Euskal Pen Cluba eta Iñaki De Juana

Euskal PEN Clubeko kideei zuzendu diedan gutun hau jendaurrera eramatera ausartu naiz PEN Clubak Txalaparta argitaletxeko idazle den Iñaki de Juana Chaosi 12 de octubre ospitalean elkartasuna ez agertzeko hartu duen erabakiak haserre bizian jarri nauelako.

Luze eta zabal eztabaidatu daiteke Iñakiren egoeraz bai eta egoera honetara eraman duten faktoreez. Eztabaida hauen gainetik, bi gauza daude argi: batetik, egunkari batean bi artikulu idazteagatik dagoela gaur egun Iñaki kartzelan eta, bestetik, eskubide hori era baketsuan defendatzeagatik dagoela hilzorian.

PEN Clubak uste badu kartzelan idazteagatik dagoen idazle bati elkartasuna adieraztea bere bizitzari eta bere izaera osoari babesa ematea dela (bere aitatasunari, bere liburuei, bere militantziari…), akaso PEN Clubaren arauak ez ditut ulertzen ala hauek berraztertu behar dira. Nik ez dut Hrant Dink kazetari turkiarraren bizitza ezagutzen eta, beraz, ez dakit PEN Clubak bere hilketa salatzen duenean NBEri buruzko edo emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko bere ikusmoldea babesten ari ote duen. Akaso ez nator horiekin bat eta, beraz, hobe hilketa hori ez salatzea, ezta?

Irrigarria litzateke planteamendu hau eta PEN Clubaren jarduera ezinezkoa bilakatuko lukeela deritzot. Horregatik PEN Clubak, nik dakidala, adierazpen askatasuna defendatzen du munduko bazter guztietan eta eskubide hori urratuta duten idazleei elkartasuna eskaintzen die, langile onak diren, feministak diren, Irakeko gerraren aurka dauden ala lapurrak diren aintzat hartu gabe. Zergatik Iñaki de Juana Chaosen kasuan ez da gauza bera egiten?

Ez diot galderari ganorazko erantzunik aurkitzen. Akaso erratuta nagoena ni naiz ze, bietako bat: ala beto mota horiek ezartzen dituztenak PEN Clubean ez daukate lekurik, ala neu naiz PEN Clubean lekurik ez daukadana.

Eskerrak Euskal PEN Clubak adierazpen askatasunaren aldeko borrokalari finak ere badituen; 12 de octubrera bertaratutako lagunak lekuko. Bestela zeinek ekarriko liguke askatasunaren alde borrokan dagoen gizon paregabe horren egoeraren berri? Zein hurbilduko litzateke bere esku hezurtsua ferekatzera? Eskerrak…

Besarkada estu bat, Iñaki. Eutsi gogor!