Kutsatuaren erantzuna

Hile honen 16an, Alberto Barandiaranek, egunkari honetan, Sevillako Unibertsitateko doktorea den Francisco Espinosa elkarrizketatu zuen. Elkarrizketatuak zioen: «Hego Euskal Herrian (Nafarroan salbu) errepublikazaleen errepresioa frankistena baino handiagoa izan zen» eta, baita gure herrian erabiltzen ditugun datu errepresiboak ez direla fidagarriak, «kutsatuak» daudela eta ikerketa eskasa dela ere. Elkarrizketan aurrera egin ahala, ikerketetan salbuespen bat egiten zuen, Pedro Barrusorena, eta errepresio frankistari buruz datu harrigarri batzuk eman ondoren, honako mezu honekin amaitzen zuen: Euskal Herria fikzioa da eta fikzio horren zutabeak mito faltsuak dira. Bost puntu eta bost gezur.

Lehenengoa. Errepresio frankista errepublikazaleena baino hamaika aldiz gehiago izan zela. Errepublikazaleenak hilabete batzuk besterik ez zuen iraun eta frankistenak ia 40 urte. Errepublikazaleena Estatu kolpe bati erantzuna izan zen eta frankistena sistema errepresibo eta politiko oso bat (faxismoa). Hildakoak ez ziren biktima bakarrak izan, euskal gizartearen gehiengoa baizik. Orain ere gogorarazi egin behar da? Erbestea, espetxeak, kontzentrazio eta sarraski eremuak, torturatuak… Non zenbatzen ditugu biktima horiek guztiak?

Bigarrena. Euskal Herrian egindako ikerketak ez dira makalak ezta beste tokitan egin direnak baino hobeagoak edo txarragoak ere. Kutsatuak daude? Nitaz hitz egiten du Espinosak. Nire defentsan esan dezaket erabili dudan metodoa Nafarroan erabili duten antzekoa dela (Altaffaylla aipatzen du eredu; Altaffayllako ikerketaren azken bertsioa nik lortutako materialarekin egin da). Eta metodo honek ez du sekreturik: ahozko lekukoen testigantzak, erregistro zibilak, udal eta era guztietako artxiboak, kanposantuen zerrendak, espetxeetako eta militarren artxiboak… Herriz herri. Zergatik esaten du Espinosak ez dugula horrela egin? Madrilgo Gobernuan dagoen alderdian ez gaudelako? Oroimen Historikoaren Legearen aurka egon garelako? Euskal Herrian egin diren lanei azaltzen dien mesprezua iraingarria da. Andoni Lekuona, Oktubre taldea, Xabi Lasa, Txema Flores, Joseba Agirreazkuenaga, Iñaki Gil, Mikel Aizpuru… horien guztien lanak, ez dira existitzen?

Hirugarrena. Oker dabil Espinosa esaten duenenean Bizkaia dela, Barrusori esker, hobekien aztertutako herrialdea. Barrusoren lanak Gipuzkoa dute helburu eta ez Bizkaia. Begira dezala edozein liburutegitan. Eta Barrusoren iturrien falta nabarmena da. Bere zerrendetan ehunka hildakoren izenak falta dira, nahiz eta hauen izenak kanposantuetan egon, omenaldiak jaso edo lekukoek testigantzetan aipatu. Bitik bat kanpoan uzten du. Orain dela urte asko, beste batek, Salas Larrazabal kapitainak, krimenaren zenbakiak gutxitzeko horrelako metodoa erabili zuen.

Laugarrena. Hego Euskal Herrian errepublikazaleek 442 bizkaitar, 280 gipuzkoar, 42 arabar eta 5 nafar hil zituzten. Egun hauetan Sartagudan omendu ditugu Nafarroan frankistek hil zituzten 3.431 lagun. Gipuzkoan frankistek ia 1.100 lagun, 1.000 Bizkaian eta 300 baino gehiago dira Araban erail zituztenak. Nafarroan gertatu den antzera, ikerketatan aurrera egiten dugun heinean errepresaliatuen izenak handitzen doaz eta ez gutxitzen, Espinosak esaten duen bezala. Gaur egun, esate baterako, jakin badakigu 55.400 euskal hiritar auzipetuak izan zirela, neurri batean edo bestean, 1936 eta 1945 artean. Baita, 1938 eta 1958 artean, gutxienez 13.000 euskal hiritar kartzelatuak izan zirela. Eusko Jaurlaritzak, militar eta espetxeetako artxiboetan gordeta dauden espediente horien guztien kopiak baditu. Baita erbestera eraman zituzten 30.000 euskal haurrenak ere. Benetako zerrenda luzea izango litzake. Eta baita egin diren lanena ere, nahikoak ez badira, ere. Aipatu bestetik, Joan Mari Torrealdaik euskararen jazarpenari buruz egindakoa.

Bosgarrena. Mitoak lagunek eta baita etsaiek ere eraikitzen dituzte. Baita bertako eta bizilagunek sortu ere. Guri leporatzen dizkigute bizilagunek sortutakoak. Bitxia. Badago haize errebisionista bat euskal herriaren existentzia ukatzen duena eta, bide batez, bere aukeratzeko gaitasuna. Euskaldunak sentitzen direnak egia absolutua dutenengandik zuzenduak beharko lukete izan. Gaur egungo errealitatea interpretatzen duten moduan, historia interpretatzen dute. Horregatik errepublikazaleen errepresioa frankistena baino handiagoa izan zela esaten dute. Lotsarik gabe. Espinosaren leloa toki batzuetan entzun eta irakurri dugu: kutsatuta gaude. Eta kutsatuak gaudenez ez ditugu eskubide zibilak, noski. Ezta gure historia idazteko gaitasuna ere.