Usurbilgo Herriari

Usurbil_jaia1

Usurbil_jaia2

Usurbilgo jaien karietara, herriko lagun talde batek nafar bandera udaletxeko balkoian jartzea eskatzen dugu, Euskal Herriko bandera nazionala denez gero.

Izan ere, egun hauetan Albako dukearen inbasioa eman zenetik 500 urte betetzen dira, Nafarroako lurralde gehiengoaren independentziarekin amaitu zuen ekintza alegia. Beste konkista batzuk ere izan ziren (1200; 1463…), eta nafar Estatua Behe Nafarroan beste ehun urtez iraun zuen. Baina 1512ko konkista Nafarroaren independentzia galera ekarri zuen ekintza bezala iltzatu da gure memorian.

Mendetan zehar Nafarroan izan dugu gure Estatua, historikoki euskaldunek izan duten lurralde subirano bakarra, bere hizkuntza, kultura eta nazio arteko presentzia propioarekin. Gure herrian sortu diren beste formula politiko guztiak (foruak, probintziak, autonomia…) mendekotasunezkoak izan dira, aurretiazko konkista batetik eratorriak.

Gaur egun gizarteak antolatzeko formula egokiena demokrazia dela ez du inork zalantzan jartzen. Literalki “demos”aren boterea esan nahi du, subiranotasuna herriarengan datzala alegia. Alabaina, gurean ez da horrelakorik gertatu. Gure herria ez da burujabea; ez du aukeratzeko eskubiderik; existitu ere ez da “existitzen”. Ez da “demos” gisa onartua, eta horregatik, ez du bere izateari dagokion eskubidea aldarrikatzerik.

Horregatik ezinbesteko dugu gure izatearen elementu guztiak berreskuratu eta indartzea.

Bandera nafarrak mendetan zehar izan ginenaren testigantza ematen digu. Beste sinbolo batzuekin eztabaidan sartu gabe, Luis Correa gerra kronikariak deskribatu zuen hau zela Albako dukearen aurka borrokatu ziren nafarrek erabiltzen zuten bandera. Gure herri independentearen sinboloa da beraz. Are gehiago, nafar izatearen kontzientzia adierazten du, askatasuna mantentzeko dugun borondatea  eta nahia.

Gure borrokaren, izateko nahiaren, independentziaren ikurra. Europan zegoen Estatu nafarraren bandera ofiziala. Gure presentziaren adierazgarria; kapitel, katedral, erakunde, zigilutan… aurki dezakegun ondare irudikaria.

Bandera nafarra gure historia da, gure belaunaldiaren eta Fernando Faltsutzailea eta Albako dukearen aurka egin zuen jendearen arteko lotura. Ikur honi uko egiteak, garaitzen gaituzten bakoitzean ezerezetik hastera etsituak izango garela esan nahi du ezinbestean, eta gure ondarea garaitu gaituen hari eskaintzen diogula, erabateko mendekotasuna erakutsiz.

Baina bandera nafarra etorkizuneko ikurra da ere. 500 urtez okupatuak izan ondoren bizirik mantentzen den giza taldea adierazten du, mundu zabalean bere identitate eta kulturarekin propioekin, inposatutako menpekotasunetatik at, egon nahi duena. Ez dugu morroiaren estatusa nahi; gure burujabetasunean oinarriturik gizarte askea eta osoa izan nahi dugu. Eta askatasunaren ikusmolde hau bandera nafarrean dago islaturik, herrialde independente baten sinboloa izan zen aldetik.