Etxeen prezioak erabat handitu dira, hain maila gorenean non hipoteka bati «inbertsioa» deitzen zaion. Argudioa honelakoa da: gaur egun X euro maileguz hartzeak, hurrengo Y urteren buruan 2X euro baino gehiago atzera ordaintzea dakar. Higiezin errealeko burbuilaren logikan, zorrak aberastasuna berdintzen du. Harriga- rria. Izan ere, soluzioa hitz soil baten inguruan biribildu daiteke: errenta. Errenta ekonomikoa, alegia, gauza baten jabetzaren ondorioz, norberak irabazten duen mozkina, irabazia. Hainbat forma hartzen ditu errenta horrek: lizentzia-kuota, aurrezki-kontu baten interesa, burtsa-balore baten dibidendua edo etxe bat saltzean lortzen den kapital irabazia. Giltza hauxe da: errenta ekonomikoa lortzeak ez du behar esfortzurik. Jendea rentier bilakatu da, errentadun alegia. Higiezin errealeko boomarekin, jende askok gaur aparteko zorrak har ditzake eta bihar izugarrizko kapital irabaziak lortu. Horixe da mezua.
Errealitatea, alta, bestelakoa da. Izan ere, higiezin errealeko burbuila kontu handiarekin puztu, eraiki egin dute, etxe-erosleen beita lortzearren. Amua diru erraza lortzea da. Tranpa peoi-sistema modernoa da, balioa azkar gutxitzen zaion aktibo baten zorra ordaintzeko, bizitza osoa lan egiten ematea.
Baina nahiz eta burbuilari esker zerbait irabazi, burbuila lehertuko da, eta jendea ez da biziko rentier handi modura, zor-morrontzan baizik.
Morrontzarako bide berri hori mailegu batekin hasten da, hipoteka baterako maileguarekin. Bankuek hipotekak bultzatzen dituzte, bezeroei esanez diru «gutxi» ordaindu behar dutela hilean. Bankuek ez daukate inolako presarik, gero hileko dirua berreskuratzearren. Bien bitartean, eraikinak gero eta gehiago depreziatu daitezke, nahiz eta jabetzaren merkatu-balioa handitu. Izan ere, higiezin errealeko inbertsiogileek beren errenta ekonomiko gehiena beren eraikinetarako «depreziazioko» zigorrean ezkutatzen dute, nahiz eta eraikin horiek merkatu-balioa irabazi (gainera, zenbait herrialdetan, gobernuek zerga-zama jabetzatik lan-indarraren eta kontsumoaren gainera aldatu dute. AEBetan kasu, kapital-irabaziak ez dira zergatzen: Michael Hudson, 2006, «The new road to serfdom»).
Dena den, azken urteotan etxe-jabetzarako inbertsiorik handiena ez da izan etxe baten jabe izatea, edo zergak alboratzea, aurrera joateko betiko itxaropena baizik: X euroko etxe baten prezioa, urte konkretu batean %15a handitzen bada, jabeak 0,15X euroko kapital-irabazia jasoko du. Horrelako jabe askotxo biharko kapital-irabaziak gaur saltzen ari dira etxeko kapital propioko maileguak hartuz. Faktore horien guztien ondorioz, gero eta jende gehiagok jo du higiezin errealeko merkatura eta etxearen prezioak handitzen dira (azken hamar urteotako datuak begi bistakoak dira.) Hazkunde hori kontsumitzaile-prezio indizea baino azkarrago doa, nahiz eta etxe-kostuak ia bertsuak izan. Horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok diru gehiago zor diela bankuei. (AEBetan zor hori amerikar Barne Produktu Gordina baino handiago izan daiteke hamarkada honen bukaerarako: Hudson, 2006).
Baina boomak ezin du betiko iraun. Hazkundea geldituko eta merkatua apurtuko da. Hori ulertzeko, teoria ekonomikoari begiratu behar zaio. Ez soilik produkziogileen eta kontsumitzaileen arteko ohiko harremanari. Keynesez geroztik, gobernuak ere rol adierazgarria jokatzen du ekonomian. Kontua da hirugarren eragile bat sartu dela ekonomian aspalditik: FIRE sektorea, hots, Finantza (Finance), Asegurua (Insurance) eta Higiezin erreala (Real Estate). Sektore horrek erabat aldatu du ekonomiaren funtzionamendua (Hudson, 2004, «Saving, Asset-Price Inflation, and Debt-Induced Deflation»).
FIRE sektorean interes ondarea esponentzialki hasten da: (1) interesa denborarekin konposatzen den heinean, zorra bikoizten da eta gero, berriz bikoizten da; eta (2) interes-ordainketak arin birziklatu daitezke zor handiagoan. Zenbat eta interes gehiago ordaindu, orduan eta mailegu gehiago luzatzen dute bankuek. Eta mailegu berri horiek, beren aldetik, higiezin errealerako eskari gehiago bultzatzen dute ¯hortaz, etxe-jabeei are mailegu gehiago hartzea permititzen zaie etorkizuneko kapital-irabazien esperoan¯.
Ekonomia berri hori «rentier-ekonomia» dei daiteke. Ametsa hauxe da, alegia, FIRE sektorea handitzea, zergak ez ordaintzea eta boomean parte hartzea. Ez da behar lan egitea, edo zerbait produzitzea, ezta teknologia berrirako eta azpiegiturarako inbertitzea ere. Interes konposatuen mirakuluak gutariko bakoitza rentier bilakatuko du, interes, dibidendu eta kapital-irabaziak jasoz.
Errealitatean, ordea, ezin gara guztiok rentier izan. Rentier-klaseak zordun pilo bat behar du. Ez dago beste biderik (izan ere, AEBetan azken bi hamarkadetan, ipar amerikar gehienek errenta-pastelaren beren zatia gutxitzen ikusi dute. Nahiz eta higiezin errealeko pastelak, oro har, handitu egin. Bakoitza pixka bat aberatsago bilakatu da, baina jende aberatsa are aberatsago bihurtu da, askoz aberatsago).
Kontua da ekonomia erreala (produktu eta zerbitzutan aritzen dena) ez dela esponentzialki hazten, ezta lerro zuzenean ere, S kurba baten bidez baizik. Negozioak onak direnean, lan-indarrerako, baliabideetarako eta krediturako eskaria handitzen da; horrek alokairu, prezio eta interes-tasak areagotzen ditu, zeintzuek, beren aldetik, ekonomia depresiorantz jotzen baitute. Hauxe da interes konposatuen mirariaren bukaera. Negozio-zikloak beherantz jotzen duenean, zordunek ezin dute ordaindu, eta haien zorrak porrota ekonomiko bati daude lotuak (mailegu txar horietan inbertiturako aurrezki guztiekin batera).
Etxeen prezioak izugarri handitu dira, erabat puztu. Joerak horrela segitzen badu, hala etxe-jabeak nola bankuak galeretarako arriskuan egongo dira. (Hori jadanik ikusi da AEBetan, zeren etxeak merkatu baitira: prezioak merkatzen ari dira nahiz eta erosleen hipoteka totalak berdin dirauen edo handitu). Azkenean etxearen prezioa jarriko da etxe-jabeek zorduntzen duten baino beheragoko mailan, ekonomialariek «ekitate negatiboa» deitzen duten egoeran. Ekitate negatiboko etxe- jabeak harrapaturik daude: ezin dute saldu -merkatu-prezioak ez du estali haiek bankuari zor diotena-, baina oraindik bankuei hileroko ordainketak egin behar dizkiete. Haien aukera bakarra beste arlo batzuetan gastatzeari uztea da (kontsumoa gutxituz) edo etxea -eta beragatik ordaindu zuten guztia- galtzea hipoteka ez ordaintzeagatik.
Higiezin errealeko booma «askatasun ekonomikoaren» promesarekin hasi zen. Baina gero eta langile gehiagok zor-zerbitzuko bizitza osorako harrapaturik bukatuko dute segur aski. Ekonomia ere murriztuta egon daiteke: gero eta zor-zerbitzuko ordainketa gehiagok beste kontsumitzaile-gastu batzuetatik errenta desbideratuko dute, zorrak berak iraungo duen bitartean. Morrontzarako bidea irekita dago, baita Euskal Herri osoan ere.