Haustura globala

Egungo politika eta ekonomia neoliberalei aurre egiteko, hona hemen dekalogo antzeko bat; Hudson-en proposamena besterik ez da (Global Fracture, 2002, bigarren edizioa, sarrera):

1. Mundu ordena berri batek gobernu-kreditua hornituko luke, aurrekontu defizitak finantzatzeko, inbertsioak bultzatzeko eta langabeziari aurre egiteko. Ez dago inongo argudiorik edozein gobernuk AEBek egiten dutena egin ez dezan, alegia, aurrekontu defizitak izatea barneko merkatu eskaria jasotzearren, lan-indarra enplegatuta mantentzen duen maila batean.

Nahiz eta monetaristek esan gobernu-kreditua inflaziogilea dela, ez dago arrazoirik esateko gobernu-kreditua inflaziogileagoa dela kreditu pribatua baino. Kreditu publikoa epe luzean bizitza-estandarra hobetzen duen moduan gastatu ohi da; bankuek, aldiz, nahiago dute finantzatzea jabego burbuilak edo jadanik existitzen diren aktiboak eta higiezin errealak bereganatzea.

2. Nazioarteko zorrak barneko monetan izendatzea eta zor-zerbitzua ordaintzeko ahalmenean jarri. Herrialde gehienen garapena hobe daiteke teknologia eta kapital-ondasunak inportatuz. Baina zor-menpekotasunekiko azken mende erdiko esperientziak erakutsi du mailegu hartze hori soilik norberaren monetan egin behar dela, soilik moneta horren balioa eduki baitaiteke kontrolpean . Autodeterminazioa desiragarria baldin bada, ondorioztatzen da moneta eta zor kontrola sine qua non-eko baldintzak direla.

Helburua garapena bultzatzen duen balantza ekonomikoa lortzea da, ez soilik birbanaketa bat. Amerikar diplomatikoek finantza-oreka honela definitzen dute: atzerritar banku zentralek AEBetatik erosi behar duten Altxor Publikoko zor-kopurua. Erosketa horrek AEBetako aurrekontu defizita finantzatzen du, barneko zergak murrizten dituen heinean. Hortaz, badirudi merkataritza oreka atzerritar herrialdeek AEBei hornitu behar dieten produktuen bolumena dela, hiritar amerikarrek beren bizitza mailari eustearren, nahiz eta atzerritar ekonomia horiek desindustrializatu eta populazioa rentier bilakatu.

3. Lurra, lur azpiko ondasun minerala eta pribatizatuak izan diren natur monopolioak zergapetzea. Zergapetze horren bertutea hauxe da, industria eta lan-indarrean ezarritako zama fiskala arintzea. Zerga sistema alokairuetatik eta industrial mozkinetatik naturak eta energia monopolioek produzitutako errenten ibiltze aske-ra igaro behar da. Rentier direlakoen aktiboen errenta berreskuratu beharko lukete gobernuek.

4. Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), Mundua Bankua (MB) eta Munduko Merkataritza Erakundea (MME) ordezkatzeko, nazioarteko erakunde berriak antolatzea. Erakunde horiek ordezkatu behar dira, ez baitira erreformagarriak.

5. AEBetako tarifa-babesen eta dirulaguntzaren antzekoak erabiltzea. 1950eko hamarkadan NBEko ekonomialariek lur erreforma oinarritzat hartu zuten janari-defiziteko herrialdeei beren garau propioa hornitzeko, eta ez inportazioetan oinarritzea. Europatik eta AEBetatik kanpo, politika horrek MME delakoaren merkataritza libreko printzipioen inposizioarekiko haustura suposatzen du. Beste alternatiba ezaguna da: janari menpekoak diren erregioek AEBetatik uzta-superabitak inportatzea, eta AEBek produzitzen ez dituzten landare tropikalak AEBei hornitzea.

Nekazaritza eta industria modernizatzearren, Europak eta AEBek beren industria eta nekazaritza iraultzetan egin zutena egin behar dute herrialde horiek ere: hots, babes-tarifak hornitzea behar den kapital inbertsioari dirulaguntza emateko. Beste hitzetan esanda, egin behar dute gaur egun AEBek egiten dutena, eta ez haien diplomatikoek esaten dutena.

6. AEBetako Altxor Publikoko bono-standarri alternatiba ematea. Ordainketa-balantzako superabitak dauzkaten atzerritar herrialdeak AEBetako Altxor Publikoari ad infinitum maileguak ematera behartuta daude, beren banku zentralek erreserbak edukitzeko. Aurrezki horiek AEBetako finantza-sistemaren parte bat dira; ez dira erabiltzen herrialde horien ahalmen produktiboa eraikitzeko. Mailegu horien baliorako, ez dago moneta sendo baten bermerik.

1971 baino lehenago muga bat zegoen, herrialdeek beren atzerritar truke erreserbak urrean edukitzen zituztelako, metal hori erabiliz nazioarteko balantzak moldatzeko. Gaur egun, horrelako aktibo bat izan ezean, edo Europako eta Asiako ekonomiek jaulkitako monetak erreserba gisa erabili ezean, arazoa soilik konpon daiteke dolar superabitak gastatuz.

Aukerarik egokiena eta simetrikoena hauxe izango litzateke: AEBei eurek beste herrialdeei behartzen dieten bera behartzea, hots, dolar edukitzaileei baimentzea AEBetako baso eta natur baliabideen, puntako teknologiaren eta industriaren kontrola erostea. Beste aukera bat da atzerrian jabeturiko dolar superabitak erabiltzea AEBetako korporazio inbertsioak erbestean erosteko. Azken aukera bat hauxe litzateke, monetak depreziatzen ari direneko herrialdeei esportazioetarako diru-laguntzak hornitzea.

7. Atzerriko ihes-kapitala eta zergapetzerik gabeko gune bereziak isolatzea eta transfer-prezioak erregulatzea.

8. AEBetako hedapen militarraren gaineko mugak. Ch. Johnson-ek dioenez (The Sorrows of Empire), «AEBek 725 base militar dauzkate munduan 132 herrialdeetan. AEBen base horiek inperio berri bat osatzen dute, enklabe militarren inperioa, ez aspaldiko kolonien inperioa (…) Munduko ozeanoak eta itsasoak menperatzeko…». Hori gutxi balitz bezala, AEBak espazioa militarizatzen hasi dira satelitetan oinarritutako armekin.

Gastu ikaragarri horrek AEBetako ordainketa-balantza defizita eta aurrekontu defizita, biak areagotzen ditu, zeintzuk Europako eta Asiako banku zentralak ordaintzen ari baitira.

Inperioaren kostuen eta egoera ekonomikoa deuseztatzearen arteko lotura birjartzean datza handinahi inperialak alboratzeko giltza. Inongo nazio ez da gai izango bere kabuz gastu horiek ordaintzeko, teknologia militarren gaur egungo gastuak kontuan hartzeko.

Indar militarren giltza inperio-kostuak periferiari igortzean badatza, inperioa deuseztatzeko giltza igortze horren aurka aritzean datza.

9. Teoria post-liberal berriaren beharra, irabazitako eta ez-irabazitako errenta bereiziko dituena. Gaurko baldintzapean ‘merkatu fundamentalismoak’ gobernuaren gaineko finantza-menpekotasuna esan nahi du. Beste plangintza zentralista bat da, ez plangintzarik eza. Dependentzia behartzeko plangintza mota bat da, ez autosufizientzia baterako plangintza. Egokiago eta baketsuago den biharko mundu-ordena batek joera hori aldatu beharko luke, plangintzaren boterea finantza-erakundeen gainean jarriz.

Kapital inbertsioa eta enplegua amortizatzeko ez dira behar ez atzerritar maileguak, ezta atzerritar aurretiko aurrezkiak ere. Kreditu nazionala edozein herrialdek produzi dezake, izan ere, berori subiranotasunaren ezaugarria baita. Barne merkatuak garatu behar dira, eta ez AEBetako kontsumitzaileen eta gastu militarren atzean egotea.

Irtenbidea politiko eta ekonomikoa da. AEBen diseinu inperialak finantza-herstura aldarrikatzen du; behar dena ekonomia modernizatzea da, AEBek berek jarraitu duten ibilbidea bera ibiliz, hots, subiranotasunari eutsiz.

10. Azkenean FIRE sektoreak egungo ekonomian daukan zeregina eta garrantzia aztertu behar dira. Izan ere, Finantza, Aseguru eta Higiezin Errealeko sektoreak erabat aldatu du egungo ekonomia.

* Joseba Felix Tobar-Arbulu; Ingeniaria