen nazio identitate linguistikoa eta kulturala legitimatzea. Horra, beraz, paradoxa: alde batetik, abertzaleen jardun politikoak egiten duen nazio espainolaren deslegitimazio-lana daukagu -alegia, etengabeko kritika-; eta, beste aldetik, berriz, abertzale horien beroien praxi linguistikoak, kulturalak eta identitarioak legitimatu egiten dute politikagintzan deslegitimatu nahi duten nazio-izaera espainola.

Nazio kultural asimilatzailea legitimatzen digute beraz abertzaletasunaren nazio-eraikuntzan diharduten abertzale ia guztiek. Jakina, abertzaletasunaren aldaera guztiak ez dira berdin-berdinak. Batzuen nazio-proiektuan herri euskaldunaren lekua askoz ere zentralagoa da, eta euskararekiko erakutsi duten koherentzia nabarmenagoa. Oso nabarmena, nahi bada. Baina, nolanahi ere, ezker abertzalearen nazio-kontzeptuan nagusitu diren nazio-ezaugarriak ez dira izan nazio kultural euskaldunarenak, nazio politikoarenak baizik. Adierazgarria da oso, esaterako, honako eslogan hau ia inoiz ez erabili izana: espainierak espainol egiten gaitu.

Nazio politikoaren aldeko ahalegin politikoak askatzen gaituena, nazio kultural arrotzak lotzen gaitu.